rssgaur8 logotipoa

Ignorantzia eta indiferentzia

Txisteak dio inkesta egiten duen batek kalean aurkitzen duen bati galdetzen diola: “zuretzako zer da okerrago, ignorantzia edo indiferentzia?” eta besteak erantzun: “ez dakit eta berdin dit”.

Ignorantziari buruz aurrekoan argi esan zuen Iñaki Goirizelaia UPVko errektoreak: hezkuntza garestia bada, ezjakintasuna askoz garestiagoa da. Eta arrazoia du, noski. Ezjakintasunak sortzen duen arazoa, luzera begira, askoz garestiagoa da.

Arazoa da aurreko urteetan UPV eta Euskal Herrian dauden beste unibertsitate espainiarretako agintariek erakutsitako ignorantzia dela orain murrizketak ordaintzearen kostea eragiten diguna. Urteak eman ditugu esaten, medio guztietan, mobilizazio eta bestelakoetan, Espainiaren menpe jarraituz gero, Bolognarekin aurrera jarraituz gero tasak igoko zituztela. Behin baino gehiagotan esan genien Masterren proposamen berriarekin askoz garestiago eta, beraz, esklusiboago izango zela, goi mailako ikasketak egitea.

Ez zuten entzun nahi! Eurena ez zen ignorantzia, eurena indiferentzia zen. Nahiago zuten neoliberalismoak ezarritako irizpide guztiei amen esatea, nahiago zuten ikasleen ahotsa ixilaraztea (batzuetan polizia erabilita)… nahiago zuten “berdin dit” esatea orain “ez nekien” esan ahal izateko.

Goirizelaiak argi du ignorantzia garestia dela luzera begira. Neoliberalismoaren erasoaren aurrean erakutsitako indiferentzia, baina, askoz garestiagoa izan da guztiontzat. Orain bere garaian Bolognari baietz esatearen prezio garestia ordainduko dute ikasleek, sufrituko dute irakasleek eta pairatuko du jendarte osoak… hurrengo belaunaldian.

Txiletik Antsoainera

“Berriro esan nahi dut, herria Gobernu delako, gaur egun posible dela esatea kobrea txiletar guztiona dela” esan zuen Salvador Allendek. Eta handik denbora gutxira hil zuten. 40 urte igaro dira hori gertatu zenetik eta orain pil-pilean dago Txilen ikasleen borroka. Haien udazkenetik jo ta su ari dira mobilizazioak garatzen, hezkuntza publiko eta herritarraren alde egiten, demokratizazioa eskatzen eta diru publikoa hezkuntzan inberti dadila eskatzen. “Ez dago guzti horretarako dirurik” erantzuten du Gobernuak. “Nazionalizatu dezagun berriro kobrea” erantzuten dute hainbat ikaslek.

Izan ere, dirua egon badago. Baina kanpoko enpresek, lapurtzen diete, guri saldu ahal izateko. Lapurtzen uzten ez dietenean berehala montatzen diete inbasio, estatu-kolpe edo errebelio zibil bat. Txilen gertatu zen, Iraken gertatu zen eta Libian gertatzen ari da.

Ikasleek Txile hartu dute, aspaldi gogoratzen ez ziren protestak antolatuz. Hezkuntzaren hiru laurden pribatizaturik dauden herrialde batean normala da momenturen batean hezkuntza publiko, laiko eta doakoa eskatzea. Neoliberalak urduri daude, ezin dutelako mugimendu hau ondo kontrolatu. Instituto gehiago eta hobeak eskatzen dituzte, ikasi nahi dutela diote, hezkuntza herritarra izan behar duela aldarrikatzen dute.

Etxetik gertuago Antsoaindik pasa gaitezke. Bertan instituto bat eskatzen da, euskalduna eta herriarentzat. Kalitateko hezkuntza nahi dute, eta horregatik antolatzen dute flash mob bat gaur8. “Gu gara herria, euskal ikastetxe herrikoia” leloa duen triki-lanbada ere egin dute Interneten. Hezkuntza, hemisferio guztietan mugimenduan!

Greba jangelatan

Grazia egiten dit greba gehienetan irratian berdina entzuten dudanean: “ni ados nago greba eskubidearekin baina honela hirugarrengoak ari dira izorratzen”. Nire ustez argudio hau “ni ez naiz xenofoboa baina ijitoak” edo “nik lagun homosexual asko ditut” esaten dutenen antzekoak dira. Argi dago, edozein grebatan, zerbitzu horren erabiltzailea ere izorratzen dela. Are eta gehiago, enpresariak berak ez du diru gehiegirik galtzen, langileei euren soldatatik kenduko dietelako. Hirugarrengoek egiten duten presioa da, beraz, grebaren arrakastaren parte garrantzitsua.

Nik ez nuen inoiz jangelarik izan eskolan. Badirudi orain nahiko orokorra dela, etxetik kanpo jate hori. Eta gobernu neoliberalak ditugunez enpresa baten esku uzten da haur eta gazte guztiek elikadura. Horrela Niloko perka, ez-dakit-nongo tomateak eta langileen eskubideak jaten dituzte haurrek. Horiek ere gurpil berean daudelako: kanpoko produktuak erosi, era industrial batean egin eta neoliberalismoaren eredu enpresarialarekin eskolan eman. Kritikatzea hainbeste gustatzen zaigun McDonalds horren antza hartu dute eskola jangelek.

Larrabetzuko eskolan eredu ezberdina darabilte (ikus larrabetzukoeskola.org informazio gehiagorako) eta galdera egokiak egiten dituzte egoera honen aurrean: “Zenbat demontre irabazten dute catering enpresa hauek erabiltzen duten elikagaien kalitatea ikusita? Noren esku daude enpresa hauek administrazioak eskua sartu nahi ez izateko? Zergatik ez du onartzen ikastetxeen autonomia? Irabaziak ez dira nahikoak langileen eskubideak bermatzeko?”

Ze tristea den arrazoia izatea (batzuetan)

Tristea da, ez nuen hori gertatzea nahi… baina, tamalez, arrazoia nuen. Orain dela 4-5 urte hitzaldia eskaini nuen UPVko Medikuntza Fakultatean gaitzat Bologna Prozesua hartuta. Neoliberalismoaren erasoa zela argudiatu eta hezkuntza, osasun publikoa eta gizarte segurantza pribatizatzen bukatuko zela esan nuen. Eztabaida baten ostean dekanotzako norbaitek (ez dut gogoratzen zehazki nork) esan zidan hori ez zela posible, INOIZ ez zela osasun publikoa pribatizatuko.

Egun horretan bertan Radio Euskadin esan zuten Osakidetzak akordio bat sinatu zuela hainbat seguru pribaturekin, itxoite-zerrenda murrizteko. Baina hori ez zen nahikoa arrazoia edukizeko. Gaur, berriz, berri kezkagarri bat irakurri dut oraindik erdi-lo nengoela (edo erdi-esna).

“Maria Kutzek dio, Espainiako Gobernuak medikutara joateagatik ordaintzea proposatuko balu, aztertuko luketela”

Eta horren azpian:

“Eusko Jaularitzak proposatu du pentsiodun aberatsenek botikengatik ordaintzea”

Interesgarria irakurtzea Berriak dakarrena. Tamalgarria gai honetan arrazoia eduki behar izatea.

Jantokiak

Jaten dugunetik ikasten dugula ez du inork dudatan jartzen. Eta jaten dugunak osasunaz gain pentsatzeko moduan eragiten duela ere nahiko gauza argia da. Horregatik bereziki kezkagarria egiten zaizkit administrazio publikoek jantokien kontuarekin hartutako erabakiak.

Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko gehienetan Auzolagun izeneko enpresa bat kontratatu dute. Badira erabakiari aurre egin dieten ikastetxeak, baina orokorrean gutxi batzuk kezkatu dira erabaki horrek dituen ondorio pedagogikoen inguruan: janaria kanpotik ekartzen da, ez da bultzatzen herriko produktuen merkatua eta sukaldariaren figura (askorentzat hezigarria izan dena) desagertarazten dute. Cateringa, zerbitzuen esternalizazioa eta janaria “hornonbaitetik” datorrenaren sentsazioa baino ez dute irakasten.

Ni egunero nihoan eskolatik etxera bazkaltzera. Ez zen erabaki formal bat bakarrik, eskolan ez baitzegoen jantokirik. Beraz ezin dut jakin zein den sukaldari horiek, askotan bigarren ama gisa har zitezkeenak, nire generazioari eman dizkioten baloreak zeintzuk diren. Baina badakit jaten duguna ikasgai bat dela: nork sortu ditu produktuak? Egokiak al dira produktu horiek? Zenbat elikatzen dute? Nora doaz kontsumitzen ez ditugun baserritarren produktuak? Zein kalte eta onura ditu janari izoztuak?

Auzolagun aukeratu izanak ondorio pedagogiko larriak dituela uste dut, dituen osasun ondorioez gain. Eta ez da bakarrik gurasoen elkarteen gai bat honi aurre egitea: herri mugimenduek, baserritarrek, nutrizionistek, iraksaleek… euren iritzia plazaratu beharko dute. Subirautza behar dugu, bai. Baita elikagaietan ere.

Zeren mesedetan?

Gaur milaka euskal herritar EGA izeneko negozioaren lehenengo azterketa egiten egongo dira. Aldi berean hainbat filologia, zientzia politikoak, filosofia, antropologia edo soziologia ikasten duten hainbat ikaslek euren karrera desagertuko ote den kezkatuta egongo dira. Beste irakasle batzuek ere hainbeste urtetan Bolognaren onurak aipatu eta gero euren hitzak jan beharko dituzte eta euren lanpostuaren etorkizuna zein izango den ikusi. Karrera batzuetan bi lerro egon ordez guztia gazteleraz egingo ote den ere galdetu ahal diote beste hainbatek euren buruari.

Hezkuntza publikoa izan behar duela aldarrikatzen dut, atzo, gaur eta beti. Baina tradizio troskistatik datozen hainbat sindikalistentzat publikoa administrazioak kudeatuta esan nahi duen bitartean niretzat publiko hitzak herritarren eskubideak asebetetzen dituena esan nahi du. Eta hor dago guzti honen koxka. EGA administrazio publikoak egiten duen negozioa da, eta batek daki hortik nork aterako duen dirua. Eta Bolognaren kasuan EAEko administrazio publikoek erabaki dute, Goirizelaiaren konplizitatearekin, ekonomikoki errentagarri ez diren jakintza esparruak ezabatzea. Horren sinplea.

Publiko/pribatu eztabaida gainditu behar dugu. Guztiontzat den unibertsitate bat ez delako zertan gaur egungo administrazioaren esku egon behar. Euskal Unibertsitatea UPV, UPNA edo UPPA baino publikoagoa izango da, herriaren mesedetan egongo delako. Horren froga bi asteburu barru Euskal Unibertsoa ‘09an izango duzue. Bertan unibertsitate batek jendarteari proposamenak egin behar dizkiola ikusiko da. Eibarren duzu, beraz, hezkuntza eskubideekin zita.

Italiako irakaspenak

Gai asko nituen komentatzeko nire larunbata honetako artikuluan. Ikasle Abertzaleakek 20 urte betzen dituela eta zerbait esatea nuen buruan. Eta gaur egiten den eh’08 Nazio Eztabaida dela eta hezkuntzak emandako aurrerapausoak ere aipatu nahi nituen. Baina blogean aurreko artikuluari eginiko kritika eta ekarpen guztiak direla eta gai horretan zentratzea erabaki nuen… usteak erdia ustel. Asteartean irakurri nuen Euskal Herriak Bere Eskolak eginiko Herriek Bere Eskolaren ale berria (www.euskaleskola.org helbidean eskuragarri) eta Italian gertatutakoren inguruan idazteko gogo handia sartu zait.

Azkeneko hilabete honetan sekulako hezkuntza mugimendu handia sortu da Italian, Berlusconiren ministra den Gelminik proposaturiko legearen inguruan protesta egin nahian. Lege honek hankaz-gora jartzen du hezkuntza, azkeneko urtetan ezagutu dugun bezala, bederen. Lisboako Estrategian eskatzen zena beetzea da helburua: “Ongi-izatearen Estatua” izenez ezagutzen dena alde batera utzi eta “Ongi-izatearen Gizartea” eraikitzea. Hau da, zerbitzuak nahi dituenak eros ditzala, osasuna eta hezkuntza barne.

Gelminik eginiko legeak ez du alde handirik Maragallek Katalunian egindako legearekin, edo azken aldian EAEk aurkeztu nahi zuenarekin alderatuta. Ezberdintasun bakarra italiarra jebiagoa dela da. Bolognarekin betetzeko Unibertsitate publikoak fundazio pribatu bilakatzen ditu, irakasleen %10a eta hezkuntzako langileen %17a mozten du eta inmigranteak ghettoetan sartzen ditu. Eta guztia krisiaren aitzakiapean. Baina erantzuna ere tamainako izan da, eta egun hauetan jarraituko du. Hala bedi!

30.000 artikulu vs. 517.239,83 €

Oraintxe bertan emozioz idatzi behar nuen berriro ere Euskarazko Wikipediak marka bat hautsi duela esateko. 30.000 artikulura heldu da, eta orain dela urtebete eta bi egun zituela 20.000 artikulu. Urte batean euskarazko wikipedia %50 handiagoa, zabalagoa eta interesgarriagoa egin da, artikuluen kopuruari erreparatzen badiogu, bederen. Azkeneko uda honetan hilabetero 1.000 artikulu egin dira, eta azkeneko 1.000 artikuluak egiteko bi aste pasatxo behar izan dira.

Baina sustatu.comen irakurri dut beste blog batean argitaratu den artikulu bat (orain ez dago eskuragarri). Antza Eusko Jaurlaritzak ikastetxeetan dauden ordenagailuetako Windows eta Office lizentziak berritzeko leihaketa publikoa antolatu zuen. Lizentzia hauek Microsoftek baino saltzen ez dituenez, logikoa da pentsatzea eurek irabaziko zutela. Eta hala izan da, irailaren 5ean Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren dirutik 517.239,83€ oparitu dizkio Microsofti ordenagailuak erabiltzen jarraitu ahal izateko.

Diru hori software askea bultzatzeko kanpainetan gastatuko balute (ze hor bai, diru pixka bat mucho resultado da!) orain euskarazko wikipediak askoz artikulu gehiago lituzke, euskarazko software gehiago legoke eta, gainera, Bill Gatesek milioi erdi euro gutxiago lituzke. Bejondeiela!

Webguneak pankartetan

Internet leku guztietara heltzen ari dela argi dago. Webguneen erabileraren azkeneko froga IAk ostegunean (bihar!) deitu duen mobilizazio eta borroka egunerako deialdi batean irakurri daitekeena da:

Pankarta

Ikusten duzuen bezala bigarren pankartan “norbaitek sinetsi nahi ez badu edo” webgune batera berbidalketa egiten da, modu birtualean. Hemen gutxienez modu errealdean jar daiteke: http://www.ert.be/doc/0061.pdf. Norbaitek sinetsi nahi ez badu, hor Bologna enpresek proposatu dutenaren froga.

Pécresse

Joan zen udan Valérie Pécresse Unibertsitate eta Ikerkuntza Ministroaren Unibertsitate Autonomia Legea onartu zutenetik beste inposaketa berri bat jaso dugu euskaldunok, Mercedes Cabreraren Unibertsitatearen Antolaketa Dekretua. Bi aldiz hiru hilabeteren buruan inposaketa jaso eta ezagutu dugu.

Pécresse Legeak aldaketa sakonak sartzen ditu Unibertsitate sisteman, horietako bat Frantziako Iraultzan eta ondoren egondako Errepubliketan jasotako printzipioen kontrakoa ere. Pécresse, UMPkoa, eta, beraz, eskuin politikokoak Zapateroren gobernuak, PSOEkoa, eta, beraz, sozialdemokratak egindako aldaketa berdinak sartzen ditu. Biek ala biek kontzeptu berri bat sartzen dute unibertsitatetan: finantziazio konpetitiboa; hemendik aurrera diru pribatu gehien lortu ahal duen uniak/fakultateak/ikasketak diru publiko gehiago jasoko du. Modu horretan unibertsitatearen pribatizatzea lortzen da, noski.

Esan genezake neurri horiek ez direla oso urrunak Bologna Prozesuak (eta beraz kapitalismoa neoliberalaren helburuak) ezartzen duenetik, ez eta Lisboako Estrategian finkatzen denetik (hezkuntza, osasuna eta gizarte segurantza liberalizatzea). Baina txarrena ez da hori, noski. Txarrena dena da Perez eta Lafuentek unibertsitatea pribatizatze horren alde jarduten dutela, hau da, euren unibertsitateen interesen aurka, baina ziurrenik interes pertsonalen alde. Txarrena da Uhaldebordek Baiona-Angeluko fakultateak desagerpenera kondenatzen dituela, bakarrik interes ekonomikoa duten ikasketak ematera eta, beraz, dirurik ematen ez duten gauzak (Euskara Ikasketak kasu) diru-esketan ibili behar izatera. Unibertsitate publikoetako errektoreek, beraz, herritarren interesen aurka jokatzen dute.