rssgaur8 logotipoa

Hugo Chavezen akatsak

2006ko abenduan, Chavezek presidente izateko hauteskundeetan sekulako garaipena lortu zuen, oposizioko Rosales hautagaia garaituz. Zentzu orokorrean, garaipen izugarri horrek, itsutu, eta bere botereak mugarik ez zuela pentsatu zuen.

Honela, bi erabaki hartu zituen; batetik, alderdi bakarra sortzea, PSUV siglen baitan, prozesuaren abangoardia izateko. Bigarrenik, konstituzioaren erreforma, zeinaren bitartez, Presidentea etengabean  hautatua izateko aukera zabalduko zen (bi legealdi soilik egin ditzake egun).

Bigarrenaren emaitza badakigu; 2007ko abenduan ospatu herri galdeketan, Chavezen proposamena atzera bota zuten herritarrek. Ordurarteko kanpaina guztietan “komando zentral” bateratuak sortzen baziren (non ezkerreko sektore guztiek bat egiten zuten), herri galdeketari begira, PCV, PPT eta PODEMOS alderdiak baztertuak izan ziren, galdeketa baino hiru egun lehenago arte ez zirelarik deituak izan prentsa agerraldi bat egiteko baietzaren alde.

Alderdi bakarra sortzean, aipatu hiru alderdiak ez dute bat egin, batez ere forma arazoengatik. Podemos gainera, Chavez babestea utzi eta oposizioan lerratu da. Chavezek, urriak 12an eginiko agerraldian, PCV eta PPTko kideak kontrairaultzailetzat jo ditu.  Ez du itxura onik, kontuan hartuta azaroak 23an Gobernazioetarako hauteskundeak direla eta hainbat gobernazio oposizoaren esku erortzeko arriskua dagoela.

Askotan azaldu dugun bezala, Amerikan hain ohikoa den kaudillismoa eta botere unipertsonala dira guztiaren arazoa. Botere kolejiatu eta pluripertsonala lehenetsi beharrean, iraultza bolibartarra, borondate onez beteriko iraultza izaten jarraitzen du. Bere Presidenteak erabaki guztiak hartzen ditu. Eta PCVko kide batek dioen bezala, “Chavezekin lerratuko gara, baina eztabaida eman behar da aurretik”. Eztabaida, demokrazian sakontzeko …

Malmoko Kontakizunak

Asteazkena

Eguerdi aldera Kopenhagera iritsi naiz, Bilboko eta Frankfurteko aireportuetatik pasa eta gero. Kopenhagetik Malmora trenez ordu erdiko bidaia baino ez dago, eta hori dela eta, Suediara hurbildu aurretik, Kopenhagetik paseo bat ematea erabaki dut.

Denbora askorik ez eta Christianiara joan naiz zuzenean. Aspaldi irakurri nituen Christianiari buruzko hainbat kontu, eta auzo okupatu edo komuna hippy hau ezagutzeko gogoa nuen. Zerua gris, baina euririk ez, ezta hotz handirik ere.

Danimarkan ez dago eurorik, eta daniar koroa batzuk lortu behar ditut. Tren geltoki zentralean dagoen dirua aldatzeko bulegora hurbildu eta euro batzuk aldatu ditut. Bide batez, Malmorako tren txartela ere erosi dut. Azken hori eurotan ordaindu ahal izan dut. Ziur koroatan baino garestiagoa eskuratu dudala, baina zer egingo diot. Lehen eguna da eta patrikak oraindik topera dauzkat.

Christianian sartu eta Pusher street kalea izan da aurkitu dudan lehena. Aurretik irakurri dudanaren arabera, Poliziak orain dela gutxi kalea itxi zuen eta, ondorioz, dagoeneko ez omen da haxixa eta marihuana saltzen bertan. Hala ere, ez dut uste kalearen alde batera eta bestera dauden tipoak gozokiak saltzen ari direnik… Pusher street pasa eta Christiania erdian dagoen lakura hurbildu naiz; laku ertzean dagoen bidexka jarraituz, paseo bat eman dut albo batera eta bestera dauden etxetxoak ikusten.

Argi dago auzo honetan dauden etxe guztiak norberak eginak direla. Hortaz, alde nabarmena dago batzuetatik besteetara. Jende guztiak ez dauka abilezia berdina, eta etxe batzuk zoragarriak eta poli-politak diren bitartean, beste batzuk nahiko kutreak dira. Neure kasa zer nolako etxea eraikitzeko kapaz izango nintzen pentsatzen aritu naiz, eta noski, hasieran kutreak iruditu zaizkidan horiek beste begi batez ikusten ditut orain. Paseo luzea eman ostean, Pusher street aldera hurbildu naiz berriro eta Woodstock deritzon taberna batean sartu naiz garagardo fresko bat edatera. Far West aldeko taberna dirudi. Nire ingeles kaxkarrean garagardo bat eskatzeko moldatu naiz, eta barratik hurbilen dagoen mahaian eserita paisaia eta bereziki «paisanajea» aztertzen hasi naiz. Ez da gazte asko tabernan. Gehienak 40 urtetik gora dituzte eta groenlandiar asko dago, nahiko «herdoilduta» gainera. Zigarro bat piztu eta berehala, groenlandiar batek zigarro bat eskatu dit eta nire ondoan eseri da. Danieraz hasi zait hizketan baina berehala konturatu da turista bat nintzela eta nitaz paso egitea erabaki du. Tristea eta bitxia da hemen aurkitu dudan panorama. Pelikuletan ikusiriko Ipar Amerikako indioen erreserba batetan nagoela iruditu zait. Daniar kolonizatzaileen adierazgarri argia. Europako Jendarte Foroari buruzko informaziorik ez dut hemen aurkitu. Inon.

Arratsaldeko bostetan hartu dut Malmorako trena. Ordu erdiren buruan iritsi naiz. Hemen ere erritual berdina. Euroak suediar koroatara aldatu. Hona heldu aurretik Malmo kanpoaldean kokaturik dagoen eskola batean dohainik lo egiteko tokia lortu nuen, baina, orain, eskolara heldu beharra dago. Helbidea paper batean idatzita dut eta, tren geltokian, janzkera alternatiboa duten gazte batzuei erakutsi diet. Ez dakite nire lo egiteko tokia non dagoen. Horrela ibili naiz 20 minutu inguru eta ez dut inolako argibiderik lortu. Ondorioz, taxi bat hartzea erabaki dut. Taxilariak bai, badaki non dagoen eskola. Arratsaldeko sei eta erdiak aldera iritsi naiz eskolara azkenean, bidaia luze baten ondoren.

Eskola beterik dago, ni bezala Europako Jendarte Forora hurbildutako gaztez beterik. Han eta hemen galdetu ostean, arduradunetako batekin hitz egitea lortu dut. Suediarra da. Ingelesez azaldu eta erakutsi dizkit jakin beharrekoak. «Nire» gelara eraman nau; beste 20 lagunekin konpartituko dudan «nire» gelara. Ez da toki libre askorik geratzen, baina nire esterila eta lo zakua izkina batean egokitzeko moduan izan naiz. Eskolan orotara 180 pertsona inguru egongo gara lotan. Dutxa bakarra dago eta, ondorioz, txandak antolatu dituzte. Bihar goizeko 6etan da gure dutxatzeko txanda eta ordu erdi daukagu gelako 20 lagunak dutxatzeko. Eskola barruan ezin da alkoholik edan, erre edo zaratarik atera. Lotara joan aurretik eskolan zehar ibili naiz, toki batetik bestera, batekin eta bestearekin solasean. Alemania, Norvegia, Danimarka, Suedia, Kolonbia, toki askotako jendea dago. Gehienak gazte erakunde batean edo bestean antolaturiko gazteak dira. Lehenengo oharra: hemen dauden gehienak ni baino ingelesez hobea hitz egiten dute, eta ni Euskal Herriko koadrilan anglofonoarena egiten…

Osteguna.

Dutxara lehenengoa iristeko asmoz, goiz jaiki naiz, 6ak baino lehenago. Dutxa bero bat hartu eta logelara bueltatu naiz, jende gehienak lo jarraitzen du. Ez nekien oraindik gaurkoa izango zela egun hauetan hartuko nuen dutxa bero bakarra.

Gosaldu eta goizeko bederatzietan puntuan eskolatik Foroko gune nagusira eraman behar gintuen autobusa hartu dut. Foroko guneetatik ibiltzeko txartel bat behar duzu eta, hori lortzeko, izena eman eta ordaindu egin beharra dago. Langilea bazara eta Europako mendebaldetik etorri bazara, 40 euro. Langabetua, ikaslea edo jubilatua bazara, edo 22 urte baino gutxiago badituzu, 20 euro. Eta 10 euro Europako ekialdetik etorri bazara. Horrez gain, beste 10 euro ordaindu behar dira autobusak erabili ahal izateko. Nik Foroko zein autobuserako txartelak erosi ditut, badaezpada.

Zeruak gris jarraitzen du. Eskandinaviara nentorrela eta, neguko arropak ekarri ditut; hotzerako prest nago, baina hotzik ez du egiten.

Orokorrean jende gutxi dagoela iruditu zait, eta gune asko eta oso sakabanatuak. Programa irakurtzen ibili naiz tarte batez eta gustukoak ditudan seminarioen zerrenda egin dut. Programan ez dira hizlarien izenak agertzen, eta, ondorioz, izenburuak eta antolatzaileak nortzuk diren kontuan hartuta egin dut aukeraketa. Dudarik gabe, hilabete bat beharko nuke interesgarriak iruditu zaizkidan hitzaldi eta debate guztietara joateko.

Gazte mugimendua, Europako eraikuntza, immigrazioa, mass-mediak, errepresioa, demokrazia parte hartzailea, kultura, hezkuntza, hizkuntza, berdintasuna, gutxiengoen eskubideak, autodeterminazioa, sindikatuen nondik norakoak, ekonomia… daude aztergai. Ekitaldiak ere askotarikoak dira: seminarioak, workshopak, erakusketak, bideo emanaldiak, kontzertuak, manifestaldiak, protestaldiak, antzerkiak…

Guztira, 35 areto daude, lau gune nagusitan sakabanaturik. Egun osoan zehar antolaturik daude ekimenak, baina, seminarioei eta workshopei dagokionez, hiru txandatan antolatu dituzte; 09.30etatik 12.30etara lehenengoa, 14.00etatik 17.00etara bigarrena eta 18.00etatik 21.00era azkena.

Gaurkoan itzulpengintzak ez du funtzionatu eta beraz ezer gutxi ulertu dut. Ingelesa da erabiltzen den hizkuntza nagusia, baina hitzaldietan greziera, italiera, gaztelera, alemana, euskara, frantsesa, suediera, portugesa, katalana eta abar ere entzun ditut.

Gunez gune ibili naiz, dauden aukera ezberdinak ezagutuz eta standetan dagoen materiala begiratuz. Gune batetik bestera egindako ibilaldietan giro gutxi aurkitu dut hirian zehar; egia esan, ez dirudi Malmon Europako Jendarte Foroa ospatzen ari denik. Ez dago girorik. Polizia dezente ikusten da, eta kalean ibiltzen nindoala bertako baten batek zer ospatzen ari ginen galdetu dit.

Gauean, goiz bueltatu naiz hotelera Sultan Palace izeneko jatetxe turkiar batean bapo eta merke afaldu ostean.

Ostirala.

Gaur ez dut dutxarik hartu. Ur hotza besterik ez zegoen dutxara hurbildu naizenerako eta erabakia erraza izan da.

Gaur atzo baino giro gehiago nabari da. Guneetan eta hitzaldietan jende gehiago dago. Gazteak bereziki, baina baita horren gazteak ez diren asko ere. «Txurroak», piercingak, mendi botak, biserak, praka zabalak, koloretako ileak, palestinoak, pinak… denetarik dago. Folkets parkera iritsi naiz 09.30etarako, «Freedom Strugle is not Terrorism» (Askatasunaren aldeko borroka ez da terrorismoa) seminarioan parte hartu nahi nuelako. Interesgarria iruditu zait. Hizlari daniarrak, euskaldunak eta turkiarrak; aretoan, eskandinaviar asko, baita euskaldun multzo bat ere. Guztira, 200 bat lagun.

mac urata

Ondoren nire paseoekin jarraitu dut. Latinoamerikar gunera hurbildu naiz eta bertan zegoen jendearekin hitz egin dut. Harritu egin nau Malmon zenbat latinoamerikar dagoen ikusteak. Hala ere, esan didatenaren arabera, hauetariko gehienak Suedian bizi dira, ez dira Forora Ameriketatik etorri. Nordikoak oso zorrotzak direnaren eta dena bikain antolatuko zutenaren ustea neukan. Hala ere, denbora aurrera doan heinean, Malmon antolakuntza apur bat kaotikoa dela ikus dezaket. Horra hor berez erori den lehenengo mitoa. Ez bakarra.

Konturatu naizenerako eguna pasa da eta eskolara bueltatzeko ordua heldu da.

Larunbata.

Gaur ere ur hotza baino ez dago, baina arnasa hartu eta dutxa azkar bat hartu dut, nirekin gauero lo egiten duten lagunen hobe beharrez bereziki.

Gaurkoan goizez bakarrik daude seminarioak, arratsaldeko ordu batean manifestaldi nagusia hasiko baita. Manifestaldia jendetsua izan da. Parte hartzea 10.000 eta 15.000 lagun artekoa izan dela kalkulatu dute. Pankarta ugari, lema ugari, eta kolore asko.

mac urata

Erakunde eta delegazio askok hartu dute parte manifestazioan. Sindikatuak abiatu dira lehenik; jarraian, Europako alderdi ezkertiarrak pankarta eta guzti, baita Suediako alderdi ezkertiarrak ere. Autonomoak eta anarkistak ere batu dira. Gazte erakundeak ere taldeka dira. Askapen mugimenduetako ordezkariek ere badute toki propioa; palestinarrak, kurduak, euskaldunak. Latinoamerikar zutabe handi bat ere bada.

Mania luzea izan da, inoiz egin dudan manifestaldi luzeena. Hiru ordu baino gehiago eman ditugu hiri osoa zeharkatuz. Bukaerara heldu garenerako nekatua nengoen, eta oinak minduta nituen.

Gauean Euskal Herriko lagun batzuekin elkartu eta Vansterpartiet alderdiak taberna batean antolaturiko jaira hurbildu gara. Giro bikaina, kontzertu onak eta han eta hemen jende ezberdinarekin hitz egiteko aukera. Garagardo batzuk edan ditugu, garagardo normalak gainera. Suedian, tabernak ez diren lokaletan saltzen dituzten garagardoak hiru gradutakoak dira. Supermerkatu, jantoki eta abarretan garagardo horiek bakarrik aurki daitezke. Jaialdia amaitu denerako apur bat mozkorturik geunden; zentzudunena eskolara bueltatzea zela erabaki dugu.

Igandea.

Ajearekin esnatu naiz eta, dutxetako ura, hotz berriz ere. Gaur, aldiz, ez dut ur azpian horrenbeste sufritu.

Mugimendu sozialen batzarrera joan naiz. Aretoa beterik, eta hainbat gai landu dituzten sareetako ordezkariak ondorioak plazaratzen. Errepresioa sarekoak hasi dira, demokrazia sarekoak jarraitu dute… Horrela ordezkari guztiek hitz egin arte. Bilera labur geratu da eta ez da egon eztabaidarako aukera handirik.

Susmoa daukat hona etortzen den jende gehienak berea azaltzea duela helburu eta, orokorrean, debate gutxi eta aurrera begirako planifikazio gutxi sumatu ditut. Diagnostikoa egitera mugatzen da jende gehiena. Diagnostikoan ados egon gaitezke, baina, nire ustez, garrantzitsuena aurrera begira egin behar ditugunak zehaztea da. Eta horretan ez dut uste Foroa aurrerapauso handirik emateko gai izan denik.

Ondo pasa dut Malmon. Jende ezberdin asko ezagutu dut, hitzaldi interesgarriren bat entzuteko aukera izan dut, eta parranda apur bat egiteko ere erabili ditut egun hauek. Foroa? Elkargune polita dela iruditu zait, esperientziak trukatzeko gune aproposa. Hala ere, iruditzen zait aurrera begira beste Europa bat eraiki nahi baldin badugu, Foroak bere formatua aldatu beharra duela, guztiz.

Diagnostikoetatik estrategia definitzera, hau da, hitzetatik ekintzetara.

Eta Europar Batasunak?…

2006ko Urriaren 25ean, Europar Batasuneko Parlamentuak, Estrasburgon,  Euskal Herriko bake prozesuaren inguruko debatea burutu zuen, lehendabiziko aldiz bere historian. Bake prozesuaren aldeko deklarazio bat onartu egin zuen ere.

Deklarazioa nahiko kaxkarra izan arren, debatea eta deklarazioa berak berebiziko garrantzia izan zuten. Behingoz, Europar Batasunak Euskal Herrian konpondu gabeko gatazka politiko bat zegoela onartu eta konponbidea bake prozesu baten bidez etorriko zela adierazten zuen.

Deklarazioak gainera, Europar Batasuneko Kontseiluari, Europar komisioari eta estatu kideei martxan zegoen bake prozesuaren alde egiteko eskatzen zien.

Euskaldunok Euskal Herriko gatazka Europar Batasuneko agenda politikoan sartzea lortu genuen.

2006ko Urriaren 26an nazioarteko prentsan erreferentzi ugari aurki zitezkeen, aurreko egunean Europar parlamentuak buruturiko debatearen inguruan. Euskal Herrian ilusio handiz bizi izan ziren egun horiek, eta ezin ahaztu Estrasburgora gerturatu ziren euskaldunak.

Debatea bizi-bizia izan zen eta ez ziren falta izan Autodeterminazio eskubideari eginiko erreferentziak edo Irlandako bake prozesuarekin egindako konparaketak.

Europar Parlamentuan, 2005etik, Euskal Herriko Gatazkaren konponbidearen alde lan egiten duen “Friendship”ak protagonismo berezia izan zuen egun horietan.

Datorren larunbatean bi urte beteko dira debate hori gertatu zenetik.

Ondo baino hobeto dakigu Bake prozesua non eta nola bukatu zen. Gure larrutan ezagutu dugu Euskal Herriak bizi duen salbuespeneko egoera permanentea.

Baina, nire buruari behin eta berriz galdetu izan diot: Non daude Europar Parlamentuak harturiko konpromisoak? eta zer egin du Europar Batasunak 2006ko Urritik gaur arte Euskal Herriko gatazkaren konponbidearen alde?

N-VA eta CD&V

N-VA alderdi flandestar abertzalea da. Desagerturiko VolksUnie alderdiaren ondorengo ideologikoa, nire ustez.

VolksUnie-ren apurketak bi alderdi ezberdinen sorrera ekarri zuen. N-VA eta Spirit. Spirit SP.A alderdi sozialistarekin koalizioa osatu zuen berehala. Azken hauteskundeetan emaitza oso kaxkarrak izan ditu Spiritek eta barne prozesu luze baten ondorioz alderdiari izena aldatu diote. Vlaams Progresiven dira orain.

N-VA alderdia bakarrik ibili da hainbat urteetan, CD&V alderdiarekin koalizioa osatu baino lehen. Azken urtean zehar behin eta berriz adierazi du Belgikaren estatuaren erreformarako akordioa lortu ez ezik gobernua utzi egingo zuela.

15 hilabetez negoziatzen egon ostean, eta akordioa iristen ez zela ikusirik, N-VAk hitza bete du eta gobernua iztea erabaki du. Erabaki hau N-VA eta CD&V arteko koalizioaren apurketa ekarri du. Erabakia hartu baino aste bete lehenago N-VAk kongresua izan zuen eta bertan parte hartutako militanteen gehiengo absolutoak gobernua uztearen alde azaldu zen. Erabakia beraz ez da sorpresa handirik izan.

N-VA eta CD&V osaturiko koalizioa arrakasta handia izan du egun arte. Azkenengo hauteskunde orokorrak irabazi zituela esan besterik ez dago. Hemendik aurrera N-VA eta CD&V bakarrik jarraituko dute. Berriz ere.

2009. urtean hauteskunde europearrak eta Flandestar parlamenturako hauteskundeak burutuko dira. Biak egun berean eta ekaina aldera. N-VAk izan duen jarrera koherentea saria izango duela ziur naiz. Flandesen independentistak gero eta gehiago dira. Hautezlegoak aldiz, CD&Vk azken unean izandakoa zigortuko du. Bere garaian ikusiko dugu.

Ziur bainaiz ekaina bitartean Flandestarrak eta Waloniarrak ez dutela estatuaren erreformaren inguruko akordiorik erdietsiko.