urtarrila 27th, 2010
4:34 pm
Europa
Euskal Herrian ezker abertzaleak daraman barne eztabaida, eta bereziki honek izan ditzakeen ondorioak eta sortu dezakeen agertokiaren beldur da espainiar gobernua. Euskal Herrian Espainiar gobernuak azken hilabeteetan garatu duen jarduera errepresiboa horren adierazle argia da.
Gero eta argiago geratzen ari da ere nazioartearen esku hartzeari espainiarrek dioten beldur ikaragarria. Eskozia, Ipar Irlanda, Faroe, Groenlandia eta beste hainbat tokitan posible dena ilegala ei da Euskal Herriarentzat. Hots, autodeterminazio eskubidearen aplikazioa, gatazken konponbide politiko eta demokratikoa ez dira formula baliagarriak Euskal Herriarentzat.
Estatu Espainiarrak nahiagoko luke Erresuma Batua edo Eskandinaviar herriak beharrean Sri Lanka eta Turkia Europar Batasuneko kide izango balira.
Estatu espainiarrak badaki nazioartearen esku hartzea haien interesen kontra doala. Ezker abertzaleak defendatzen dituen bideak nazioarteko eredu eta praktikan oinarrituak direlako. Eta hori ekiditeko bidean izugarrizko lobbya egiten dute.
Espainiar prentsak azaldu duenez espainiar diplomaziak Suitzan eta Londonen gatazkaren konponbidearen alde burutu behar ziren ekimen ezberdinak eragotzi ditu.
“Fundacion para la Libertad” deritzon taldea Europako parlamentuan egon da gaur, “Ezker abertzaleak garatu dituen harremanak oztopatu” eta bereziki “Friendshipa sortu ez dadin” helburuekin. Berandu dabiltza zioen Ruperren kantuak eta halaxe da…
Argi dago Nazioarteak eta bereziki Europar Batasunak berebiziko papera joka zezakeela Euskal Herriko gatazkaren konponbidean. Argi dago ere orain arte ez duela dagokion papera jokatu eta espainiar tesien alde lerrokatu dela. Espainiar gobernuak izugarrizko presioak burutzen ditu kanpoko inor haien “oilategian” muturrik sartu ez dezan.
Baina azken urteetan ezker abertzalea eta espainiar gobernuak adierazi dutenez 2006ko prozesuan nazioartearen parte hartzea bermatu zen, eta ondorioz euskal gatazkaren konponbidea nazioarteko agendan kokatu zen. Behingoz. Hasitako bidea jarrai dezagun…
urtarrila 13th, 2010
10:31 am
Europa
Otsailaren 25ean jokatuko da Anderlecht – Athletic partida Bruselan. Urteak daramatzat Bruselan, eta bigarren aldiz Athletic ikusteko parada izango dut. Aurretik, 2004ko Abenduan, Liejako Standard-aren kontra biziki gozatu nituen giroa, parranda eta partida bera. Nola ez, 1 eta 7 irabazi zutenean bilbotarrak. Zazpiak bat! izan zen gau hartako lema nagusia.
Aurten aldiz Bruselan jolastuko dute. Ez dut uste 2004ko emaitza errepikatuko denik. Anderlecht lehena doa Belgikako ligan eta nahiz eta liga hau oso gogorra ez izan talde ona daukate eta Athletic-eko jokalariak gogoz borrokatu beharko dute irabazi ahal izateko. Ziur milaka bilbotar hurbilduko direla partidaz gozatzera.Atzerrian bizi zarenean horrelako partidak aukera paregabeak dira herri mina asetu eta aspaldiko lagun eta ezagun mordoa berriz ere ikusteko.
Hemengo lagun gehienak Anderlechteko zaleak dira eta horrek morbo handiagoa ematen dio partiduari. Zirikatzen hasi zaizkit jada, Anderlecht ez dela Standard, eta errez irabaziko digutela. Eta badakizue, euskaldunei errez berotzen zaigu burua eta ahoa ere. Bilbotarrek gainera harrotasun fama daukate euskaldunen artean. Nire defentsan, aitortu beharra daukat ez naizela bilbotarra nahiz eta Athletic zale amorratua izan.
Nazioarteko politikan gertatzen direnak ditu aztergai zutabe/blog honek. Hala ere, Bruselako bazter eta zulo gehienak ederki ezagutzen ditut, eta Bilbotik etorriko den jendetza gogoan datozen asteetan Bruselako gida txiki bat argitaratuko dut blogean, Bruselan diren taberna, jatetxe polit eta berezienak aipatuz, partidua ikusten hurbiltzen zaretenean nora joan jakin dezazuen.
Eta otsailean Bruselara hurbiltzen zaretenean, hemen aurkituko nauzue, suaren gainean dantzan…
abendua 16th, 2009
2:29 pm
Europa
Ludo Docx apaiza Flandesen ezagutu nuen FLIK elkarteak antolatu zuen ikastolen aldeko azken gaualdian. Beste behin Ludo Dock eta Walter Luyten-ekin batera Berlaar deritzon herrian pasa genuen eguna nik eta beste lagun batek. Walter Luyten jada oso gaixorik zegoen, baina hitza hartzen zuenean eta Euskal Herriari buruz hitzegiten hasten zenean bazirudien 20 urte zituela oraindik.
Egun hori eta Walterrekin pasatako beste momentu batzuk oroitzeak zirrara berezia sortarazten dit oraindik ere.
Datorren Urtarrilaren 27an bi urte beteko dira Walter zendu zenetik. Baina Walter, Ludo eta beste flandestar abertzale askok landatutako kimua hazten jarraitzen du.
Flandesen Euskal Herriarekiko elkartasun handia egon da eta dago. Elkartasun honen adibide asko daude, baina gutxi batzuk aipatzearren ondorengoak zerrendatuko nituzke:
- FLIK (Flandriatik Ikastolentzat): Ludo Docx zuzendutako proiektua, urteetan Flandesen ikastolen aldeko sustengua garatu zuena.

- Walter Luyten eta Willy Kuijpers senatariak Euskal Herrian egindako elkartasun ekimenak.
- 1996an Flandeseko Parlamentuak Euskal Herriko autodeterminazio eskubidearen alde onarturiko ebazpena.
Egun ere Euskal Herriarekiko elkartasuna jorratzen duten hainbat flandestar ezagutzen ditut. Garai batean, 70. hamarkadan bereziki, euskal militante abertzale askok Flandesen pasa zituen hilabeteak eta urteak. Horrek ere harremanak indartzen lagundu zuen.
Hala ere, gaur egun, Euskal Herrian Flandesekiko dagoen informazio apurra eta interes eza harritu egiten naute. Harreman historiko honen inguruan ezer gutxi dago idatzirik, eta pena da.
Askatasunerako bidai luze honetan izan ditugun bidai lagun ezberdinak ez genituzke ahaztu behar. Gure memori historikoaren parte ere badirela uste dut.
abendua 2nd, 2009
12:56 pm
Europa
Eskandinaviar herrietako egoera politikoari buruz maiz idatzi dut. Sozialdemokraziaren gotorlekua, Ongi Izate estatuaren aintzindariak, eskuinerako joera izugarria jasan izan du azken urteetan.
Joera hau koiunturala den denborak esango du, baina ezker mugimendu zabalaren baitan joera interesgarriak ematen ari dira, eta gerta liteke datozen urteetan boterea berreskuratu ahal izatea hainbat herrietan.
Norvegian Ezker koalizioak (Sozialdemokratak, SV eta Zentru alderdia) berriro ere gobernu akordioa lortu du.
Islandian, krisiaren ostean eta ondorioz, ezker alderdien arteko gobernua osatu da, lehenengoz bere historian.
2010eko Irailean hauteskundeak burutuko dira Suedian. Eta badirudi Suediako sozialdemokratak, Vansterpartiet (Ezker Alderdia) eta Alderdi Berdeak hauteskundeen ostean gobernu koalizioa osatzeko akordioa osatzen ari direla. Norvegian burutu zen Soria-Moria akordioa da haien eredua.
Azken inkestak adierazten dutenaren arabera, koalizio horrek hauteskundeak irabaziko lituzke, eta alderdi eskuindarrek oposiziora bueltatuko lirateke.
Finlandian aldiz, ez dirudi momentuz horrelako aldaketarik emango denik. Finlandiako Alderdi Berdea, gainontzeko europako alderdi berdeen eskuinera dago, eta egun gobernuan dago Finlandiar alderdi kontserbadoreekin batera. 2011ean izango dira datozen hauteskundeak, denbora asko falta da oraindik, baina ez dirudi ezkerrak emaitzei buelta emateko gaitasunik izango duenik. Era berean Finlandiako alderdi sozialdemokrata eta ezker alderdiaren artean, ez dago elkarrekin gobernatzeko inolako aurre lanik eginda.
Groenlandian eta faroe Uharteetan ezker alderdiek independentismoari lotuak daude, gure herrian gertatzen den bezala.
Danimarkan udal hauteskundeak izan dituzte duela gutxi eta ezkerrak eskuinak baino bozka gehiago lortu ditu. Aipatzekoa da Alderdi Herritar Sozialistak izandako emaitza onak. Azken urteetan alderdi honek gorakada izugarria izan du, eta ez litzaidake arraroa egingo aurrera begira Sozialdemokratekin batera Danimarkako gobernua eskuratzeko koalizioa burutuko balute. Hala ere , alderdi honen igoera, bere diskurtsoaren epeltasun eta eskuineratzearekin batera eman da. Europar batasuna eta konstituzioaren kontra egon den alderdi hau Lisboako itunaren alde agertu izan da adibidez.
Orokorrean Sozialdemokrazia eta ezker alderdien arteko koalizioak sortzen ari dira. Ezker alderdien diskurtso eta praktikan honek izan ditzazkeen aldaketak aztertzea interesgarria litzateke. Errezagoa da oposizio lana gobernu lana baino. Azken honek kontradikzioak sortuko ditu ezker alderdien baitan, baina era berean, oposizio ta salaketa lanetik gestiora pasatzeak aukera paregabeak sortu ditzazke.
azaroa 18th, 2009
4:32 pm
Europa
George Mitchell, Alfredo Perez Rubalcaba, eta Karmelo Landak ezer gutxi daukate amankomunean.
Lehenengoa Palestinan dihardu Estatu Batuen ordezkari gisa, bakerako bide ezberdinak aztertzen. Bigarrenaren ustez, Ezker Abertzaleak balizko bake prozesu baterako lehenengoak Ipar Irlandan aplikaturiko printzipioak onartzea ez omen du ezer berririk suposatzen. Eta hirugarrenak kartzelan jarraitzen du, epaiketarik gabe, eta nahiz eta Nazio Batuak bere askatzea eskatu berri duen.
Mitchellek Irlandako bake prozesuan emandako laguntza ezaguna eta publikoa da. Nik behintzat hori da beretaz daukadan erreferentzi bakarra. Positiboa gainera.
Rubalcabari buruz ezer positiboa azpimarratzea zaila egiten zait. Ezinezkoa esango nuke. Bake zalea ez dela argi dago. Bere iharduera politikoa kontrakoa adierazten du. Euskal Herrian ondo baino hobeto dakigu hori. Karmelo Landak ederki dakiela esango nuke.
Eta Landari buruz zer esan? Ezagutu dugunok badakigu bere grina eta determinazioa itzelak direla. Jaso dituenak jasota, oraindik ere ilusioa transmititzen duen horietakoa da. Bere konpromiso eta koerentzia kartzelara eraman dute. Hori eta zenbait Rubalcaben erabakia.
Euskal Herrian diren Landa guztiak aktibatu eta lanean jarri behar dira, gure herriak bizi duen gatazka politikoa konpondu nahi badugu, estatu propio bat eraiki nahi badugu. Rubalcaba asko bait dago Espainian, baita gure herri barruan ere bai, eta gogor saiatuko dira hasi nahi dugun bide hau geldiarazten, ahal den moduan oztopatzen. Haiek egungo egoeran eroso bizi dira. Esan bezala, bidea zaila eta oztopoz beterikoa izango da, eta kanpoan dauden Mitchell ezberdinen laguntza beharko dugu zenbait aurrera pausu emateko garaian.
Baina, gauden momentuan gaudela, ez dezagun ahaztu nor den nor.
azaroa 4th, 2009
4:26 pm
Europa
320.000 biztanle inguru eta 103 aireportu dituen herri honek 1944. urtean bilakatu zen estatu. Burutu zen erreferendumean %95ak bozkatu zuen independentziaren alde. Danimarkak erabaki hau errespetatu zuen.
Islandia ongizate estatuaren eta eskandinaviar politikagintzaren eredua izan da. Urteetan mundu mailan egin diren estatistika eta zerrenda ugariren buru. Nazio Batuen 2007-2008 Human Development Index buru eta Gini koefizientearen lehenetarikoa adibidez.
Hala ere, mundu mailan ematen ari den krisiak gogorki kolpatu du Islandiar ekonomia eta honek zurrunbilo sozial eta politikoa eragin du. Islandiar ekonomiaren gainbehera, inoiz egon diren giza mobilizazio eta protesta handienak, gobernuaren dimisioa, hauteskunde berrien antolaketa eta gobernu berri baten aukeraketa eragin ditu hilabete gutxitan. Aliantza Sozialdemokrata eta Ezker-Orlegi mugimenduak osatzen dute gobernu koalizioa.
Islandian orain arte euro-eszeptizismoa izan da nagusi, eta nahiz eta Nazio Batuak, NATO, EFTA eta beste nazioarteko erakundeetako kide izan, ez zirudien islandiarren agendan Europar Batasunean sartzerik zegoen. Hala ere islandiar parlamentu berriak Europar Batasunean sartzeko eskaeraren alde erabaki du duela hilabete batzuk.
Asko aldatzen ari da islandiar gizartea oso denbora gutxian. Ugari dira azken hilabeteetan Islandiatik kanpo lan bila joan diren gazteak. Horren biztanle gutxi duen herri batentzat arriskutsuak dira horrelako migrazioak. Gerta liteke, Europar Batasunarekiko mesfidantza ere desagertzea, baina egun ez dut uste islandiarren gehiengoa Europar Batasunean sartzearen alde dagoenik. Prozesua aurrera badoa, erreferenduma antolatu beharko da eta orduan ikusiko da zer gertatzen den.
Ez dut uste Europar Batasunak islandiar hautagaitzari oztopo handirik jarriko dizkionik, baina eta islandiar herritarrek?
urria 21st, 2009
11:43 am
Europa
Brussel Halle Vilvoorde afera konpondu gabe jarraitzen du Belgikan. Belgikar politikari guztien ahotan dago berriz ere.
Halle eta Vilvoorde Vlaams Bravant probintzi flandestarreko zati dira. Hala ere Halle eta Vilvoorde, Bruselarekin batera hautez barruti bat osatzen dute. BHV bezala ezagutua dena. Eta horretan datza arazoa. Halle eta Vilvoorden bizi diren frantsez hiztunak Bruselan aurkezten diren hautagai frankofonoen alde bozka dezakete. Eta hau, berdintasun printzipioaren kontra doa. Horrela adierazi zuen 2003an Belgikako gorte konstituzionalak, eta horrela aldarrikatzen dute Flandeseko alderdi politiko guztiak.
Kontuan hartu beharra dago Wallonian bizi diren flandestarrak ez daukatela aukera hori.
Are gehiago, Brusela inguruko herrietan (Flandesen) dauden eskola frankofonoei Flandeseko gobernuak urtero 10 miloi euroko diru laguntza ematen dien bitartean, komunitate Frankofonoak eta Walloniako gobernuak ez du gaur arte (nahiz eta konstituzioak kontrakoa adierazi) eskola Flandestarrik onartu Wallonian, eta ondorioz sekula ez du diru laguntzarik eman.
BHV afera erakusten du beste edozein adibide baino argiago Flandestar eta Walloniarren arteko arazoen gordintasun osoa.
Orokorrean, Flandestar instituzioek praktikan gutxiengo frankofonoaren eskubideak errespetatzen dituzten bitartean, Walloniarrek ez dute gutxiengo flandestarrarekin berdina egiten. Eta aldiz, frankofonoen lobby eta presioen ondorioz badirudi egoera guztiz kontrakoa dela. Badirudi flandestarren gehiengo bat, abertzale guztiak behintzat, eskuindarrak direla, frankofonoen kontrakoak, xenofoboak, eta ez dituztela haien aberastasunak “anai txiro” walloniarrekin banatu nahi. Eta horiek direla independentzia aldarrikatzeko haien argudio bakarrak edo benetako arrazoiak.
Errealitatea guztiz ezberdina da. BHV afera ez du konponbide errazik. Belgika estatu bezala desagertzea ez da erreza izango, baina egun bezala jarraitzea ondorio lazgarriak izango ditu flandestar zein walloniarrentzat.
urria 6th, 2009
10:58 am
Europa
2008ko martxoak 1ean Ekuadorreko Sucumbios eskualdean, Kolonbiako ejerzitoak Raul Reyes FARCeko nazioarteko arduraduna eta beste 24 pertsona erahil zituen. Geroztik, bi herrialdeen arteko harremana, minimoetara mugatua dago.
Ekuadorren, Amerikar Estatu Batuetako aire ejerziotaren esku egon den Mantako base militarra, herriari itzuli zaio iragan irailak 18an. 1999. urtean 10 urtetarako kontratua iraungi eta Correaren gobernuak ez du berritu basearen esleipena. Honela, AEBk azkar hasi dira dakizuen bezala, Kolonbian base militarrak ipintzen. Kolonbiatik Hego Amerika osoa kontrolatu nahi dute. Estrategikoki, Kolonbia eta Paraguayko Mariscal Estigarribia base militarren bitartez, zonaldea militarki kontrolatzeko aukera dute. Are gehiago, Txile eta Peruko gobernu kolaboratzaileen laguntza baliatuz.
Honduraseko krisiaren erdian, Amerikar Estatuen Elkarteko ezina agerian dela eta New Yorkeko Nazio Batuen Goi Bilera baliatuz, Kolonbiako Atzerri Ministro Jaime Bermudezek eta Ekuadorreko Fander Falconik, bilerak hasi dituzte bi herrien arteko harremanak bideratzeko. Tartean, Ekuadorrek mesede egin dio Kolonbiari, egun Mexikon bizi den baina garaian, Reyesen kanpamenduan atxilotua izan zen Lucia Morett ikasle mexikarraren estradizioa eskatzerako orduan. Haserrea nagusitu da latino amerikako ezkertiarren artean, Ekuadorrek Luciaren estradizioa eskatu duelako.
Baina gai guzti hauek elkar lotuak doaz. Kolonbia eta Ekuador, ezin dira adiskidetu, Venezuela eta Kolonbia lagunak izatea ezinezkoa den bezala. Amerikan, XXI. mende hasiera honetan, prozesu politiko eta ekonomiko berrietara heltzeko lehia izugarria ematen ari da. Eta blokeak antagonikoak dira. Kapitalismoa versus ALBA. Eta erdian, definitu gabe, batez ere Brasil, eta Lulak gidatzen duen PT.
Fidel Castro eta Obamaren arteko lehia nagusia, Brasil beraien proiektuetara lotzea da. Eta guda horretan, Kolonbiak Hego Amerikako Israel izan nahi du, Ekuadorrek ALBA sendotu nahi duen bitartean. Adi datozen aste eta hilbateetan emango diren mugimenduei.
iraila 23rd, 2009
2:38 pm
Europa
Irailaren 14ean burutu ziren hauteskundeak Norvegian. Gerta zitekeenaren inguruan aritu gara aurretik ere. Ez da sorpresa handirik gertatu. Gobernua osatzen zuen hiru alderdiko koalizioak gehiengoa lortu du berriro ere. Hirukote hau alderdi Sozialdemokrata, Ezker Alderdia, eta Zentru alderdia osatzen dute. Zoritzarrez Ezker Alderdiak 2005ean baino 4 diputatu gutxiago lortu ditu. Koalizio barruan ezker alderdiak izango duen inzidentzia txikiagoa izango da ondorioz. Zentru alderdiak diputatu berdinak lortu ditu, eta sozialdemokratak 3 diputatu gehiago. Eskuinak goraka egin du hauteskundeetan baina ez ditu behar bezain beste bozka lotu. Norvegia Sozialdemokraziaren zuzendaritzapean jarraituko du, ohitura jarraituz, eta hiru alderdi hauen arteko koalizioa errepikatuko da. Hauteskunde aurretik inkestek esaten zuten Rodt alderdi ezkertiarrak diputatu bat lortuko zuela, baina azkenean parlamentutik at jarraituko du. Norvegian alderdi iraultzaile baten diskurtsoak ez ditu jarraitzaile asko lortzen. Ongizate estatuak iraultzarako grina itzali egiten du nonbait. Hala ere Ezker Alderdia, Rodt eta Alderdi Sozialdemokrataren artean bozken %42,9a lortu dute. Ez dago gaizki, Europan eta eskandinavian dagoen eskuinarako joera kontuan hartu ezkero. Norvegiar hauteskundeekin batera Sami hauteskundeak burutu dira. Hauteskunde hauetan ere Alderdi Laboristak lortu ditu diputatu gehien. Sami Alderdi Laborista Norvegiar Alderdi Laboristaren parte da. Zaila dirudi Gobernu zentralaren interesen kontra ezer egingo dutenik. Nik behintzat ez dut uste. Baina, esan bezala, hori izan da Samiek hauteskundeen bidez erabaki dutena. Izan bedi.
iraila 8th, 2009
9:43 am
Europa
Maiz idatzi izan dugu Guerreroko estatua dela Mexikon dagoen txiroenetakoa (Oaxaca eta Chiapasekin batera). Zihuatanejo, Huatulco edo Izatapako hondartzak eta olatuak ere hor daude, baina orohar, estatu txiroa da.
Abuztuak 20an, PRDkoa zen Armando Chavarria, Guerreroko Parlamentuko Lehendakaria hamaika tiroz erahil zuten, etxetik ateratzen zenean. Bizkarzaina Chavarriaren emaztea zaintzen ari zen eta bakarrik zegoen tirokatua izan zenean. Chavarria zen PRDko hautagaia Estatuko Gobernadore posturako (inkestetan nabarmen garaile).
Halere, Torreblanca egungo Gobernadorearekin sekulako lehia zuen Chavarriak. Torreblanca, PRD eta eskuineko PANen baturatik sortutako hautagaia izan zen. PRIren aurka egindako koalizioak hauteskundeak irabazi zituen, baina askotan gertatu ohi den bezala, PRIk erabilitako jukutri guztia errepikatzera iritsi ziren mandatari berriak.
Chavarria, Guerrero Ikasleen Elkarteko liderra izan zen duela 31 urte; Ruben Figueroa gobernadore beldurgarria izandakoa zegoen garai horretan agintean eta politika egiteagatik ehundaka gazte bahitu eta desagertarazi zituzten garai horietan. Egun Torreblancak ordezkatzen dituen botere ekonomiko eta mafiosoen etsairik handiena zen.
Guerrerotik iristen zaizkigun informeak ezin etsigarriagoak dira. Poliziak ez du ikerketarik zabaldu, erahilketa gertatu eta 2 ordutara iritsi ziren … Aguas Blancaseko sarraskian inplikatuatakoak edota Juarezko Kartelarekin harremana izan duten pertsonaiak daude Guerreroko Justizia eta Barne Sailean, eta ez dago inolako interesik erahilketa ikertzeko.
Guerreroko Estatuan hauteskundeak 2010n edo 2011n izango dira (epaibideetan dago hautes eguna!), baina PRIko sektore batzuk ohi duten bezala, kanpaina urte bete lehenago hasi dute. Chavarriaren erahilketa eta gero, PRI da orain, gobernazioarekin egiteko lehen hautagaia.