rssgaur8 logotipoa

Agur 2008

2008. urtea badoa, eta Belgikari dagokionez, hasi zen bezala doa. Estatuaren erreformarako akordiorik gabe eta Gobernuak dimisioa aurkeztu berri duelarik. Leterme Lehen ministroak 4 aldiz aurkeztu du dimisioa dagoeneko. 2009. urtea aurrekoa bezain mugitua izango da. Flandestar gobernurako eta Europako Parlamenturako hauteskundeak izango dituzte ekainean eta inkestei kasu egiten badiegu independentzia aldarrikatzen duten alderdi ezberdinek inoiz baino bozka gehiago lortuko dituzte.

Eskozian independentzia inguruko erreferenduma ospatzeko aurrera pausu garrantzitsuak eman dituzte.. Groenlandian autonomia handiagoaren aldeko hautua egin dute, eta autodeterminazio eskubideari eta independentziari ateak modu ofizialean ireki dizkiete. Faroe Uharteetan gobernu aurrerakoi eta abertzalea osatu dute, eta 2010ean erreferendum bat ospatzeko akordioa erdietsi dute.

Irlandarrak (hegoaldekoak) ezetz esan diote Lisboako itunari, eta badirudi erabaki hori Europako agintariei ez zaiela gustatu eta erreferenduma berriz ere errepikatuko dutela. Nahiz eta kanpainan zehar Irlandako agintari ezberdinak behin baino gehiagotan esan, erreferenduma ez zela errepikatuko, eta irlandarrek harturiko erabakia errespetatuko zela. Iparraldean ere urte oparoa izan da, eta bake akordioan adosturikoarekin aurrera jarraitzen dute, Irlanda batutik inoiz baino gertuago daudelarik.

Malmon, Europako Jendarte foroa ospatu da, eta foroen eredua agortua dagoela eta mugimendu sozialak elkarrekin lan egiteko beste formula batzuk bultzatu behar dituztela argi geratu da.

Eta gurean ere gauza asko gertatu dira aurten. Onak eta txarrak. Independentistok aurrera jarraitu behar dugu, estrategia eraginkorrak hautatuz, eta daukagun indarra eta gaitasuna sinetsiz. Asko gara!

Europako Hauteskundeak

2009ko ekainean Europar Parlamenturako hauteskundeak burutuko dira.

Ezker Abertzaleak birritan izan du ordezkaritza Europako Parlamentuan, 1989 – 1994 eta 1999 – 2004 legealdietan hain zuzen.

Estatu Espainola barruti bakarrean banatzen da Europako hauteskundeetarako, eta baldintza horrek, asko zailtzen du diputatua lortzeko aukera. Bozka kopuru oso handia lortu beharra dago eta. Kontuan izan Ezker Abertzalea dela, orain arte behintzat, gurean hauteskunde hauetara bakarrik, beste alderdiekin koalizioa osatu gabe, aurkezten den alderdi politikoa. Izan ere, PNV, CIU eta BNGrekin batera aurkeztu ohi da, eta Eusko Alkartasuna aldiz ERC eta Chunta Aragonesistarekin batera.

Hala ere, esan bezala, birritan lortu du eurodiputatua.

Ezker Abertzaleak Eurodiputatua izan duenean, bere nazioarteko lana, eta bereziki Europan burutzen duen lana, areagotu egin da. Karmelo Landa eta Koldo Gorostiagak eginikoak goraipatuko nituzke, besteak beste. Aipatu beharrik ez dago, gure herriko gatazka konpontzerako bidean Europan lan egitea izan dezakeen garrantzia.

Azken urteetan Europako estaturik gabeko hainbat herrik independentziarako bidean ematen ari dituzten urratsak ikusirik, Euskal Herriko kasua Europan kokatzea inoiz baino garrantzitsua suertatzen da. Beharrezkoa.

Ezker Abertzalearen nahia Europar Parlamentuan ordezkatua egotea da, ziur nago horretaz. Tamalez, Ezker Abertzalea Europan ordezkatua egoteko duen zailtasun handiena ez da bozka kopuru zehatz bat lortzea. Espainiako estatu ez demokratikoak legez kanpo utzi ditu ezker abertzalearen ordezkari instituzionalak, eta ez du Ezker Abertzalea Europako hauteskundeetan parte har dezan utzi nahiko. Horretarako Ezker Abertzaleak aurkeztuko dituen hautagaiak legez kanporatuko ditu.

Azken aldietako emaitzak aztertu ezkero optimista izateko arrazoiak badaude. 89. urtean eurodiputatua lortu zuten, 94ean ez, 99an berriz ere lortu, 2004ean behin ere galtzeko. Argi dago beraz, 2009an Ezker Abertzaleak Eurodiputatua lortu behar duela!

Espainiako PPren Krisia

Espainiako Alderdi Popularra krisian dago. 2004ko martxoak 14tik burua altxatu ezin dabil, barne lehia gogorrean murgilduta. Euskal Herrian, UPN-PP banaketa eta Maria San Gilen desagertzea dira horren adibide nagusiak.

Estatu espainiarrean, gatazka ideologiko sakona bizi dute bi sektorek. Honela, Mariano Rajoy kontserbadoreak, alderdia Europako alderdi demokrata kristauen pareko nahi du. Bestetik, Aguirre, eta batez ere Aznar Presidente ohiak, PPren alde liberalena babesten dute.

Madrilen, azaroak 22an Las Rozaseko luxuzko herri gunean, Madrileko PPko gazteak bildu dira. Hauek, ponentzia neoliberala onartu dute, George W. Bush beraren eskuinera kokatu daitekeena inongo zalantzarik gabe. Krisi ekonomikoaren aurrean, eredu ekonomiko kapitalistari babesa ematen diote eta Estatuek hartu dituzten erabakiak kritikatu dituzte. Europan inork horrelakorik aldarrikatzen ez duen arren, sindikatuek estatutik jasotzen dituzten subentzioen amaiera eskatu dute, eta horrekin bakarrik pozik ez baizik eta gutxieneko soldataren aurkako jarrera ere erakutsi dute.

Casado gaztearekin batera, Aznar eta Aguirre egon ziren ospatu ekitaldian. Aguirrek, faxismoaren garai ilunenetako diskurtsoa bota zuen, Miguel Angel Blanco eta Che Guevara alderatuz, ona eta gaiztoaren adjektiboak ezarriz. Estatuen eskusartze ekonomikoa totalitarismoarekin alderatu zuen. Aznarrek, neoliberalismoaren defentsa sutsua egin zuen, egungo krisiaren ardura eman den ekonomia arautzeei leporatuz.

Rajoyk lan zaila du etxe barruan. Europako eskuindarrak bezala izan nahi du baina ezin du. Baina lortuko balu, aldaketaren bat egongo ote zen Euskal Herrira begirako estrategian? Ez dugu uste, baina erantzuna, 2012aren ondoren izango dugu, Espainian Hauteskundeak egiten direnean.

www.basquefriendship.eu

Internetean gora eta behera ibili naiz, Azaroaren 11ean Europako Parlamentuan Euskal Herriko gatazkaren konponbideari buruz burutu zen konferentziaren inguruan informazioa bilatuz.

Eta hara, non aurkitu dudan Friendshiparen webgunea edo bloga. Ez nekien existitzen zenik, baina bertan Friendshiparen izaera eta lanari buruzko informazio asko dago. Begirada bat emaiozue eta ea zer deritzozuen.
Era berean, interesgarria iruditu zait bertan eskegita daukaten News-lettera edo buletina.

Ondo legoke informazio eta gune honen berri ahalik eta toki gehienetara zabalduko bagenu ezta? Ni ez naiz oso trebea ordenadore kontu hauekin, baina ziur naiz blog hau irakurtzen duzuenetatik, ez asko, badagoela horrelako gauzak egiten dakienik. Hara ba, ea denon artean zertxobait egiten dugun. nire ustez, gatazkaren konponbidean laguntzeak pena merezi du eta…