Atzo hitzaldia eman nuen Donostiako Koldo Mitxelenan “Sanchez Mazas Katedra”k antolatu duen “Software Librea Euskal Herrian” zikloaren barruan. Bertan esandakoa hemen jarri nahi nuen, norbaitek kuriositatea balu ikus dezan.
Hitzaldian kontu ezberdinak atera ziren, eta hiru hizlariok (UPVko irakasle bat, Librezaleko kide bat eta hirurok) eskolek software askearen barreiatzean duten garrantzia azpimarratu genuen. Gaur goizean ere Radio Euskadin elkarrizketatxoa egin digute Iratxe Esnaola eta bioi eta biok berriro atera dugu gaia.
Nire ustez bi aukera daude egoera honen aurrean:
1- Jakintza Ikastolak (edo batzuek jada hackintza moduan izendatzen dutena) darabilen politika. Software askearen erabilerak euskarazko irakaskuntza osoa bermatzen du. Hau da eskoletan euskaraz jardun arren informatika orduak gazteleraz izaten dira. Hemen ordea dena euskaraz dute, eta librea da. Eurek euren beharretara egokitu dezakete. Haur eta gaztetxoek ez dituzte ordenagailuak -gailu gisa ikusten, baizik eta erabili dezaketen tresna gisa.
2- Hainbat institutotan gertatzen dena (atzo Debakoa izan zen, baina badira bestelakoak). Informatika orduak inongo kontrolik gabe landu eta Wikipedia bandalizatzera sartzen dira. Atzo goizean 20 bat artikulu izorratu edo irainez bete zituzten. Horrek lan handia ematen digu wikipedian gure denbora librea pasatzen dugunoi. Hau da, ikastetxe hauek (Debakoa aipatu dut askotan egiten dutelako, baina badira beste asko) egiten dutena euskaraz dagoen hezkuntza euskarri bat erasotzea da, ordenagailua txateatzeko eta fotologa ikusteko denborapasa bat delako… ez delako tresnaren kulturan hezten.
Bada garaia gauzak serio hartzeko eta informatika eta tresna berriei erreparatzeko. Ikastetxeek milaka euro aurreztu ahal dituzte software jabeduna ez erosiz. Eta aldi berean euskarazko hezkuntza ematen dute. Eta aldi berean kontzientzia bat sortzen dute ordenagailuek dituzten erabileren inguruan.
Ez dut gogoratzen noiz izan zen, baina hezkidetzaren inguruko eztabaida horietako batean azkar agertu zen ezberdintzearen zergaitia. Badirudi txikitatik ohitu gaituztenez neskak eta mutilak ezberdintzera, leku ezberdinetan pixa eta kaka egin, leku ezberdinetan jolastu eta leku ezberdinetan dutxatu soinketa egin ondoren izkutatzeko zerbait dugula. Nire ustetan txikitatik komun eta dutxa mistoak bultzatuz gero desberdintasun hori leuntzen joango litzateke.
Topagune edo Eskola Ibiltaria bezalako ekimenetan urteak dira dutxa mistoak bultzatzen direla. Lehenengo aldian askotan biolentoa izaten da, ez zaudelako horrelako gauzetara ohituta. Baina nire ustez ariketa polit bat da, pertsona guztiak biluzik berdinak garela konturatzen zarelako: hau da, guztiok ditugula gure berezitasunak. Baina hori 18 urterekin deskubritzea (adibidez) edo 6 urterekin, ba oso ezberdina da.
Kataluniko eskola batean ideia berdina izan dute ikasturte honetan. Umeak 11 urterarte (hau da, neskak aztoratzen hasi arte) Soin Hezkuntza egin ondoren elkarrekin dutxatzea zen ideia, horrela euren gorputzak ezagutu eta dituzten ezberdintasunak modu naturalean ikasi eta onartzeko. Baina ez! Guraso batzuen iritziz hau ideia oso arraroa da eta euren buruari galdetzen diote: “zergatik ikasi beharko ote du nire haurrak bere gorputza nolako den, nik ez badut nahi?”. Hori, hori!
Navarra is different. Atzo Guardia Zibilak 125 ikasle gonbidatu zituen bere instalazioak ikustera eta baita ere sari bat eman Corellako Laura Catalan ikasleari, poliziaren inguruan egindako marrazki bat dela eta.
Honaino gaurko eguna bezain iraingarria.
Baina harrigarriena ez da hau, harrigarriena umeei armak erabiltzen utzi zitzaiela da. Atzo gauean Teleberria ikusten nenguen eta zur eta lur geratu nintzen umeak rifleekin ikustean. Gainera, eta egoerak behar duelako edo, hainbat ume “disturbioen” aurkako jantziekin hornitu eta euren artean borrekin jotzen jarri zituzten…
Ez dakit zer den Educacion para la Ciudadania egiteko kritikarik handiena, baina umeei armak erabiltzen uztea antza ideia ona da ikasgai hori kritikatzen dutenentzat ere. Guardia Civila izateko hezkuntza (egun batean ikasten da, ez da oso zaila sartzea) espainiar curriculumean ere omen dago.
Oporretan nago eta horregatik gaurkotasunarekin zuzenean loturik ez dagoen ideia baten inguruan hitz egin nahi dut. Hilabete baten buruan ikasturte berria hasiko da eta guraso asko jada urduri egongo dira testu-liburuak erosi behar direla eta. Ez da gutxiagorako, urtero ehunka euro xahutzen dira luxuzko gai honetan, behar-beharrezkoa ez den material bat erosi eta horrekin editorialak aberastuz.
Euskal Curriculuma bururaino eramateko aukerak dauden honetan kezkagarria da ikustea curriculuma ez dutela berez administrazioek erabakitzen, editorialek baizik. Eurak dira azkenean irakasleari esaten diotena zer, nola eta noiz irakatsi… eta irakasle askok amen!
Blogean aurrekoan aurkezten nuen “Ekologistak Martxan” elkarteak egindako ikerketa eta zinez merezi duela irakurtzeko behar den denbora. Ideia argi pila bat ematen dizkigu kapitalismoak erabiltzen duen dotrinatze mota honen inguruan. Euskal Herriak Bere Eskolak orain dela pare bat urte argitara eman zuen “Bizitza ez da testu liburu bat” testua. Hau ere lotura batekin dago blogean, norbaitek irakurri nahiaz gero.
Nik proposamen xume bat egingo dut gaurkoan, kontutan izanda atzerrian nagoela eta beraz liburugintzakoek ezin dizkidatela euren matoiak bidali: ez ditzagun erosi, erabil dezagun “La Razon”en kontzientzia eragozpen metodoak eta uko egin dezagun dotrina kapitalista gure ikasgeletan jasotzeari. Ez dezagun kontsumismoa eta zuhaitzen mozketa areagotu. Babes ditzagun gure seme-alabak (nik ez ditut, beraz zuenak babesteko prest nago) testu-liburuengandik. Bultza dezagun pedagogia berri bat. Euskal Herria munduko herririk kultuena bilakatu nahi badugu… kanpora ditzagun gure ikastetxeetatik!
Aurreko artikulu batean esaten genuen (Edurne Larrañagarekin batera idatzitako horretan) salbuespen bakarra zegoela udako ikastaroak zirela eta: UEUkoak. Beste guztiak kapitalismoan, espainiar edo frantziar izaeran eta gure herriaren ukapenean oinarritzen zirela defendatzen genuen, hainbat datu eskainiz.
Gaurkoan barkamena eskatu behar dut, pare bat kritika jaso nituelako. Bada beste ikastaro bat pedagogia aurrerakoian, Euskal Herriaren ezagutzan eta autogestioan oinarritzen direnak: Ikasle Abertzaleaken Eskola Ibiltaria… jada pasa da, baina asko ikasi dugu bertan!
Testuliburuaren jabe dena, irakaskuntzaren jabea ere izango da. Hala esan zuen Jules Ferryk (fr, es) eta hala hasten da Euskal Herriak Bere Eskolak egin zuen “Bizitza ez da testu liburu bat” dokumentua.
Eta gero gogoetarako ideia hau:
”
Euskal curriculuma gorpuzten ari garen honetan, beharrezkoa irizten diogu pedagogiaren eremuan ere gogoeta zabal bat egiteari. Hau da, curriculumean jada finkatzen ari gara, (…) zeintzuk diren, derrigorrezko hezkuntza bukatzean, Euskal Herriko ikastetxe batean ikasten ari den 16 urteko gazteak, gutxienez ezagutu behar dituen gertaera eta kontzeptuak, lortu behar dituen trebetasunak eta egiten jakin behar dituen prozedurak, nahiz bereganatu behar dituen baloreak eta jarrerak. Baina zer ikastea bezain besteko garrantzia du nola irakasten den. Izan ere, egindako hausnarketan argi azaltzen da ezen, testuliburuen gehiegizko erabilerak eragin kaltegarriak dituztela ikasleengan nahiz irakasleengan eta ondorioz hezkuntzaren dimentsio osoan.”
Orain jada berandu da artikulu oso bat idazten jartzeko, baina gai honekin harremanetan dagoen beste ikerketa bat ikusi dut eta beroturik hasierako erreflexio batzuk idazteko gogoekin nago.
Txostena Ekologistak Martxan elkarteak egin zuen iaz eta Testu Liburu ezberdinetan dagoen Curriculum izkutuaren parte baten inguruan aritzen dira, ekologismoari eta garapenari dagokiona, hain zuzen ere. Txosten osoa luzeegia da, (laburtuak 185 orrialde ditu!), eta nahi duenak http://www.ecologistasenaccion.org/IMG/pdf/Informe_curriculum.pdf helbidean eskura dezake. Euren ikuspuntuak e zdu bermatu baino egiten bizitza ez da testu liburu bat dokumentuan argitaratutako hainbat datu. Harri bitxiz beteriko 185 orrialde dira, irakur ezazue!
Etxean egoten naizenean, gurasoen etxean esan nahi dut, ordenagailua berandu arte erabiltzeko aukera izaten dut. Astean zehar hau zailagoa izaten da, unibertsitateak duen ordutegira moldatu behar izaten naizleako. Egun horietan, ohera joan aurretik, hurrengo eguneko GARA irakurtzea gustoko dut; ez osoa, noski, titularrak, Tasio eta analisiren bat baino ez. Gaur egin dut eta egia esan ez dago berri on gehiegirik. Ez dira, ez, ilusiorako momentuak (ez dira era berean nerbioak galtzeko momentuak). Eta ziur nago hurrengo egunak eta asteak ere latzak izango direla.
Banindoan ohera GAUR8ko orrialdea ireki eta azken urtean irakurri dudan berirrik pozgarriena, ilusio handiena transminitut didana, oilo-ipurdia jarrri didana, topatu dut. Mirari bat.
Nekane Juradoren liburu baten izena “Iluntasunetik ere bizitzari irribarre egiten diot” da. Eskerrik asko Nekane titulu hau eskaintzeagatik. Eskerrik asko Zarautzko umeak berri hau eskaintzeagatik. Eskerrik asko Sarri zure olerkiengatik. Eskerrik asko Piritx eta Porrotx zuen maitasun kantuengatik. Eskerrik asko ideia izan duenari, bera baita hezkuntzak izan behar duenaren isla.
Berria irakurri
Bihar, ekainaren 6a egun larria izango da milaka eta milaka pertsonentzat. Bihar, ekainaren 6a, milaka ikaslek egingo dute Selektibitatea EAEn eta suposatzen dut euretariko inor ez dela egongo hau irakurtzen. Hala ere baten bat baldin balego: animo, lortuko duzu!
Bihar EAEko milaka ikasle berriro ere faktore absurdoen arabera sailkatuak izango dira eta Espainia zenbat ezagutzen duten jakingo da. Hau esatea ez da gehiegikeria bat: lehenengo azterketa beti izan ohi da Espainiar Hizkuntza eta Literatura. Euskara azterketa, bestalde, ahuntzaren gauerdiko eztula da EAEn (Nafarrak garenok euskara azterketa zail-zaila genuen, gaztelerakoa baino zailagoa).
Egun hauetan pedagogia atzerakoi batean oinarrituta, zenbaki baten arabera ikasleak ordenatzeko helburuarekin, makroazterketa bat egingo da. Urteetan memorizatutakoa egun batzuetan botatzeko aukera paregabeki absurdoa.
Gaur, hau idatzi aurretik, Leioako kafetegi txikian egon naiz hamaiketakoa hartzen. Bertan irakasle batzuk selektibitatea egiten duten ikasle kopuru txikiaren inguruan solasten ziren. Horietako batek karguak izan ditu UPVn, baina ez dut datu gehiagorik emango. Irakasle batek, harrituta, selektibitatearen balioaz itaundu die besteei: “hain ikasle gutxik egiten badute ez dira unibertsitateak eskaintzen dituen plazak ere betetzen. Ez du jada zentzurik egiteak”. Kargu-ohidunak erantzuna: “Bai, badu. Sailkatzeko. Medikuntza nork ikasi dezakeen jakiteko”.