rssgaur8 logotipoa

Mexikon Kultura erahiltzen

 

Sistema kapitalistaren eragina bizi dugun kontestu historiko honetan, berau alor askotan adierazten da. Goseteak, gerrak, giza ondarearen banaketa bortitza, gizarte patriarkala, … Gaurkoan halere, kulturan duen eraginaz bi hitz egingo ditugu, Mexikoko eredua aintzat hartuta.

Aurtengo martxoan, Carmen Garcia Bermejok argitara eman duen “25 Infamias Culturales” liburuan, 1989. urtetik hona Mexikon eman diren kulturaren aurkako erasoen bilduma egin du El Financieroko kazetari apartak.

Bertan topatu daitezkeen adibideak denetarikoak dira, guztiak asaldagarriak. Eraikuntza askotan zeuden mural paregabeak nola txikitu diren, zinema zein tren geltoki klasikoen suntsiketa bortitza, eraikuntza historikoetan ematen ari den ustiapen ekonomiko bortitza (horren lekuko Chicen Itzako eremu arkeolojikoan ematen diren kontzertuak), etab. Honela, Salinas de Gortari (88-94), Zedillo (94-00), Fox (00-06) eta Calderon (06-12) (oroitu lehenak eta azkenak legez kanpo irabazi zituztela hauteskundeak Cuauhtemoc Cardenas eta Lopez Obradorren aurrean) Presidenteen mandatupean, Mexikok musika eskoletan zeuden milaka haur galdu ditu, liburutegi publikoak galdu ditu, antzerkigintzan atzera pauso nabariak eman dira, zer esanik ez zineman, etab.



UNESCOk urtean pertsonako Estatu batean 4 liburu irakurri behar direla dio gutxienez. Frantzian 20 baldin badira eta Espainian 10, Mexikon 2.9 dira irakurtzen diren liburuak pertsona bakoitzeko (eta inkestan eskolako testu liburuak ere jaso ziren!).

Kultur ekimenetara bideratzen den diru publikoa murrizten joan den artean, Fox eta Calderonen kultur arduradunak Espainiar Estatuan Estatu Idazkari batek irabazten deun bikoitza irabazten dute, 10.000 euro inguru hilabeteko!

Kapitalismoa basatia dela badakigu eta gaur kultur espresioetan duen izaera monopolizatzaile eta baztertzailea azpimarratu nahi izan dugu.

Telesforo Monzon Flandesen

35 urte pasa dira Telesforo Monzonek, euskal delegazio zabalago batekin batera, Flandes bisitatu zuenetik.

100.000 flandestar abertzaleren aurrean mintzatu zen Telesforo. Ziur orduan esan zituenak, egun ere balio politiko handia luketela.

Horrek esan nahi du azken 25 urteetan ez dugula aurrera pausorik eman? Ez dut uste. Gauzak asko aldatu dira geroztik, baina euskal gatazkaren ezaugarri nagusiak hor jarraitzen dute, konpontzeke.

Flandesen ere gauzak dezente aldatu dira geroztik, baina duela 25 urte esandakoak eta egun esaten direnak parekotasun handia daukate.

Independentziaren aldeko borrokek, independentzia dute helburu, eta bide horretan aldaketa politiko nabarmenak eman bitartean diskurtsoak ez dira asko aldatzen.

Eskozian, Faroe Uharteetan, Flandesen eta beste hainbat tokitan ez da Autodeterminazio Eskubideari buruz askorik esaten. Estaturik gabeko herri hauetan independentziaren gauzatzea inguruan dira debate nagusiak.

Erabakitzeko eskubidearen inguruko borroka aspaldi irabazia daukatela uste dut. Gurean, oraindik ere, horretan gabiltza, autodeterminazio eskubidea onartuko duen eskenatoki bat eraikitzen.

Eskenatoki berri horrek demokrazia eta bakea ekarriko luke. Proiektu independentista gauzatu ahal izatea ere bai.

Mundu globalizatu honetan, nazioarteak gero eta garrantzi handiagoa dauka. Ezin da gure herriaren azterketa politiko egokia egin, nazioarteko egoera kontuan hartu gabe. Ezin da planifikazio politikorik gauzatu nazioarteko dimentsioa kontuan hartu gabe. Europan kokatuak gaude eta Europa izan behar da gure lehentasuna.

Beste esperientzietatik ikasi beharra daukagu eta guretzat positiboa izan daitekeena gure herrira inportatu. Azterketa kritikoa inportantea da, eta kalkoak ez du balio izaten, herri eta borroka bakoitzak berezitasun propioak dituelako.