rssgaur8 logotipoa

Mugak

armanijunior

Nolakoak diren gauzak, aste osoa testu honetarako gaia pentsatzen aritu ostean, Espainiako estatuan argazkien erabileraren inguruan sortutako hiru berri ailegatu zaizkit egun berean. Hiru albiste horietako bat arteari edo arte munduko diru-laguntzei buruzkoa da. Beste biek, berriz, jantziak saltzen dituzten bi enpresen publizitate kanpainak aztertzen dituzte. Nik umeentzako arropak saltzen dituen enpresaren kasua aukeratu dut. Kanpaina abiatu eta eztabaida sortu da. Arturo Canalda, Madrilgo Autonomia Erkidegoko Adingabekoen defendatzaileak, dei ugari jaso omen ditu iragarkia erretiratzeko eskatzeko. Kezkatuta dago Canalda. Bere ustez, irudia «legalitatearen mugan» dago (beste argazkiek ez dute polemikarik sortu). Bi neska gazte ezpainak margotuta azaltzea ez da «normala» Canaldarentzat. Urrunago ere joan da: gazteegiak izateaz gain, bi neskak ez dira gure ingurukoak, helduak bezala jantzita daude eta arropa gutxi daramate soinean. «Iragarkiak turismo sexualera bultzatzen duela dirudi», esan du. Hurrengoa ere gaineratu du: «Gaitza da umeen arropaz ari garela somatzea». Argazkiari begira diezaiogun. Ba al dago turismo sexualari erreferentzia zuzenik egiten dion zerbait? Ezer gaiztorik erakusten al digu? Ez al gaituzte gure kezkak, beldurrak edo auskalo zer irudikatzera eramaten? Hain arraroa al da adin horretako neskak ezpain gorriekin ikustea? Benetan ez al dira «gure ingurukoak»? Helduen jantziak al dira? Ez dut nik publizitate mota jakin baten defentsarik egingo, baina iragarkia «legalitatearen mugan» al dago?

Gari Garaialde 

Zhu Yi! Txinatarrak Artiumen

followme1.jpg

 Wang Qingsong

Txinako ekonomiaren indartze azkarra ahoz aho dagoen honetan, bertako gizartera gerturatzen gaituen erakusketa zabaldu dute Gasteizko Artiumen. Eta zer argazkia baino hobe bertako errealitatea azaltzeko. Txinako hogeita hamahiru argazkilariren 140 lan izango dira ikusgai. “Hautatutako artistek historiaren ohiturak eta gaur egungo globalizazioaren errealitatea jartzen dituzte aurrez aurre. Iraultza Kulturalaren garaiko ideologiaren kontrol zorrotzaren ondoren, 80. hamarkadan hasi zen txinatar artea berpizten, 90. hamarkadan nabarmendu zen eta, orain, belaunaldi berri honekin, aurrera egin du, eta iraganari gauza exotiko bat bailitzan begiratzen dio, kultura global baten arriskuak eta gozamenak kar ironiko eta lakoniko baten bidez lotuz. Etorkizuneko hirietako eguneroko bizitzari eta alienazioari adi –non eraso atomikoen eta terroristen aurreko babesgabetasuna gero eta handiagoa den–, artista txinatarrak beste arrisku batekin bizi dira, kontrolik gabeko kontsumismoak berekin dakarren hutsune gero eta handiagoaren sentipenarekin. Batzuetan malenkoniaz, halako iragan mitiko baten ideia dela-eta, eta beste batzuetan etapa berri (itxura batera) oparo batean sartzen ari dela jabetzen denaren optimismoaz, erakusketa honetan artistek kultur eraginen konplexutasuna islatzen dute eta eragin horiek nola proiekta daitezkeen erakusten du, beren lanetan edertasuna eta grina neurtuz”. Artium Museoko Iparra aretoan, martxoaren 15tik irailaren 23a bitartean.

Tranparen islada

Jon Urbe argazkilari eta blog honetako kolaboratzailearen eskaerari jarraiki, berak orain arte egindako ekarpen guztiak ezabatu ditugu Ikusmira blogean.

Sarrera honen egileak adierazi digunez, “Tranparen islada” izeneko sarrerarekin bere helburu bakarra argazkilaritzaren inguruko eztabaida sortzea zen, baina bere asmoa ez zen inor mintzea izan.

Eztabaidak hartu duen bidea kontuan hartuta eta informazioarekin  lotuta zeuden pertsona batzuk minduta sentitu direla ikusita, Jon Urbek afera honen inguruko bere ekarpen guztiak ezabatzea eskatu digu minduta sentitu direnekiko begirune keinu legez.

Indalezio Ojanguren, Kajoitxu

Estatutuaren bozketa

Indalezio Ojanguren Kajoitxu argazkilari eibartarrarena da goiko irudia. 1933 urtean, Espainiako bigarren errepublika garaian, emakumeek lehenengo aldiz bozkatu zuten Euskal Estatutuaren hauteskundetan.

Argazkia Eibarko kultur ondarea kudeatzen duen Egoibarra batzordearen webgunean dago zintzilik, errepublika garaiko beste askorekin batera.

Egun, Eibarko Klub Deportiboak argazki lehiaketa bat antolatzen du Kajoitxuren omenez.

Begiak hitz guztiak alferrik ditu

Iñaki de Juana gose greban

Noizean behin, aldian-aldian zerua zeharkatzen duen kometaren modura, beste guztien gainetik nabarmentzen den argazki bat azaltzen da. Eskola horretakoa da Iñaki De Juana Chaos gose greban ospitaleko ohean azaltzen digun argazkia. Kasu honetan, inork ez dio erreparatuko argazkiaren alde teknikoari; enkuadrea, fokoa edota argia behar bezala neurtu ote den garrantziarik gabeko kontuak bihurtzen dira. Inori ez zaio burutik pasatu ere egingo argazkia hobe egin ote zitekeen pentsatzea. Asko irudikatzen saiatzen ari ginen egoera eta beste asko ezkutatu nahian zebiltzana agertzen du irudi horrek. Eska dakiokeen guztia biltzen duen argazkia da; alegia, hitz gutxi behar ditu. Argazki-kazetaritza handi
egiten duen irudia, gure memoria kolektiboan leku bat irabazi duena.

Zenbat egunkari bete beharko genituzke letraz De Juanaran egoera zein zen azaltzen saiatzeko? Zein izango zen bere egungo egoera argazki hori argitaratu izan ez balitz? Elkarrizketa hori argitaratuko ote zuen “The Times” egunkariak argazkirik ez balego? Oso tarteka, letrez eta hitzez osatutako mendixken artetik irudi bat nabarmentzen da; testurik behar ez duena, azaltzen duena deskribatzeko, eta argazkiak testuaren lagungarri ez lukeela izan behar gogora ekartzen diguna. Agian, mila hitz irudi batek azaltzen duena esplikatzeko motz geratzen direla agerian uzten duten argazki horietakoa.

J. Urbe 

World Press Photo


Word Press Photo 06

Spencer Platt argazkilari estatubatuarrak irabazi du 2006ko World Press Photo lehiaketa. Irudian, gazte libanoar batzuk luxuzko auto batean ageri dira Beiruteko kale txikituetan barrena, 2006ko abuztuaren 15ean.