abuztua 19th, 2008
2:25 pm
Europa
Amerikan gaur egun dagoen gerrila garrantzitsuena FARC-EP da. Azken bi hilabeteetan kolpe latzak jaso ditu: Marulandaren heriotza, nazioarteko zuzenbidea bortxatuaz Raul Reyesen erahilketa Ekuadorren, Ingrid Betancourt eta beste 14 gatiburen askatasun operazioa, non bi gerrilarik beraien erakundea “saldu” zuten (FARC-EPren uztailak 5eko agirian aipatzen den bezala, Cesar eta Enrique kideek ahalmendu zuten gobernuaren askatasun operatiboa …), Ivan Rios komandantearen erahilketa, etab. Uribe eta Bushen errepresio planak garaile ateratzen ari direla dirudi, baina erne, borroka luzea baita Kolonbian ematen ari dena azken hamarkadetan eta FARC-EPrentzat atzerakada izan badira azken gertakari hauek, urruti, oso urruti dago gerrilarekin amaitzea helburu duen Kolonbia Planaren garaipena.

2000. urtetik, Kolonbiako ejerzitoak 4.000 milioi dolarretako diru laguntza jaso du AEBtatik. Dirutzarekin batera, teknolojia izugarri garestia erabili izan da azken urteetan nahiz operatibo hauetan: satelite bidezko jarraipenak, oihanean finkatutako bideo sistemak ibaiak kontrolatzeko, 100 milioi dolar beraien erakundea saldu zutenentzat, etab. Betancourt askatzeko operatiboan gainera, Israelgo Mossad eta Shin Beth taldeko kideak parte hartu zuten. Dena eta denetik, gerrilariekin amaitzeko, irtenbide militarraren beharra gailentzeko. Baina dena, ustela suertatuko zaie.
FARC-EP, Kolonbiako heren batean gailentzen da; 1985. urtetik 2005. urterarte 3.720.428 pertsona desplazatuak izan dira. Desorekak, Amerika osoan bezala itzelak dira. Desoreka horietatik sortzen dira gerrilari berriak, neska mutil gazteak sozialismoaren aldeko borrokan jarduten jarraitzeko prest daudenak.

Israelek Ekialde Hurbilean jokatzen duen jendarme funtzioa betetzen du Kolonbiak egun Amerika hegoaldean eta erdialdean. Venezuela eta Ekuadorrekiko duen nagusitasun militarra funtsezkoa da (nahiz eta ez faktore bakarra izan) Chavezek eman dituen zenbait atzera pauso ulertzeko. Kontestu honetan. FARC-EPk bi funtzio betetzen ditu: lehenik, Kolonbian askatasunerako itxaropen handiena bere borrokak dakar. Bigarrenik, ondoko estatuen aurka eraso militarrik ez emateko oztopo nagusia da.
Errepresio kolpetatik eta espektakulo mediatikotik haratago doa Kolonbiako gerra zibila eta orokortasunari begirada luzatzen asmatu behar dugu.
abuztua 6th, 2008
1:58 pm
Europa
Oporretan dabil jende asko, gora eta behera, munduko zirrikitu ezberdinak ezagutzen.
Hondartza, mendia, hiriak.
Kebab, Chopsuey, moules et frites, fish and chips eta antzekoak jaten.
Abadiako garagardoak, sakea, aqua vita edo a ze nolako edariak dastatzen.
Gero eta urrutiago gero eta hobeago. Gero eta ezberdinago gero eta politago. Argazki kamara digitaleko bateria kargatu berria eta hor gabiltza mugitzen eta mugitzen ez den guztiari tiro egiten.
Normalean oporretan nora joan aukeratzea ez da erreza izaten. Egun dauden hegaldi merkeekin are gutxiago.
Zurrunbilo guzti honen artean, oraindik ere, oporrak brigada politikoan ematea erabakitzen duenik bada gure herrian. Dezente gainera. Beste errealitate politikoak ezagutzeko modu paregabea. Ni ere brigadan joandakoa naiz. Duela urte batzuk eta Irlandara.
Egindako bilera, hitzaldi eta protestaldiak ez ditut oso ondo oroitzen. Han ezagututako jendea eta egindako lagunak aldiz bai. Ederto gainera.
Oporrak pasatzeko mila modu daude. Bakoitzak gustuko duena aukeratu beharra dauka.
Brigadetarako berandu ibili bazara, baina hala ere, oporrak prozesu politiko ezberdinak ezagutzeko erabili nahi badituzu, badira tokiak Europan non paraje ederrak bisitatzeaz aparte, independentziaren inguruko eztabaida biziak izango dituzun. Beti ere bertokoekin hitz egitera animatzen bazara.
Katalunia, Korsika, Eskozia, Feroe Uharteak, Sardinia, Flandes, Kosovo, Montenegro eta abarretan euskaldun aurkezten zarenean ez dizute aurpegi txarrez begiratuko.
Hauetako batzuk independentzia lortu dute, beste batzuk lortzear daude, eta badira ere independentziatik oso urruti daudenak oraindik. Mugimendu abertzalea ezkertiarra da hauetako batzuetan, eskuindarra besteetan.
Oporretan disfrutatu eta indar berritu, gure herrian egiteko asko geratzen baitira oraindik.
uztaila 23rd, 2008
9:32 am
Europa
Udako Euskal Unibertsitatean GAINek antolaturiko ikastaroan parte hartzeko aukera izan berri dut. “Beste bideak eta beste esperientziak: Estatu gabeko naziotik, nazio estatura!”.
Ikastaroan Montenegro, Kosovo, Eskozia, Katalunia eta Flandes europar nazioetako kasuak aztertu ditugu. Beste herrietako borroketako esperientziak oso lagungarriak izan daitezke. Europan kokaturiko borrokak izanda gurekiko eragin zuzena izan dezaketenak. Parekotasun eta ezberdintasunak aztertzea inportantea da, eta kasu bakoitzetik guri balio diguna hartu eta beste guztia alde batera utzi. Unilateralismoa, subiranotasunaren etengabeko gorakada, federalismoa, hizkuntza politikak, principle of consent, autonomia politikak aztertzea oso interesgarria izan da. Estatu txikien bideragarritasun ekonomikoaren inguruan asko ikasi dugu.
Ikastaroan Quebec, Puerto Rico eta Maputxe amerikar herrietako borrokak ere aztergai egon dira. Euskal Herritik oso urrun egonda gurekiko parekotasunak eta gurean izan dezaketen eragina txikiagoak direla esango nuke, baina era berean hauetan aztertu ditugun zenbait gai eta kontzeptu oso interesgarriak dira. Jatorrizko herrien lurrarekiko lotura, Puerto Ricoren estatus berezia, edo ta Quebec-en dagoen prozesua.
Euskal Herria ez dago isolatua. Globalizazioa eta nazioarteko kapitalismoak eragin zuzena dute gurean. Europar Batasunean kokatuak gaude, gustatu edo ez. Irlanda, Hego Afrika eta beste hainbat gatazken konponbidean nazioarteak oso paper garrantzitsua izan du. Gurean ere beharko luke.
Euskal Herrian horrelako ikastaro gehiago egon beharko lirateke. Gure borroka nazionalak ez du aurrera egingo nazioartean kokatzen ez dugun bitartean. Gure borroka, funtsean, nazioartekoa delako. Hortaz konturatu arte jai daukagu. Ikastaroan 10-15 lagun baino ez zuten parte hartu.
uztaila 3rd, 2008
9:13 am
Europa
EPRko bi gerrilari Oaxacan atxilotu zituzten 2007ko maiatzak 25ean. Edmundo Reyes Amaya eta Gabriel Alberto Cruz Sanchez, Ejerzito Herritar Iraultzailearen kideak ziren. EPR, Mexiko osoan zabalduta dagoen indar armatu iraultzaile garrantzitsuena da.
Iragan ekainak 22an EPR-k ateratako agirian, Jonas Gutierrez Corro komandantearen bahiketa salatu zuten.
Argentinako diktaduran eta Kondor Operatiboaren baitan Amerika osoan gertatu gehiegikeriak ezagunak zaizkigu. Mexikok aldiz, joko bikoitza zuen garai hartan: Amerika osotik zetozten iheslariak hartzen zituen aterpea emanaz; bestetik, bere herriko iraultzaileak atxilotu, torturatu, zentro klandestinoetan bizi arazi eta azkenean desagertu egiten zituen. Rosario Ibarrak sortu zuen EUREKA desagertutakoen senideen elkarteak borrokatu du azken hamarkadetan seme alaben bila, eta Mexikon sarraski guzti hauen arduradunen atzetik.

Baina historia setatia da. Eta agintarien ez gaitasuna arazo sozialei aurre egiteko ikaragarria. Carlos Montemayorren azken liburuan, “La guerrilla recurrente”, nabarmen agertzen dira EPR bezalako erakunde baten sorrera eta iraupenerako dauden arrazoiak, nekazarien esplotazioa, diferentzia sozial ikaragarriak, etab. Eta ez gaitasun ikaragarriaren aurrean, ohiko erantzun setati eta krudelak Estatuaren partetik.
EPRk eskatuta eta gobernuak onartuta, bi aldeen artean hitz egiteko batzorde bat sortu da, atxilotu-desagertuen egoera argitzeko. Bertan, goian aipatutako bi pertsonekin batera, Lopez y Rivas, Samuel Ruiz, Enrique Gonzalez Ruiz, Juan de Dios Hernandez eta Granados Chapa daude, guztiak giza eskubideen aldeko militanteak eta ezkertiarrak.
Haien lanak ez du noski Mexikok bizi dituen desoreka izugarriak amaituko, baina balioko al du gutxienez desagertutakoen nondik norakoa jakiteko?
ekaina 25th, 2008
10:26 am
Europa
Irlandak ez esan dio Lisboako itunari. Lehenago Frantzia eta Holandak Europar Konstituzioari ez esan zioten bezala. Oraingoan aldiz, badirudi Europar Batasunak itunarekin aurrera egiteko erabakia hartu duela. Nola? Noiz?
Gainontzeko 26 estatuek onarpen prozesuarekin jarraituko dute. Eta onartuko dute, ez baita beste inon galdeketarik egingo. Hala ere, jakina da Irlandaren onarpenik gabe ezingo dela ituna martxan jarri. Eta jakina da ituna dagoen bezala jarraitu ezkero irlandako gobernuak zailtasun handiak izango lituzkeela bigarren erreferendum bat antolatzeko.

Beraz, zer egin irlandarrekin?
Badirudi, europar teknokratak buruan daukaten formuletako bat litzatekela irlandarrentzako klausula bereziak ezartzea itunean. Sinn Feinek erreferendum kanpainan eskaturikoa partzialki onartzea litzateke. Hau da, A better deal is Possible!
Lisboako ituna bere horretan geratuko litzateke, baina irlandarrentzako ezaugarri bereziekin. Modu honetan itunari aldaketak egingo litzaizkioke eta bigarren erreferendum bat antolatu ahalko litzateke.
Gainontzeko 26 estatuek onartuko dute? Eta bereziki, irlanda bezala, estatu txikiak direnak, onartuko dute haien inzidentzia politikoaren murriztea, Irlandak partzialki bada ere berea mantentzen duen bitartean?
Bigarren aukera litzateke beste erreferendum bat antolatzea, beti ere, europar hauteskundeak baino lehen, eta irlandarrei bi aukera emanez. Lisboako itunaren baldintzak onartzea edo ta Europar Batasuna uztea. Hau ez da legalki posible, baina aukera honen inguruan hitzegiten ari da, nire ustez, irlandarrak beldurtzeko bereziki.
Momentuz Txekiar Errepublika eta Txipreko lehendakariak izan dira, publikoki Lisboako itunaren onarpen prozesuarekin jaraitzearen kontra azaldu diren bakarrak.
Europar Batasunak adierazten duenaren kontra, hau ez da Irlandarren arazoa. Europar Batasunarena baizik.
ekaina 12th, 2008
10:11 am
Europa
Artikulu hau idazten ari naizen momentu berean, Irlandan Lisboako Itunaren inguruko erreferenduma izaten ari da. Emaitza zein izango den ez dago batere argi. Azken egun eta asteetan atera diren inkestak datu kontrajarriak adierazi dituzte. Argi dago edo ematen du behintzat, baietzak edo ezetzak tarte gutxiko diferentziarekin irabaziko duela. Europaren etorkizuna tarte gutxi horren arabera erabakiko da. Nire ustez atera daitekeen lehenengo ondorioa da, Lisboako itunaren onartze prozesua ez dela batere demokratikoa izan.Pentsa dezaket irlandar kasua bezala, suediarren, finlandiarren, austriarren edo euskaldunen iritzia, besteak beste, itunaren kontrakoa izan daitekeela. Agian. Zeren jakin, ez dugu jakingo, horretarako aukerarik ez ematea erabaki baitute Europar Batasuna osatzen duten estatu guztiak, irlandarra salbu. Artikulu hau prentsan ateratzen denerako emaitzaren berri izango dugu eta balorazioak egiteko ordua izango da. Hala ere Europako agintariak ez daude batere lasai, eta hori seinale ona da.
Inkestekin jarraituz, aste honen hasieran, Het laatste Nieuws egunkari flandestarrak atera duen inkesta baten arabera, lehenengo aldiz Flandestarren gehiengoa independentziaren alde egongo litzateke. Hala ere, Flandestarrei ez zaie momentuz, haien etorkizunaren inguruan ezer galdetuko. Ikusi beharko da Uztailerako Belgikako Gobernuan aurreikusten den krisiarekiko alderdi flandestarrak zer egiten duten. 2009an Flandrian hauteskundeak daudela ezin ahaztu ere.
Azkenik aipatu nahiko nuke, Kataluniako UOC unibertsitateak egindako ikerketa. Ikerketa honen arabera katalandarrak independentziaren aldeko hautua egingo lukete horretarako aukerarik balute. Baina jakin badakigu, momentuz behintzat, halako galdeketarik ez dela egingo Katalunian. Euskal Autonomi Erkidegoan galdeketaren inguruan dagoen zalaparta guztia egonda ere, galdeketarik ez dela egongo ondo dakigu.
maiatza 27th, 2008
12:02 pm
Europa
Nelson Mandela hegoafrikar borrokalariak, 90 urte beteko ditu datorren uztailak 18an. Hori dela eta, Londresen festa handi bat antolatu dute bera omentzeko. Bertatik aterako den dirua, Mandela berak sortutako IHES-aren aurkako fundaziora joango omen da.

Nelson Mandela XX. mendeko pertsona handienetakoa da. Umkhonto we Sizwe erakunde armatuaren sortzailea 60ko hamarkada hasieran, berak onartu duen bezala. Apartheidak suposatu zuen klase mailako eta arrazakeriz beteriko sistema oso baten aurka borrokatu zuen, aipatu erakundean nahiz honen beso politikoa zen ANCren baitan.
Mandela bakearen ikur bihurtua dute 1990ko otsailak 11ean Robben Islandeko espetxea atzean utzi zuenetik. Egun horretan bertan, Ciudad El Cabon milaka eta milaka lagunen aurrean honako hitzak egin zituen: “borroka armatuaren bidea hartzea, erabaki erabat defentsiboa izan zen Apartheidaren aurkako biolentziaren aurrean. Egun ere borroka armatua ezinbestekoa egin zuten faktoreak indarrean daude. Jarraitu beste aukerarik ez dugu”.
Espetxean zegoela, 1989. urtean, Pieter Botha Hegoafrikako presidenteari igorri gutunean, “borroka armatua autodefentsarako tresna zilegia da, bake bidezko aldarrikapenak gauzatzen uzten ez dituen gobernu ez demokratiko bati aurre egiteko” jaso zuen. Zanpatuek, beste tresnik ezean, indarra erabiltzearen aldeko defentsa egin du beti Mandelak.
Era berean, Rivonian 1964. urtean epaitu zutenean, bere buruaren abokatu lanetan honako hitzak egin zituen bere defentsa prestatzerakoan, “bortsarik gabe ezin dugu afrikar herria askatasunera eraman” (…) “biolentzia, biolentziarekin erantzutea erabaki genuen”.
Mandela gudari bat izan da, Afrikako herriek burutu zuten askapen prozesuen buru argienetako bat. Londresen burutuko den kontzertuan, Gordon Brown eta Bill Clinton bezalako zanpatzaileak joango omen dira. Eta nik galdetuko nieke, noiz da borroka armatua terrorismoa eta noiz askapen prozesu zilegien tresna? Edota sinpleagoa, irakurri al dituzte Mandelak idatzitako testuak?
60 urte Al-Nakban… 60 urte borrokan izenburuarekin, IUPP edo The International Union of Parliamentarians for the defence of the Palestinian cause, hirugarren kongresua Bruselan burutzen ari da egun hauetan.
350 diputatuk osatzen dute sare hau. Amerika, Europa, Asia eta Afrikako diputatuak Palestinarren aldeko lobby parlamentarioa antolatzen saiatzen ari dira. Ez da lan makala.
Kongresuaren eta sare honen inguruko informazioa http://iupfp.com webgunean aurki daiteke.

Gero ta indibidualistagoak garen garai hauetan Askapena bezalako erakundeak internazionalismoa bultzatzen jarraitzen dute. Goraipatzekoa. Askapenak palestinar herriaren aldeko elkartasuna adierazteko hainbat konzentrazio eta hitzaldi antolatu ditu egun hauetarako. Hauen zerrenda hemen topatuko duzue.
Parlamentari sare asko lanean dihardute helburu edo borroka ezberdinak aurrera eraman nahian. Nik beste bi aipatu nahi ditut
AWEPA, 1984ean sortua, Hego Afrikar Apartheidaren kontra jarduteko antolaturiko sarea. Boikot kanpainak eta beste motatako ekimen oso interesgarriak aurrera eraman zituen. Egun oso helburu ezberdinak ditu.
Gernika Sarea, 2007an sortua, Europar hainbat herrietako hautetsiak osatzen dute sare hau, eta bere helburua Euskal Herriko Autodeterminazio eskubidearen aldeko lobby parlamentario bateratua egitea da.
Gaza, Gernika, Derry, Soweto. Beste ehun hiri, herri, auzo aipatu daitezke. Gaurkoan nire elkartasun osoa Palestinar Herriari adierazi nahi nioke eta baita aurrera daramaten borroka askatzaileari.
Gora Palestina Libre!
maiatza 1st, 2008
10:26 am
Europa
Belgikan egoera politikoa gero eta gehiago ari da konplikatzen. Waloniar eta flandestar alderdiak 6 hilabete eman zituzten gobernu akordio bat lortu ahal izateko. Hala ere akordioak ez zuen oraindik, flandestarrak belgiar estatuaren egin nahi duten erreforma sakona lotzen. Gai honi Uztaila arteko tartea utzi zitzaion.
Denon buruan zegoen beraz, Belgikaren etorkizun hurbila Uztailean erabakiko zela. Urteak daramate ados jarri barik. Eta ez dirudi, Uztailean erreforma sakonik adosteko gaitasunik izango dutenik. Waloniarrak betoa ezarriko diote behin ere. Ziur. Duda bakarra, flandestar alderdiak honen aurrean nola jokatuko duten, are gehiago 2009an Flandestar parlamenturako hauteskundeak daudela jakinda. CD&V alderdiak waloniarrak inposaturiko erreforma txikia onartzeko prest egon daitezke, gobernu federala haien eskutan mantentzeko helburuarekin. Baina ziurrenik erabaki hau, N-VA alderdi abertzaleak ez luke onartuko eta CD&V alderdiarekin daukan koalizioa apurtuko luke. Krisia edozein kasutan ere.

Krisia hala ere, ustekabean, aurreratu daitekela dirudi. Aurreko astean eta flandestar guztien harridurarako, Parlamentu federalean alderdi Waloniarrak Halle-Vilvoorde gaiaren inguruan erabaki bat hartu ahal izateko orain arte erabili izan duten blokeoa alde batera utzi zuten. Horrek esan nahi du Halle-Vilvoorde afera datorren astean debatituko dela ziurrenik, eta gai horren ingurua parlamentu federalak erabaki bat hartu beharko duela. Halle-Vilvoorde Flandriar Vlaams Brabant probintzian dago, Brusela kanpoaldean, eta Neerlandar hizkuntz mugaren barruan.
Hala ere aurreko estatuaren erreformak, gainontzeko eskualdeetan ez bezala, Halle-Vilvoorde eta Brusela zirkuzkripzio bakarrean jarri zituen hauteskunde federalen bozkei dagokionez. Horrek esan nahi du Halle eta Vilvoorden alderdi frankofonoak aurkez daitezkela hauteskunde federaletan. Halle-Vilvoorde Brusela kanpoaldean egonda, asko dira bertara bizitzera joan diren frankofonoak, eta hauteskundeetan igerri egiten da. Frankofonoek ez dute egoera hau aldatu dadin nahi eta flandestarrak ez dirudite egoera bere horretan jarraitu dezan onartzeko prest. Brusela flandriar hiriburu historikoa da, eta Flandriar muga barruan kokaturik dago. Urteen poderioz aldiz Brusela frankofonoa bilakatu da, Waloniar eta belgiar elite frankofonoaren politiken ondorioz. Fladestarrak es daude prest haien lurraldearen beste zatirik galtzeko.
Hau estatu federalaren eta lurralde zein hizkuntz banaketaren kontra doa guztiz. Gainontzeko probintzietan ezin daiteke holakorik egin. Belgiar auzitegi konstituzionalak Halle Vilvordeeren egoera inkonstituzionala dela esan du, eta konpondu bitartean ezin direla hauteskunde federalak berriz egin. Gaia beraz, korapilotsua da, eta ez dirudi inolaz ere, waloniarrak eta flandestarrak honen inguruan ados jarriko direnik. Bi aukera posible. Parlamentu federalean gaia bozkatzera heltzen bada, gobernu federaleko waloniar eta flandestar arteko akordioa pikutara doa behin ere. Gaia berriz ere waloniarrek blokeatzen badute Uztailerako burutu behar den akordio orokorra ezinezkoa izango da.
Krisis krisira doan gobernu honen jarduera agerian uzten ari da Belgiar estatuaren etorkizuna ez dagoela ziurtaturik. Bitartean Flandrian independentista kopurua handitzen ari da. Inkesta ezberdinen arabera egun, %40 eta %60a tartean independentziaren alde dago Flandrian.
apirila 16th, 2008
2:24 pm
Europa
Europako jendarte foroa Malmon burutuko da 2008ko Irailaren 17tik 21era. Malmo, Suediako hego mendebaldean kokaturik, Kopenagetik ordu erdira dago trenez.
Florentzia, Paris, London, Atenas eta orain Malmo (www.esf2008.org).
Europar Batasuneko eraikuntza prozesua, prekarietatea, klima aldaketa, subirautza nazionala, bakea, asko dira eztabaidatuko diren gaiak.
20.000 lagunen parte hartzea espero dute antolatzaile suediarrak. Aurreko edizioetan Ipar europako parte hartzea oso txikia izan da europako beste herri batzuekin alderatuz eta hori da Foroa Suedian antolatzeko arrazoietako bat.
Euskal Herriak bizi duen gatazka ere bere lekua izango du eztabaiden artean. Aurreko foroetan bezala, oraingoan ere gure herriaren argazki politikoa azaltzeko aurkezpen publiko ezberdinak egingo dira.
Hala ere, Europako jendarte foroak baditu ere hobetzeko hainbat kontu. Ez du lortu, oraindik ere borroka sozialen eskaparate hutsa izatetik haratago joatea. Hasierako helburu nagusietako bat mugimendu sozialen arteko sareak eraikitzea zen, antzeko borroketan zebiltzaten mugimendu sozialen arteko harremanak bideratu eta bultzatu nahi ziren. Hau ez da lortu, eta ez dago batere argi Europako Jendarte foroa noruntz joan nahi duen.
Europan, Mugimendu sozialak ez dira denak berdinak, eta badago hauen artean ere elite txiki bat. Elite hau da europako foroaren nondik norakoak erabakitzen dituena. Zaila izan behar du horrenbeste jende, mugimendu, ideologia elkarrekin koordinatzea, baina era berean ez dirudi foroak funtzionatzeko daukan metodologia Guztien parte hartzea errezten duenik.
Kritikak alde batera utzita, Europako Jendarte Foroa baditu oso positiboak diren hainbat gauza. Lehenengoa, beste Europa eredu bat eraikitzea posible dela sinizten duten milaka militante biltzea lortzen duela. Eztabaida interesgarriak entzuteko aukera ematen du, eta era berean gure borrokak europako beste toki batzuetan ematen diren borrokekin antzekotasun handiak dituztela ikusteko aukera paregabea da. Gurea azaldu eta besteetaz ikasi. Hori gomendatuko nieke Malmora joateko erabakia hartu duten euskaldunei.