rssgaur8 logotipoa

Mexico, Amerikar Estatu Batuek zanpatuta, IASGAren eragina

Mexikoko Estatu Batuen Errepublikak, eskuineruntz hartu duen bidea atzeraezinezkoa dirudi. Herri batetako mandatariak eskuineruntz jartzen dutenean herri hori eta herritar indarra nahiko ez denean egoera iraultzeko, herri eta norbanakoen eskubideen zanpaketa iraunkorra izango da. Mexikon, totalitarismoa da nagusi, piskanaka eta astiro eman den prozesu historiko batean, baina egun, Kolonbiarekin batera, Amerika osoan ematen ari diren aldaketa prozesuetatik urrutien dagoen herria da.

Hauteskundeetako kolpea. “Fecal” iruzurraren ondoriozko presidentea.

2006ko uztailak 2an, sekulako putxerazoa eman zen Mexikoko hauteskundeetan. Berriki, Andres Manuel Lopez Obrador (AMLO) hautagai sozialdemokrata babesten zuen “Por el Bien de Todos” hautes plataformak (PRD, PT eta Convergencia batzen zituena) egin berri dituen ikerketen arabera hauteskunde akten %72a faltsutu egin zirela ondorioztatu ahal izan dute.

Honela, eta beste behin ere aurrez prestatutakoa, 1988. urtean bezala, Mexikok ez zuen hauteskundeak irabazi zituen pertsona Presidente gisa, baizik eta iruzurgile bat. Salinas de Gortari PRIko hautagaiak, Cuauhtemoc Cardenas PRD-koari ebatsitako karguaren errepikapena eman da Felipe Calderon (herri xumeak fecal bezala ezagutzen duena) PAN-eko hautagaiak AMLO irabaztearekin. Ondoren egoera iraultzeko eman diren saiakera ezberdinak ere ez dute fruiturik eman.

Hemen ere aipu berezia egin beharko genuke Zapatero politikari ustel eta kamutsaren jarrerari. Europar Batasuneko agintari guztiek, Auzitegiek ebazpenen bat eman bitartean inolako hautagairen garaipena onartu ez zuten arren, Zapatero izan zen Europako lehen mandataria fecal zoriontzen, Internacional Socialistan elkarrekin dituen PRD eta PRI-ren haserrea eraginaz.

Eskuineruntz alor guztietan, ekonomia, errepresio ereduak…

Mexikoko historia edo egungo egoera geopolitikoa aztertzen dugunean, ezin dugu inolaz ahantzi AEBekin dituen milaka kilometrotako muga. Muga horrek, Mexiko AEBren defentsa estratejiaren baitan kokatzen du. Are gehiago, Mexikoko lurraldearen erdia ostu zuten AEBak duela bi mende eta beste zatia, egun Mexiko bezala ezagutzen dugun hori, menpeko behar du.

Honela, 1994. urtean AEBak eta Kanadarekin sinatu Komertzio Askerako Itunak (TLC ospetsua), menpekotasun ekonomikoa areagotu zuen, nekazari mexikarren konpetentzia ahalmena ondoratuz. 2000. urtean Europar Batasunarekin sinatu zuen beste bat, Aznarren gobernuak horretan lagundu zuelarik euskal iheslariak kanporatzearen truke (oroitu behar dugu 1995. urterarte ez direla hasiko euskal iheslarien kanporaketak). Halere, adituek diotenez ez batak ez eta besteak ere ez dute inolako onurarik eragin Mexikoko ekonomian, batez ere bietatik lehenak Mexiko zanpatzen duelako.

Orain aldiz, ekonomiarentzat KAI izan zena eskubideen alorrean eman nahi dute, ASPAN bezala ezagutzen den tratatuaren ezartzearekin batera. Kanada, AEB eta Mexikoren artean segurtasun ezparru bat ezarri nahi da, 1994. urtean emandako itunaren zati poliziala izango delarik honakoa.

ASPAN, edo Ipar Amerikako Segurtasun eta Garapenerako Akordioa (IASGA).

Gure arreta eskatzen duen lehen puntua, segurtasun hitza lehen helburu bezala finkatzearena da; Europar Batasunean gertatzen den bezala, segurtasun kontzeptua garapena bezalako kontzeptu baten aurretik jartzen da. Ipar Amerikarako omen den segurtasun akordioa hau, AEBen interesen araberako akordioa da, ez besterik, gorago genion bezala bere nagusitasuna areagotzeko tresna hutsa.

Aztertu dezagun IASGAk dituen helburuak, Mexikoren menpekotasuna agerian uzteko balio bai digu, eta nola erabat beharrezkoa den horrelako prozesu batetarako fecal-ek zuzendutako gobernu menpeko bat.

  • Interes ekonomiko amankomunen balizko mesedetan, ekonomikoki lehiatzeko berdinatsuna bermatu nahi da. Lehen gezur handia izango da hau, nekez lehiatu bai dezakete berdintasunean Mexikoko enpresek AEBkoekin. Honela, eta batez ere Mexikok zenbait produktuekiko izan zitzakeen berme sistemak, bertan behera geratzen dira, AEBen enpresek nahierara eta haien interesen arabera areagotuko dutelarik Mexikoko baliabideen lapurketa.
  • Bigarren helburua, sektore enerjetikoen kontrola izango da. Munduko kontestuan, sektore hau kontrolatzeko helburuak eragin ditu Afganistan, Irak, Libano etab.en bonbardaketak, gerrak eta gehiegikeriak. IASGAren bidez, bestelako modu batean petrolioaren kontrola bilatuko dute AEBak zuzentzen ari diren zapelatzak. Akordio honen bidez, PEMEX Estatu petrolio enpresaren pribatizazioa bultzatu nahi izango da.
  • segurtasuna. Ekonomi Askerako Itun guztien ondotik, segurtasun mailako akordioak lortzen saiatu dira AEB-ak. Mexiko piskanaka, bere diplomaziazko jatorrizko ohiturak bazterrera utzi ditu. Konstituzioan zehazten denez (89. X. atalean), beste herriekiko autodeterminazio eskubidea onartzea, hirugarren estatuko aferetan parte ez hartzea eta jarrera ez eskuhartzailea nazioarteko politikaren zutabe dira. Halere, azken urteetan joera hau aldatzen ari da (Kubarekiko jarrera Nazio Batuetako Giza Eskubideen Kontseiluan Kuba kondenatuz, euskal iheslari politikoen aurkako jazarpena, etab.) nahiz eta oraindik ohitura honek duen pisuagatik aldaketak ez diren hain sakonak. IASGArekin AEBen azken helburua, polizia eta militar zerbitzuak ehuneko ehunean kontrolpean izatea izango da. Honela, AEBen drogaren aurkako ajentziak (DEA) eta FBI bera ibili dira Mexikoko polizia federala (PFP), ikerketa ajentzia (AFI) eta ejerzitoa trebatzen. Halere, azken ildo honetan tranpa nagusi bat agertzen zaigu: IASGAk segurtasun arazo komunak bereizten dituenean, horrela al da? Alegia, ez dirudi Mexikok eta AEB edo Kanadak arazo berdinak dituztenik segurtasun aldetik, ezta?

Finean IASGA edo KAIrekin, paperezko hitzarmenean Mexikok pareko izan nahi badu ere, menpekotasun hutsean oinarritua da helburu omen den balizko parekotasuna. Ipar Amerikako 3 estatuen batasuna, okupazioa berdefinitzeko terminoloji sinplea da John Saxe ikerlariak dioen bezala.

Nazioarteko Hitzarmen hauek, korporazio eta nazioarteko enpresa handiak hitzartu eta adostu ondorengo Estatu Hitzarmenak dira, herri eta herritarren interesetatik urruti egiten direnak. Mexikok sekulako arazoak ditu AEBetara doazten etorkinekin, haien segurtasuna AEBko poliziek arriskuan jartzen baidute; bere herriko enerjia beraiek kudeatzen jarraitzeko; nazioarteko gudetan ez parte hartzeko zilegia duen eskubidea ez baldintzatua izateko; Oaxaca eta Chiapas; txirotasuna, analfabetismo tasak Venezuela baino txarragoak, batez ere emakumezkoen artean (%10, 2003. urtean), etab.

Mexiko eskuinerantz doa, ziztu bizian. Eta hau Ameriketan joera aldatzen ari den kontestu historiko batean. Egun, Amerika osoan definizio handiko garaiak bizitzen ari dira; Amerikako erpin bat eskualde mailako integrazio prozesuetan sakondu nahi du elkartasun irizpideak kontuan hartuta (Venezuela, Kuba, Bolivia, eta agian Ekuador eta Nikaragua); beste Estatu talde batek komertzio askerako itunak eta pribatizazioen estratejiak bultzatzen dituzte, AEBak direlarik honen ardatz (Kolonbia, Peru, Txile eta Mexiko); hirugarren talde batek haizea nondik jotzen duenaren arabera egiten du bidea (Argentina, Uruguay eta Brasil) …

Mexiko beraz, Pantxo Villa eta Zapataren bideetatik ez, baizik eta yankien inperialismoak zehazten duen bidetik doa.