rssgaur8 logotipoa

Amerikako borroka Kolonbian jokatzen da

Amerikan gaur egun dagoen gerrila garrantzitsuena FARC-EP da. Azken bi hilabeteetan kolpe latzak jaso ditu: Marulandaren heriotza, nazioarteko zuzenbidea bortxatuaz Raul Reyesen erahilketa Ekuadorren, Ingrid Betancourt eta beste 14 gatiburen askatasun operazioa, non bi gerrilarik beraien erakundea “saldu” zuten (FARC-EPren uztailak 5eko agirian aipatzen den bezala, Cesar eta Enrique kideek ahalmendu zuten gobernuaren askatasun operatiboa …),  Ivan Rios komandantearen erahilketa, etab. Uribe eta Bushen errepresio planak garaile ateratzen ari direla dirudi, baina erne, borroka luzea baita Kolonbian ematen ari dena azken hamarkadetan eta FARC-EPrentzat atzerakada izan badira azken gertakari hauek, urruti, oso urruti dago gerrilarekin amaitzea helburu duen Kolonbia Planaren garaipena.

Uribe eta Bush

2000. urtetik, Kolonbiako ejerzitoak 4.000 milioi dolarretako diru laguntza jaso du AEBtatik. Dirutzarekin batera, teknolojia izugarri garestia erabili izan da azken urteetan nahiz operatibo hauetan: satelite bidezko jarraipenak, oihanean finkatutako bideo sistemak ibaiak kontrolatzeko, 100 milioi dolar beraien erakundea saldu zutenentzat, etab. Betancourt askatzeko operatiboan gainera, Israelgo Mossad eta Shin Beth taldeko kideak parte hartu zuten. Dena eta denetik, gerrilariekin amaitzeko, irtenbide militarraren beharra gailentzeko. Baina dena, ustela suertatuko zaie.

FARC-EP, Kolonbiako heren batean gailentzen da; 1985. urtetik 2005. urterarte 3.720.428 pertsona desplazatuak izan dira. Desorekak, Amerika osoan bezala itzelak dira. Desoreka horietatik sortzen dira gerrilari berriak, neska mutil gazteak sozialismoaren aldeko borrokan jarduten jarraitzeko prest daudenak.

Israelek Ekialde Hurbilean jokatzen duen jendarme funtzioa betetzen du Kolonbiak egun Amerika hegoaldean eta erdialdean. Venezuela eta Ekuadorrekiko duen nagusitasun militarra funtsezkoa da (nahiz eta ez faktore bakarra izan) Chavezek eman dituen zenbait atzera pauso ulertzeko. Kontestu honetan. FARC-EPk bi funtzio betetzen ditu: lehenik, Kolonbian askatasunerako itxaropen handiena bere borrokak dakar. Bigarrenik, ondoko estatuen aurka eraso militarrik ez emateko oztopo nagusia da.

Errepresio kolpetatik eta espektakulo mediatikotik haratago doa Kolonbiako gerra zibila eta orokortasunari begirada luzatzen asmatu behar dugu.

Basque Exodus

Oporretan dabil jende asko, gora eta behera, munduko zirrikitu ezberdinak ezagutzen.

Hondartza, mendia, hiriak.

Kebab, Chopsuey, moules et frites, fish and chips eta antzekoak jaten.

Abadiako garagardoak, sakea, aqua vita edo a ze nolako edariak dastatzen.

Gero eta urrutiago gero eta hobeago. Gero eta ezberdinago gero eta politago. Argazki kamara digitaleko bateria kargatu berria eta hor gabiltza mugitzen eta mugitzen ez den guztiari tiro egiten.

Normalean oporretan nora joan aukeratzea ez da erreza izaten. Egun dauden hegaldi merkeekin are gutxiago.

Zurrunbilo guzti honen artean, oraindik ere, oporrak brigada politikoan ematea erabakitzen duenik bada gure herrian. Dezente gainera. Beste errealitate politikoak ezagutzeko modu paregabea. Ni ere brigadan joandakoa naiz. Duela urte batzuk eta Irlandara.

Egindako bilera, hitzaldi eta protestaldiak ez ditut oso ondo oroitzen. Han ezagututako jendea eta egindako lagunak aldiz bai. Ederto gainera.

Oporrak pasatzeko mila modu daude. Bakoitzak gustuko duena aukeratu beharra dauka.

Brigadetarako berandu ibili bazara, baina hala ere, oporrak prozesu politiko ezberdinak ezagutzeko erabili nahi badituzu, badira tokiak Europan non paraje ederrak bisitatzeaz aparte, independentziaren inguruko eztabaida biziak izango dituzun. Beti ere bertokoekin hitz egitera animatzen bazara.

Katalunia, Korsika, Eskozia, Feroe Uharteak, Sardinia, Flandes, Kosovo, Montenegro eta abarretan euskaldun aurkezten zarenean ez dizute aurpegi txarrez begiratuko.

Hauetako batzuk independentzia lortu dute, beste batzuk lortzear daude, eta badira ere independentziatik oso urruti daudenak oraindik. Mugimendu abertzalea ezkertiarra da hauetako batzuetan, eskuindarra besteetan.

Oporretan disfrutatu eta indar berritu, gure herrian egiteko asko geratzen baitira oraindik.