rssgaur8 logotipoa

Better Deal

Irlandak ez esan dio Lisboako itunari. Lehenago Frantzia eta Holandak Europar Konstituzioari ez esan zioten bezala.  Oraingoan aldiz, badirudi Europar Batasunak itunarekin aurrera egiteko erabakia hartu duela. Nola? Noiz?

Gainontzeko 26 estatuek onarpen prozesuarekin jarraituko dute. Eta onartuko dute, ez baita beste inon galdeketarik egingo. Hala ere, jakina da Irlandaren onarpenik gabe ezingo dela ituna martxan jarri. Eta jakina da ituna dagoen bezala jarraitu ezkero irlandako gobernuak zailtasun handiak izango lituzkeela bigarren erreferendum bat antolatzeko.

Beraz, zer egin irlandarrekin?

Badirudi, europar teknokratak buruan daukaten formuletako bat litzatekela irlandarrentzako klausula bereziak ezartzea itunean. Sinn Feinek erreferendum kanpainan eskaturikoa partzialki onartzea litzateke. Hau da, A better deal is Possible! 

Lisboako ituna bere horretan geratuko litzateke, baina irlandarrentzako ezaugarri bereziekin. Modu honetan itunari aldaketak egingo litzaizkioke eta bigarren erreferendum bat antolatu ahalko litzateke.

Gainontzeko 26 estatuek onartuko dute? Eta bereziki, irlanda bezala, estatu txikiak direnak, onartuko dute haien inzidentzia politikoaren murriztea, Irlandak partzialki bada ere berea mantentzen duen bitartean?

Bigarren aukera litzateke beste erreferendum bat antolatzea, beti ere, europar hauteskundeak baino lehen, eta irlandarrei bi aukera emanez. Lisboako itunaren baldintzak onartzea edo ta Europar Batasuna uztea. Hau ez da legalki posible, baina aukera honen inguruan hitzegiten ari da, nire ustez, irlandarrak beldurtzeko bereziki.

Momentuz Txekiar Errepublika eta Txipreko lehendakariak izan dira, publikoki Lisboako itunaren onarpen prozesuarekin jaraitzearen kontra azaldu diren bakarrak.

Europar Batasunak adierazten duenaren kontra, hau  ez da Irlandarren arazoa. Europar Batasunarena baizik.

Inkestak

Artikulu hau idazten ari naizen momentu berean, Irlandan Lisboako Itunaren inguruko erreferenduma izaten ari da. Emaitza zein izango den ez dago batere argi. Azken egun eta asteetan atera diren inkestak datu kontrajarriak adierazi dituzte. Argi dago edo ematen du behintzat, baietzak edo ezetzak tarte gutxiko diferentziarekin irabaziko duela. Europaren etorkizuna tarte gutxi horren arabera erabakiko da. Nire ustez atera daitekeen lehenengo ondorioa da, Lisboako itunaren onartze prozesua ez dela batere demokratikoa izan.Pentsa dezaket irlandar kasua bezala, suediarren, finlandiarren, austriarren edo euskaldunen iritzia, besteak beste, itunaren kontrakoa izan daitekeela. Agian. Zeren jakin, ez dugu jakingo, horretarako aukerarik ez ematea erabaki baitute Europar Batasuna osatzen duten estatu guztiak, irlandarra salbu. Artikulu hau prentsan ateratzen denerako emaitzaren berri izango dugu eta balorazioak egiteko ordua izango da. Hala ere Europako agintariak ez daude batere lasai, eta hori seinale ona da.

Inkestekin jarraituz, aste honen hasieran, Het laatste Nieuws egunkari flandestarrak atera duen inkesta baten arabera, lehenengo aldiz Flandestarren gehiengoa independentziaren alde egongo litzateke. Hala ere, Flandestarrei ez zaie momentuz, haien etorkizunaren inguruan ezer galdetuko. Ikusi beharko da Uztailerako Belgikako Gobernuan aurreikusten den krisiarekiko alderdi flandestarrak zer egiten duten. 2009an Flandrian hauteskundeak daudela ezin ahaztu ere.

Azkenik aipatu nahiko nuke, Kataluniako UOC unibertsitateak egindako ikerketa. Ikerketa honen arabera katalandarrak independentziaren aldeko hautua egingo lukete horretarako aukerarik balute. Baina jakin badakigu, momentuz behintzat, halako galdeketarik ez dela egingo Katalunian. Euskal Autonomi Erkidegoan galdeketaren inguruan dagoen zalaparta guztia egonda ere, galdeketarik ez dela egongo ondo dakigu.