rssgaur8 logotipoa

Tranparen islada

Jon Urbe argazkilari eta blog honetako kolaboratzailearen eskaerari jarraiki, berak orain arte egindako ekarpen guztiak ezabatu ditugu Ikusmira blogean.

Sarrera honen egileak adierazi digunez, “Tranparen islada” izeneko sarrerarekin bere helburu bakarra argazkilaritzaren inguruko eztabaida sortzea zen, baina bere asmoa ez zen inor mintzea izan.

Eztabaidak hartu duen bidea kontuan hartuta eta informazioarekin  lotuta zeuden pertsona batzuk minduta sentitu direla ikusita, Jon Urbek afera honen inguruko bere ekarpen guztiak ezabatzea eskatu digu minduta sentitu direnekiko begirune keinu legez.

Begiak hitz guztiak alferrik ditu

Iñaki de Juana gose greban

Noizean behin, aldian-aldian zerua zeharkatzen duen kometaren modura, beste guztien gainetik nabarmentzen den argazki bat azaltzen da. Eskola horretakoa da Iñaki De Juana Chaos gose greban ospitaleko ohean azaltzen digun argazkia. Kasu honetan, inork ez dio erreparatuko argazkiaren alde teknikoari; enkuadrea, fokoa edota argia behar bezala neurtu ote den garrantziarik gabeko kontuak bihurtzen dira. Inori ez zaio burutik pasatu ere egingo argazkia hobe egin ote zitekeen pentsatzea. Asko irudikatzen saiatzen ari ginen egoera eta beste asko ezkutatu nahian zebiltzana agertzen du irudi horrek. Eska dakiokeen guztia biltzen duen argazkia da; alegia, hitz gutxi behar ditu. Argazki-kazetaritza handi
egiten duen irudia, gure memoria kolektiboan leku bat irabazi duena.

Zenbat egunkari bete beharko genituzke letraz De Juanaran egoera zein zen azaltzen saiatzeko? Zein izango zen bere egungo egoera argazki hori argitaratu izan ez balitz? Elkarrizketa hori argitaratuko ote zuen “The Times” egunkariak argazkirik ez balego? Oso tarteka, letrez eta hitzez osatutako mendixken artetik irudi bat nabarmentzen da; testurik behar ez duena, azaltzen duena deskribatzeko, eta argazkiak testuaren lagungarri ez lukeela izan behar gogora ekartzen diguna. Agian, mila hitz irudi batek azaltzen duena esplikatzeko motz geratzen direla agerian uzten duten argazki horietakoa.

J. Urbe