rssgaur8 logotipoa

UEU

Udako Euskal Unibertsitatean GAINek antolaturiko ikastaroan parte hartzeko aukera izan berri dut. “Beste bideak eta beste esperientziak: Estatu gabeko naziotik, nazio estatura!”.

Ikastaroan Montenegro, Kosovo, Eskozia, Katalunia eta Flandes europar nazioetako kasuak aztertu ditugu. Beste herrietako borroketako esperientziak oso lagungarriak izan daitezke. Europan kokaturiko borrokak izanda gurekiko eragin zuzena izan dezaketenak. Parekotasun eta ezberdintasunak aztertzea inportantea da, eta kasu bakoitzetik guri balio diguna hartu eta beste guztia alde batera utzi. Unilateralismoa, subiranotasunaren etengabeko gorakada, federalismoa, hizkuntza politikak, principle of consent, autonomia politikak aztertzea oso interesgarria izan da. Estatu txikien bideragarritasun ekonomikoaren inguruan asko ikasi dugu.

Ikastaroan Quebec, Puerto Rico eta Maputxe amerikar herrietako borrokak ere aztergai egon dira. Euskal Herritik oso urrun egonda gurekiko parekotasunak eta gurean izan dezaketen eragina txikiagoak direla esango nuke, baina era berean hauetan aztertu ditugun zenbait gai eta kontzeptu oso interesgarriak dira. Jatorrizko herrien lurrarekiko lotura, Puerto Ricoren estatus berezia, edo ta Quebec-en dagoen prozesua.

Euskal Herria ez dago isolatua. Globalizazioa eta nazioarteko kapitalismoak eragin zuzena dute gurean. Europar Batasunean kokatuak gaude, gustatu edo ez. Irlanda, Hego Afrika eta beste hainbat gatazken konponbidean nazioarteak oso paper garrantzitsua izan du. Gurean ere beharko luke.

Euskal Herrian horrelako ikastaro gehiago egon beharko lirateke. Gure borroka nazionalak ez du aurrera egingo nazioartean kokatzen ez dugun bitartean. Gure borroka, funtsean, nazioartekoa delako. Hortaz konturatu arte jai daukagu. Ikastaroan 10-15 lagun baino ez zuten parte hartu.

Bi Gerrilari Desagertuak Mexikon

EPRko bi gerrilari Oaxacan atxilotu zituzten 2007ko maiatzak 25ean. Edmundo Reyes Amaya eta Gabriel Alberto Cruz Sanchez, Ejerzito Herritar Iraultzailearen kideak ziren. EPR, Mexiko osoan zabalduta dagoen indar armatu iraultzaile garrantzitsuena da.

EPR egindako erasoak 1996-1998 

Iragan ekainak 22an EPR-k ateratako agirian, Jonas Gutierrez Corro komandantearen bahiketa salatu zuten.

Argentinako diktaduran eta Kondor Operatiboaren baitan Amerika osoan gertatu gehiegikeriak ezagunak zaizkigu. Mexikok aldiz, joko bikoitza zuen garai hartan: Amerika osotik zetozten iheslariak hartzen zituen aterpea emanaz; bestetik, bere herriko iraultzaileak atxilotu, torturatu, zentro klandestinoetan bizi arazi eta azkenean desagertu egiten zituen. Rosario Ibarrak sortu zuen EUREKA desagertutakoen senideen elkarteak borrokatu du azken hamarkadetan seme alaben bila, eta Mexikon sarraski guzti hauen arduradunen atzetik.

Baina historia setatia da. Eta agintarien ez gaitasuna arazo sozialei aurre egiteko ikaragarria. Carlos Montemayorren azken liburuan, “La guerrilla recurrente”, nabarmen agertzen dira EPR bezalako erakunde baten sorrera eta iraupenerako dauden arrazoiak, nekazarien esplotazioa, diferentzia sozial ikaragarriak, etab. Eta ez gaitasun ikaragarriaren aurrean, ohiko erantzun setati eta krudelak Estatuaren partetik.

EPRk eskatuta eta gobernuak onartuta, bi aldeen artean hitz egiteko batzorde bat sortu da, atxilotu-desagertuen egoera argitzeko. Bertan, goian aipatutako bi pertsonekin batera, Lopez y Rivas, Samuel Ruiz, Enrique Gonzalez Ruiz, Juan de Dios Hernandez eta Granados Chapa daude, guztiak giza eskubideen aldeko militanteak eta ezkertiarrak.

Haien lanak ez du noski Mexikok bizi dituen desoreka izugarriak amaituko, baina balioko al du gutxienez desagertutakoen nondik norakoa jakiteko?