“El aragones ye una luenga prou chicota!” esan zidan aurreko asteburuan Bartzelonan ezagutu nuen gazteak. Eta arrazoia zuen, aragoiera oso hizkuntza txikia da. Datu optimistenek dioten 30.000 hizkun dituela, baina aragoieraren alde egiten dutenek diotenez 10.000 ere oso datu positiboa litzateke. Horietako gehienak herri isolatuetan bizi dira, etxean baino ez dute egiten eta zaharrak dira. Guzti hori kontuan hartuz gero 300-500 inguru izango dira aragoieraz idatzi eta hitz egiteko gaitasuna dutenak.
Baina Nafarroa Oinezeko leloak zioen bezala, “Chicotz es gran”, eta gutxi batzuen artean sekulako lana egiten dabiltza teknologia berriak erabilita. Espainiar inperialismoak inposatzen duen “modernitatea” izan zen egoera horretara eraman zuena, baina orain modernitateak ere ekarri ahal dio bisibilitatea hobetzeko sistema bat.
Interneten hiztun kopuruko artikulu gehien duen Wikipedia eraiki dute, 25.000 artikulu gainditu dituen proiektua. Skype eta Moodle erabilita aragoierazko klaseak ematen dabiltza orain arte aukerarik egon ez den lekuetan. Eskolak ukatzen duen alfabetatzea sarean hedatzen dabiltza. Aragoieraren Akademiak baino azkarrago heltzen dio hitz eta termino berriak erabiltzeari. Eta hau guztia gutxi balitz, aragoieratik euskara, gaztelera, ingelera, katalanera eta alemanera hiztegiak eraikitzen dabiltza.
UNESCOren arabera Europako hizkuntzarik mehatxatuena da behinola Euskal Herriko herri zein bailara askotan hitz egiten zena. Interneti esker badakigu existitzen dela. Eta hortik eskoletan normalizazioa eskatzera pauso gutxi daude, ezta?
Esparru guztietan ikusten ari gara: indarrak bildu eta helburu komunen alde bultza egiteko gogotsu dago jendea eta eragile andana. Eskubide zibil eta politikoen defentsan, indar soberanisten arteko adostasunen bila edo aste honetan ikusi dugun bezala, gehiengo sindikalaren indarraz Greba Orokorra eginez, geroz eta gehiago dira sortzen diren dinamika bateratuak.
Hezkuntzan, ordea, eztabaida klasikoak dira nagusi. Orain aste gutxi Altsasuko hitzondo.net webgunean orain dela 25 urte idatzirik egon zitekeen artikulua irakurri nuen, publiko/pribatu eztabaidan sakontzen. Bitxi da: maila guztietan adostasunen bila abiatzen garen bitartean badirudi hezkuntzan bereizten gaituzten gauzei arreta handiagoa jartzen diegula.
Biltzeko garaia da. Hezkuntza Eskubideen alde gauden guztiok proiektu antzekoak ditugu. Edo, gutxienez, UPN-PSE proiektuekin kontrajarriak dira. Ziur nago ikastola edo eskola publiko euskaldunaren defendatzailerik sutsuenek bat egiten dutela eskola euskalduna eta herritarraren alde. Zein da, orduan, arazoa?
Bultza egiteko garaia da. Abestiak zioen bezala “zuk hortikan eta nik hemendikan”. Bakoitzak bere lanean, baina norabide berean. Urtero milaka herritarrek bat egiten dute euskarazko hezkuntzaren alde, eta herritarren gehiengoak nahi du hezkuntzaren gainea erabakitzeko eskubidea izatea, ezta? Sinisten badugu Euskal Herriko gehiengoak bi printzipio hauekin bat egiten duela, eztabaida antzuak alboratu eta bat-egiteko garaia da. Nire gomendioa, beraz, bildu eta .bultza. Eta ikusiko duzue, nola nola, behar ez dugun guztia, laster eroriko den.
Gezurra dirudi, baina inoiz munduan egin den Entziklopediarik handienak 10 urte baino ez ditu. Hau da, nik Bigarren Hezkuntza bukatu nuenean ez zen existitzen. Lehen eskolarako lan bat egin nahi nuenean nahiko zaila nuen: entziklopediak kontsultatu behar ziren, liburuak, galdetu… zorionez etxean 3 ezberdin genituen: txikia zen bat, termino askorekin baina azalpen gutxi eta zahartuekin; zabalagoa zen bat, 80ko hamarkadako edukiekin baina orokorrean nahiko ona; eta euskarazko Lur Entziklopedia eta bere liburu tematikoak.
Ez dizuet gezurrik esaten: askotan irakurtzen nuen Entziklopedia plazer hutsagatik. Hiztegiekin ere komunera behin baino gehiagotan joan naiz, hitz berriak tarte horietan ikasteko asmoz. Baina hamar urte igaro dira, hamar bakarrik, eta guzti hori aldatu da. Orain Wikipedia da edozein gauza ikasi eta ikertzen hasteko oinarria. Unibertsitatean Masterra egin nuenean hortik abiatzen nituen ezagutzen ez nituen kontzeptuen ikerketak, normalki ingelerazkoan, maiz frantsesez edo gazteleraz. Eta zerbait interesgarria topatzerakoan euskarara itzuli eta bertan jartzen nuen. Gure hizkuntzak ere merezi duelako horrelako Entziklopedia bat.
Auzolanean eratzen da eta askok disfrutatzen dugu bertan jasotzen dena. Ez da lan makala egin behar dena: hau idazterakoan 63.250 artikulu ditu euskarazko Wikipediak. Zuk irakurtzen duzunerko baliteke 64.000tik gertuago egotea. 10 urte baino ez dira igaro eta dagoeneko 1.000.000.000 ekarpen baino gehiago izan ditu. Mundua aldatu du, ikasi eta eskolako lanak egiteko era aldatu du. Guztion artean, Wikipedia egunero hazi, egunero hezi.
Espainiar Konstituzioaren inposaketa arlo guztietan nabaritzen da, egutegia barne. Astelehena jai eguna omen Hego Euskal Herrian. Eta horren aurka protestatzeko ekimen ugari egon ohi dira urtero. Ezinezkoa litzateke artikulu honen luzeran guzti horiek berri ematea, beraz nik Durangon egongo direnei baino ez diet egingo erreferentzia: gure herriaren erakusgarria delakoan nago.
Hasteko Ikasle Abertzaleakek antolatuta herri eskolak izango dira, Euskal Herriko beste hainbat lekutan bezala. Aurten hautatu duten gai nagusia ikasle mugimendua eta hezkuntza mugimenduaren arteko lotura aztertzea izango da. Eguerdian independentziaren aldeko lehenengo zita izango da: Argazki Berdea. Eta horren ondoren independentzia aldarrikatzeko bigarrena: Sarri, Sarri kantatu eta dantzatuz lipduba grabatuko du nahi duen orok, bigarren hau Internet bitartez antolatutako ekimena. Ordu berean tamainako bertso saioa hasiko da Gaztetxean, egun osoko proposamen kulturalaren barruan.
Eta azokatik paseatzeko denbora tartea dago hortxe, bazkaltzeko orduan. Izan ere arratsaldeko 5etan gazte mugimenduak manifestaldia antolatu du, eskubide zibil eta politikoen alde. Baina ordu berean bi zita kultural interesgarri: Ahotsenean Pirritx, Porrotx eta Mari Mototos izango dira Irrien Lagunak aurkezten. Lehenago Gosekoak ere handik ibiliko dira, beste talde eta idazle batzuen artean. Plateruenan ZuZeu albistari digitalak Perurena gonbidatu du herri-jasotzaileak egin zuen elkarrizketa gogora ekratzeko.
Abenduak 6. Durango. Euskal Herriko hiriburua egun bakar batez bada ere.
Aste honetan jakin dugu Urgellen ahotik EAEn D ereduan ikasten dutenek euskara titulua lortuko dutela derrigorrezko eskolaldia bukatzean. Unibertsitate-ikasketak euskaraz egiten dituztenek euren esfortzua EGAren baliokidea den titulu batekin sarituko dute. Ez nion garrantzi gehiegirik eman irratian entzuterakoan, baina hurrengo goizean ZuZeu.com albistari digitalean zer nolako eztabaida zegoen ikusita idaztea erabaki dut.
Nahiko iritzi kontrajarriak sortzen dizkit honek. Izan ere euskaraz ikasi dugunontzat tramite garesti eta absurdoa da EGA azterketa egin behar izatea. Euskaraz karrera bat ikasteko gai den orok badu maila nahikoa hizkuntza horretan bizi ahal izateko, nahiz eta ez jakin ortografia arau guztiak edo aditz perifrastikoen bitxikeria ugari.
Baina, bestetik, badira bi kontraesan: unibertsitateetan ia ez dago osorik euskaraz ikasi daitekeen karrerarik. Magisteritzak, Euskal Filologia (eta baldintza batzuekin) eta Biologia dira osorik ikas daitezkeen horiek. Geologia, Ingeniaritza edo Zientzia Politikoak, adibidez, ezin dira guztiz euskaraz ikasi. Beraz horiei ere emango al diete titulua?
Bigarren kontraesana datuetan beraietan dago. D ereduan ikasten duten 3 ikasletik 2 baino ez dira euskalduntzen (B2 mailan), euren datuen arabera. Hau da, 16 urterekin nahiko balute titulu bat eman lehenago arazo hori konpondu beharko lukete.
Ideia ona da, beraz, EGA automatikoki ematea. Baina horretarako karrerak euskaldundu eta D ereduak ere guztiz euskalduntzen duela bermatu beharko dute. Biak lortzeko A, B eta eredu hirueleduna guztiz desagertu behar dira. Kontraesankorra, bai.
Tristura handiz jaso nuen orain pare bat aste Ikoitzen atxiloketa. Besteena ere, noski, baina tristura politikoaz gain sentsazio pertsonalak ere batzen dira lagun bat atxilotzen dutenean. Ez dira gutxi Ikoitzekin lanean eman ditudan orduak, nahiz eta ikasle belaunaldi ezberdinetakoak garen. Oran dela urte batzuk ikasle mugimenduan eta ondoren hezkuntza mugimenduan beti ikusi izan dut aktibo eta, garrantzitsuago dena, besteak aktibatzeko gogoekin. Eta horregatik eraman dute, noski.
Ikasle Eguna jai bat baino aldarrikapen eguntzat hartzen duenetariko bat naiz. Egun garrantzitsua, ikasle eskubideak aldarrikatu eta jada ikasle ez garenok ere aldarri horiekin bat egiteko. Horregatik gaur arratsaldean Amurrion izango den manifestaldian egongo naiz eta ondoren izango ditut nire emozioak azaltzeko aukera Doctor Deseoren kontzertuarekin batera.
Izan ere, sentsazio gazi-gozoa utzi dit azken urteotan Ikasle Egunak. Iaz Miren ezin izan zen etorri eta aurten ere hala izango da. Bere falta somatu genuen han bildutako batzuk. Aurten Ikoitz botako dugu faltan, nahiz eta berak ez zuen juerga egiteko aukerarik izango. Ziurrenik garagardoak eskatzen hasten garenean Urkorekin ere gogoratuko gara. Ni, behintzat, gogoratuko naiz.
Ez dut nahi zuek triste uztea, hala ere. Horregatik azken hitzak esperantzazkoak izango dira: ikasleria kolpatu ahal dute, judizialki zein zuzendari eta errektoreen autoritarismoarekin. Baina ez dute udaberria etengo. Buruak ireki ahal dituzte, baina ezingo dituzte ideiak hautsi. Gaur, Amurrio da horren erakusgarri. Astelehenetik aurrera, ikastetxe, unibertsitate eta plazak.
Joan zen igandean Nafarroa Oinezera joan nintzen, hotzarekin batera euskarazko hezkuntzaren alde zerbait ematera. Han ibili nintzen, ondo lagundua, gune batetik bestera. Eskoziako doinuak eta Euskal Herrikoak, aspaldiko lagunen bat, giro ederra… eta hara non aurkitu nuen lurrean Nafarroako Gurutze Gorriaren eskuorri bat. Bertan bi aukera ematen zizkiguten: arratsaldea diskak alfabetikoki ordenatzen pasatzea edo denbora bera urkoa laguntzen ematea. Harritu ninduen eskuorria euskaraz soilik egina zelako, hau da, Nafarroa Oinezen egongo ginen milaka euskaldunak interpelatzeko sortua zen.
Ematen zigun aukeretako bat Khaled izeneko inmigrante bati “gazteleraz irakastea” zen. Bai, ondo irakurri duzu, gazteleraz. Eta Nafarroa Oinezen geunden euskaldunoi eskatzen ziguten. Ez dut uste Khaled hori norbait zehatza denik, beraz nik esango dizuet nolakoa den: Khaled Iruñeara etorri bada ziurrenik gaztelera maila minimoa duelako izango da. Demagun Marokoko Riffean sortu dela. Eskolara joan baldin bada arabiera klasiko edo estandarra ezagutuko du dariyaz gain. Eta ziurrenik amazigha izango du ama hizkuntza. Eta gaztelera edo frantsesa (ala biak) ezagutuko ditu, telebistan entzuteagatik, batez ere.
Khaledek gauza asko behar ditu, noski. Baliteke euskara behar izatea, bere hizkuntzen artean sartzeko. Gustatuko litzaguke askori egunen batean gure hizkuntzaren jabe izatea. Baina euskaldun batetik behar ez duena gaztelera ikastea da. Horretarako prest ez dut uste daudenik Atarrabian eskuorria irakurri zuten euskaldunak. Nik nahiago diskak ordenatzen jartzea.
Pozez joan nintzen joan zen larunbateko manifestaldira Bilbon. Pozez bukatu nuen milaka eta milaka pertsonek herri honen eskubideen alde egin zutelako. Urkullu eta Ezenarroren erantzunek baino gehiago, hala ere, zuk ostiraleko GARAn idatzitako artikuluak utzi ninduen zur eta lur. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteari (EHBE) gehiago inplikatzea eskatzen zenion eta horretarako beste EHBE bat, Euskal Herriak Bere Eskola iraintzen zenuen. Artikulu horrekin Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistemaren alde lanean dihardugun asko mindu zenituela. Euskal Herria euskalduna izateko ez delako BEC 4 urtean behin bete behar: euskaldunduko duen hezkuntza sistema bat eraikitzea da behar duguna.
Baina lasai, zu kide zaren EHBE horrek oraindik dei dezake beste manifestaldi bat. Ezin da lelo berdinarekin izan, hori potoa litzatekeelako. Beno, Xabier, zuk deituko bazenu nik onartuko nuke potoa berriro ere egitea. Pankartak ezingo luke hain luzea izan, gehienez kopla bateko luzeera beharko luke. Bertsolarien EHBEk antolatzen dituen ekitaldi guztietan bezala sarrera kobratu beharko litzateke, prezio jator bat, demagun 20 bat euro. Eta debekatuko litzateke grabatzea edo bertan egondako zerbait kontatzea aurrez elkartearen filtrorik pasa gabe. Beti ere Hitzetik Hortzerak ez badu saioan emango, noski.
Agian joan zen larunbateko manifestaldian 100.000ra iristeko falta ziren guztiak ez ziren joan bertsolarien EHBEk ez zituelako deitu. Agian herri honetan bertsozaleak gehiago dira hezkuntza euskalduna eta herritarra nahi duten ehunka mila ikasle, guraso eta irakasleak baino. Baliteke, baina ez dut uste.
Murphyren legeak dio egun ona baldin baduzu beti etorriko dela norbait eta izorratuko dizula. Soziedad Alkoholikak dio S.H.A.K.T.A.L.E., gazteleraz “beti dago norbait esistentzia mingosten dizuna”. Eta Julio Zesarrek Brutori esan omen zion, “Kay sy, teknon?”, grezieraz (ez dakit zergatik), “zu ere, seme?”. Ba horixe da Haurtzaro Ikastolakoek sortu didaten sentsazioa.
Astea ondo hasi da, igandean, aspaldiko partez. Garai berriak datozela dirudi eta geroz eta mugimendu gehiago ikusten dira gure herri honetan. Gaur ere RubalcAresek ez badu eragozten beste pauso bat ematen egongo gara milaka herritarrok Bilbon. Harira, pozik hasi nuen astea, eta are pozago Urkullu eta Ares haserre ikusi nituenean. Bai, arraroa da, baina oso haserre zeuden euren adierazpenetan.
Adierazpen, mugimendu, iritzi artikulu, Aizpeolearen tontakeriak El Paisen eta Iñako Perez errektore ohiaren artikulu patetikoa Deian. Eta hara non lagun batek e-posta bidaltzen didan: Celaáren hiruele eredua aukeratu duten ikastetxeen zerrenda. Zerrenda polita: gehienbat A eredua soilik eskaintzen duten ikastetxe marjinalak, garai batean zuten arrakasta galdu duten ikastetxe pribatu-erlijiosoak eta… Haurtzaro Ikastola. Beno, Jakintza eta Txomin Agirre ere, baina hori beste artikulu baterako utziko nuke. Haurtzaro, Oiartzungo ikastola, herri euskaldun eta abertzale bateko ikastola. Ikastola honetan haurrek eskolen %60a jasoko dute, gehienez, euskaraz. Euskaldunduko dira, noski, oiartzuar gehienak bezala. Hurrengo Kilometroak egiten dutenean gogora ezazue: %60koa da euren euskararen defentsa. Tristea.
Txipiroiak euren tintan prestatu zituzten iazko Aste Nagusiko asteazkenean konpartsek eginiko leihaketa gastronomikoan. Bertso-bazkaria izan zen ostean. Umeentzako marmitako ikastaroa ere izan zen eguerdiko 11tan. Sukaldean aritu nahi ez zuten umeentzat puzgarriak eta aerobica ere egon zen eguerdi partean. Algaran bazkaldu zutenek Anje Duhalde izan zuten bazkaloseta animatzen. Aixe-berrikoek magoak eta aurpegi-margoketa egin zuten arratsaldean; Tintigorrikoek ere magia emanaldia antolatu bazkaldu ondoren.
Iaz Bilboko Aste Nagusiko asteazkenean Kaskagorrikoek Akelarrea antolatu zuten. Eta kontzertuen ordua ere iritsi zen: Twisted Pulps, The Yellow Big Machine, Ezinean, Leihotikan, Kriminal Forceps, Tximeleta, Hilbete, Izate eta Emon taldeek jo zuten konpartsek antolatutako guneetan.
Prentsan gauzak egiteko behar den denbora dela eta artikulu hau asteazkenetan bidali behar dut. Ez dakit, beraz, zer nolako giroa egongo den gaurkoan Bilbon. Suposatzen dut gauza gutxi egongo direla egiteko. Izan ere Bilboko Aste Nagusiaren funtsa konpartsak dira. Iaz Plaza Barrian izan nintzen Fanfare Ciocarla ikusten asteazken batez. Plaza Barrira sartu aurretik eta bertatik irteterakoan txosnek eskainitako giroak eman zidan jaian jarraitzeko aitzakia. Txosnarik gabe Aste Nagusia ez da Aste Nagusi…
Marijaiak herria ordezkatzen du eta herririk gabe ez dago jairik. Tamalez, Azkuna egoskorregia da (beste irain batzuk ere burura etortzen zaizkit) atzera buelta egiteko. Aste Nagusiarekin bukatu nahi dute, jai herrikoiekin bukatu nahi dute… Marijaia hil nahi dute.