Mugak
Nolakoak diren gauzak, aste osoa testu honetarako gaia pentsatzen aritu ostean, Espainiako estatuan argazkien erabileraren inguruan sortutako hiru berri ailegatu zaizkit egun berean. Hiru albiste horietako bat arteari edo arte munduko diru-laguntzei buruzkoa da. Beste biek, berriz, jantziak saltzen dituzten bi enpresen publizitate kanpainak aztertzen dituzte. Nik umeentzako arropak saltzen dituen enpresaren kasua aukeratu dut. Kanpaina abiatu eta eztabaida sortu da. Arturo Canalda, Madrilgo Autonomia Erkidegoko Adingabekoen defendatzaileak, dei ugari jaso omen ditu iragarkia erretiratzeko eskatzeko. Kezkatuta dago Canalda. Bere ustez, irudia «legalitatearen mugan» dago (beste argazkiek ez dute polemikarik sortu). Bi neska gazte ezpainak margotuta azaltzea ez da «normala» Canaldarentzat. Urrunago ere joan da: gazteegiak izateaz gain, bi neskak ez dira gure ingurukoak, helduak bezala jantzita daude eta arropa gutxi daramate soinean. «Iragarkiak turismo sexualera bultzatzen duela dirudi», esan du. Hurrengoa ere gaineratu du: «Gaitza da umeen arropaz ari garela somatzea». Argazkiari begira diezaiogun. Ba al dago turismo sexualari erreferentzia zuzenik egiten dion zerbait? Ezer gaiztorik erakusten al digu? Ez al gaituzte gure kezkak, beldurrak edo auskalo zer irudikatzera eramaten? Hain arraroa al da adin horretako neskak ezpain gorriekin ikustea? Benetan ez al dira «gure ingurukoak»? Helduen jantziak al dira? Ez dut nik publizitate mota jakin baten defentsarik egingo, baina iragarkia «legalitatearen mugan» al dago?
Gari Garaialde

