Etxean egoten naizenean, gurasoen etxean esan nahi dut, ordenagailua berandu arte erabiltzeko aukera izaten dut. Astean zehar hau zailagoa izaten da, unibertsitateak duen ordutegira moldatu behar izaten naizleako. Egun horietan, ohera joan aurretik, hurrengo eguneko GARA irakurtzea gustoko dut; ez osoa, noski, titularrak, Tasio eta analisiren bat baino ez. Gaur egin dut eta egia esan ez dago berri on gehiegirik. Ez dira, ez, ilusiorako momentuak (ez dira era berean nerbioak galtzeko momentuak). Eta ziur nago hurrengo egunak eta asteak ere latzak izango direla.
Banindoan ohera GAUR8ko orrialdea ireki eta azken urtean irakurri dudan berirrik pozgarriena, ilusio handiena transminitut didana, oilo-ipurdia jarrri didana, topatu dut. Mirari bat.
Nekane Juradoren liburu baten izena “Iluntasunetik ere bizitzari irribarre egiten diot” da. Eskerrik asko Nekane titulu hau eskaintzeagatik. Eskerrik asko Zarautzko umeak berri hau eskaintzeagatik. Eskerrik asko Sarri zure olerkiengatik. Eskerrik asko Piritx eta Porrotx zuen maitasun kantuengatik. Eskerrik asko ideia izan duenari, bera baita hezkuntzak izan behar duenaren isla.
Berria irakurri
Bihar, ekainaren 6a egun larria izango da milaka eta milaka pertsonentzat. Bihar, ekainaren 6a, milaka ikaslek egingo dute Selektibitatea EAEn eta suposatzen dut euretariko inor ez dela egongo hau irakurtzen. Hala ere baten bat baldin balego: animo, lortuko duzu!
Bihar EAEko milaka ikasle berriro ere faktore absurdoen arabera sailkatuak izango dira eta Espainia zenbat ezagutzen duten jakingo da. Hau esatea ez da gehiegikeria bat: lehenengo azterketa beti izan ohi da Espainiar Hizkuntza eta Literatura. Euskara azterketa, bestalde, ahuntzaren gauerdiko eztula da EAEn (Nafarrak garenok euskara azterketa zail-zaila genuen, gaztelerakoa baino zailagoa).
Egun hauetan pedagogia atzerakoi batean oinarrituta, zenbaki baten arabera ikasleak ordenatzeko helburuarekin, makroazterketa bat egingo da. Urteetan memorizatutakoa egun batzuetan botatzeko aukera paregabeki absurdoa.
Gaur, hau idatzi aurretik, Leioako kafetegi txikian egon naiz hamaiketakoa hartzen. Bertan irakasle batzuk selektibitatea egiten duten ikasle kopuru txikiaren inguruan solasten ziren. Horietako batek karguak izan ditu UPVn, baina ez dut datu gehiagorik emango. Irakasle batek, harrituta, selektibitatearen balioaz itaundu die besteei: “hain ikasle gutxik egiten badute ez dira unibertsitateak eskaintzen dituen plazak ere betetzen. Ez du jada zentzurik egiteak”. Kargu-ohidunak erantzuna: “Bai, badu. Sailkatzeko. Medikuntza nork ikasi dezakeen jakiteko”.