rssgaur8 logotipoa

Iparraldeko Haizea

Espainiar demokraziak ez ditu Europako estandarrak betetzen.

Europa mailan Euskal Herriko gatazkaren inguruan espainolak ematen dituzten argudioak entzun nahiko nituzke. Are gehiago Europako politikarien harridura aurpegiak ikusi.

Groenlandiak erreferenduma burutu berri du eta ez dirudi Danimarkak tankeak bidaliko dituenik iparraldean dagoen irla handi horretara. Are gehiago, groenlandiarrek erabaki dutena errespetatuko du.

Berdin-berdin gertatuko da 2010ean Faroe uharteko biztanleek konstituzio berria onartuko dutenean erreferendum bidez.

Eskoziak edo Flandesek independente izan nahi dutela noizbait erabakiko dutenean zer gertatuko da? Ba kasu hauetan gertatu beharko litzatekeena, hau da, independentzia lortuko dutela.

Europar Batasunean dagoen Euskal Herriak aldiz, ez dauka eskubiderik bere etorkizunaren inguruan galdeketa bat burutzeko, are gehiago, bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea ez dauka. Autodeterminazio eskubidea ez du onartua. Eta zergatik? Ba espainiar eta Frantziar gobernuak horrela diotelako. Demokraziaren ikuspegitik ez daukate inolako argudiorik, eta ziur Europa mailan euskal herriari buruz galdetzen dietenean lotsaz gorritu egiten direla. Hori lotsa apur bat baldin badaukate behintzat.

Europako mapa asko aldatzen ari da azken urteetan, eta gehiago aldatuko da datozenetan. Euskal Herriak izaten jarraitu nahi badu, independentzia da lortu behar du. Independentzia lortu ahal izateko Autodeterminazio eskubidea, erabakitzeko eskubidea, guztiz beharrezkoa dugu. Bizi dugun gatazkaren konponbidea autodeterminazio eskubidearen onarpenaz ere dator.

Horretarako nazioartean egin behar dugu lan, eta bereziki Europan. Nazioarteko errespetua eta aitortza bereganatu behar ditu, hitzak ongi dioen bezala Nazio arteko harremanetan oinarritu gure lana. Naziotik naziora.

Internazionalismoa gorian

Txalaparta argitaletxeak, bi liburu atera berri ditu garai urrunekoak diruditenak. Lehena, Pakito Arriaran, Arrasateko euskal gudariaren ibilia jasotzen duena. Bigarrena, El Cartel Rojo, bigarren mundu gerran Parisen borrokatu zuten partisauen historia.

80ko hamarkadan, Erta Amerikan gerrillek sekulako indarra zuten; batetik Nikaraguan matxinoen garaipena, Somoza garaitu ostean. Bide beretik Guatemala eta El Salvadorreko borroka iraultzaileak. Zenbait euskaldun ibili ziren saltsa horietan, eta Pakito Arriaranek bertan eman zituen bere bizitzako azken urteak, ejertzitoak erail zuen arte. Arrasaten egin zitzaion azken omenaldian, 1985eko urrian, milaka lagun bildu ziren, garai horretan Euskal Herrian eta El Salvadorren bizi ziren prozesuen bat egite historikoan.

40 urte lehenago, Naziek okupatutako Parisen, ezkerra, eta konkretuki frantziarrak ez ziren ezkertiarrak, Hollywoodeko filmetan jasoa izan ez den arren, gerrilla izugarri garrantzitsua eraikitzeko gai izan ziren. Honela, errumaniarrez, armeniarrez, hungariarrez eta poloniarrez osatutako judutar eta komunistek, sekulako triskantza eragin zuten nazien ejertzitoan. Trenen aurkako erasoak, granadak jaurtiaz eginikoak, etab.

Internazionalismoa, urteen poderioz galtzen joan den balore iraultzailea da. Munduan, hamaika herri baina borroka bakarra dagoela ulertu zuten gure aurreko generazioek. Honen adibide dira Espainiako nazioarteko gerran parte hartu zuten brigadistak, Bigarren Mundu Gerrako nazioarteko partisauen taldeak, edota 70 eta 80ko hamarkadan Latinoamerika osoan ibili ziren mundu osoko ezker militanteak.

Txalaparta argitaletxea, ezinbestekoa da gure herrian. Are gehiago horrelako lan borobilak jasotzen direnean, non munduko borroka guztien arteko lotura agerian geratzen zaigun begien aurrean. Datozen urteetan internazionalismoak gora egingo du, ekonomia globalizatuari aurre, batera egin behar bai diogu. Hori ulertzean, herrien askatzetik gertuago egongo gara.

Gatazka konpondu?

Azaroaren 11ean konferentzia interesgarri bat egon zen Europako Parlamentuan: Gatazka Konponbidea Europar Batasunean. Azaroak 11 jai eguna da Europako hainbat herrietan. Lehenengo Mundu Gerraren armistizioa ospatu egiten da. Aurten gerra horren amaieraren 90. urtemuga ospatu dugunean Euskal Herriko gatazka bere horretan dirau.

Hitzaldia Europar Parlamentuan lanean 3 urte dabilen “Friendshipak” antolatu zuen. Bairbre de BrĂșn europar diputatuak, Europar Batasuneko instituzioak Irlandako bake prozesuan emandako laguntza azaldu zigun.

Ondoren Brian Currin eta Raymond Kendall-ek hartu zuten hitza. International Initiative for Peace and Dialogue in the Basque Country taldearen izenean. Euskal Herriko gatazkaren konponbidearen alde lanean dabil talde hau, 2007ko urrian sortu zenetik. Roelf Meyer eta Nuala O’Loan dira talde honen beste bi kideak.

Hego Afrika eta Irlandako bake prozesuetan protagonismo zuzena izan zuten Roelf, Brian eta Nualak. Raymond Kendall aldiz, Interpoleko zuzendaria izan da hainbat urteetan.

Azken urtean egindako lanaren ostean, beraien ustez Euskal Herrian bakea lortzeko beharrezko baldintzak zeintzuk diren azaltzera etorri ziren Europako Parlamentura. Baita ere, orain arte, konponbiderako bidean batzuek eta besteek gaizki egin dituztenak azaltzera. Haien ikuspegi eta esperientziatik beti ere.

Euskal Herriko gatazkaren konponbidea, Nazioarteko adituen ikuspegitik. Eta guzti hau, Europar Parlamentua bezalako eskenatoki batean. Nik dakidala, erratua banago zuzendu iezadazue, lehenengo aldia da horrelako hitzaldi bat Europako Parlamentuan antolatzen dela. Esan bezala beraz, oso konferentzia interesgarria. Egondako asistentzia handia eta kualifikatua izan duen garrantziaren beste adierazle bat da.

Interesgarria behintzat Euskal Herriko gatazkaren konponbidean interesa duen ororentzat. EITB, Gara eta Berria dira honen inguruan informatu duten euskal komunikabide bakarrak. Espainia aldean ez da egon honen inguruan informatu duen komunikabiderik. EEBBtako hauteskundeei eman dioten jarraipena ikusirik harritu egiten nau. Edo, agian gainontzeak ez dute gatazkaren konponbidean inolako interesik izango…