Bizitza ez da testu liburu bat (II)
Oporretan nago eta horregatik gaurkotasunarekin zuzenean loturik ez dagoen ideia baten inguruan hitz egin nahi dut. Hilabete baten buruan ikasturte berria hasiko da eta guraso asko jada urduri egongo dira testu-liburuak erosi behar direla eta. Ez da gutxiagorako, urtero ehunka euro xahutzen dira luxuzko gai honetan, behar-beharrezkoa ez den material bat erosi eta horrekin editorialak aberastuz.
Euskal Curriculuma bururaino eramateko aukerak dauden honetan kezkagarria da ikustea curriculuma ez dutela berez administrazioek erabakitzen, editorialek baizik. Eurak dira azkenean irakasleari esaten diotena zer, nola eta noiz irakatsi… eta irakasle askok amen!
Blogean aurrekoan aurkezten nuen “Ekologistak Martxan” elkarteak egindako ikerketa eta zinez merezi duela irakurtzeko behar den denbora. Ideia argi pila bat ematen dizkigu kapitalismoak erabiltzen duen dotrinatze mota honen inguruan. Euskal Herriak Bere Eskolak orain dela pare bat urte argitara eman zuen “Bizitza ez da testu liburu bat” testua. Hau ere lotura batekin dago blogean, norbaitek irakurri nahiaz gero.
Nik proposamen xume bat egingo dut gaurkoan, kontutan izanda atzerrian nagoela eta beraz liburugintzakoek ezin dizkidatela euren matoiak bidali: ez ditzagun erosi, erabil dezagun “La Razon”en kontzientzia eragozpen metodoak eta uko egin dezagun dotrina kapitalista gure ikasgeletan jasotzeari. Ez dezagun kontsumismoa eta zuhaitzen mozketa areagotu. Babes ditzagun gure seme-alabak (nik ez ditut, beraz zuenak babesteko prest nago) testu-liburuengandik. Bultza dezagun pedagogia berri bat. Euskal Herria munduko herririk kultuena bilakatu nahi badugu… kanpora ditzagun gure ikastetxeetatik!
