Zer da euskaldun bat? Orson Wellesek egin zuen dokumentalean nahiko argi utzi zuen: “euskaldunak zer diren esatea baino errezagoa da zer ez diren esatea, eta ez dira ez frantsez ez espainolak (…)”. Baina oraindik ere arazoak sortzen ditu kategoriak sortu behar direnean. Azkeneko eztabaida Wikimedia Commonsen ireki da honen kontura. Commons wikipedia guztietako argazkiak gordetzeko lekua da eta bertan libreki lizentzia askea duten argazki guztiak igo daitezke. Baina argazkiak kategorien barruan sartu behar dira, orden pixka bat jartzeko kaosean. Eta kategoria horiek nahas-mahasa sortu dute Euskal Herriaren kasuan. Orain arte Basque Country izeneko kategoria bat zegoen eta Spain eta France kategorien azpian sartzen zen… baina noski, ez du zentzurik Frantziako azpikategoria batean Gasteizko argazkiak egoteak, noski! Beraz eztabaida interesgarri bat ireki da Euskal Herriaren kategorizazioaren inguruan. Nahi duenak http://commons.wikimedia.org/wiki/Category_talk:Basque_Country helbidean irakurri eta parte har dezake, noski!
Berehala hasiko gara Rentrée eta Corticoleen astearekin eta komunikabide guztietan urtero egiten diren berri berberak irakurriko ditugu: ume batzuen lehenengo eskola eguna ikusiko dugu Teleberrian, negar eta guzti. Beste ume batzuk, bitartean, pozik agertuko dira kamaren aurrean oporrak pasa ondoren euren gelakideekin berriro elkartu eta oporren inguruan solasteko aukera izango baitute. Agertuko dira hezkuntza arlo ezberdinetako agintariak eskolaren batean gure Hezkuntza Sistemen onuren inguruan hitz egiten, nahiz eta denek Hezkuntza Sistema singularrean erabiliko duten. Unibertsitateko agintariek ere berdina egingo dute. Eta agertuko dira erreportaje ezberdinak, testu-liburuen prezioa dela eta. Kontsumitzaileen Elkarteren batek esango digu geroz eta gehiago aldi bakarrean erabiltzeko testu-liburuak sortzen direla. Eta gero COPEn eta Antena3 bezalako komunikabidetan El Corte Inglesek uniformeak erosteko sistema erosoak proposatuko ditu. Azkenik estatistika orokor batzuk emango dituzte eta politikariak ere lanera itzuli direla esango digute.
Baina datu guzti horietan komunikabide gehienetan hainbat estatistika aipatzea ahaztuko dute. Adibidez urtero milaka eta milaka gazte euskaraz jakin gabe ateratzen direla derrigorrezko eskolatik, euren legeak ere bete gabe. Ez digute aipatuko Euskal Curriculuma dagoeneko prest dagoen lehenengo ikasturte honetan Hego Euskal Herri osoan Espainiaren inposaketa berria den “Educación para la Ciudadanía” ezarriko dutela. Ez digute esango ikasturte honetan enpresek erabakitako Titulazio Mapak onartuko direla unibertsitatetan. Rentréea cool delako, informatiboetan emateko berri on hutsal horietako bat baino ez.
Onartzen dut. Azkeneko aste hauetan kanpoan egon naizenez deskonexio latza daukat nire herriko errealitatearekin. Noizbehinka internetera konektatu eta zer gertatu den irakurri ohi dut… baina gehienetan déjà-vu sentsazio arraro bat izan ohi dut.
Munduan berriro ere gerra hotsak entzuten dira, noizbait gerrarik ez balego bezala. Hau idazten nagoela Sirian naiz, teorian Gaizkiaren Ardatza den herrialdea. Eta hemen eguneroko bizitzaren gerra baino ez da nagusi. Hemen mendebaldea “Yorgtxi Bux” eta “Maikal Jakson” dira. Eta euskaldunak Osasuna eta Atletico de Bilbao.
Eta nahaste guzti honetan zaila da hezkuntzari buruz idaztea. Gure eskoletan zein eurozentristak garen esatea baino ez zait bururatzen. Historia, kultura, geografia, matematikak… gure zilborretik aztertzen ditugu. Mesopotamia? Gixajo batzuk Etruskoekin alderatuta! Eta Brunelleschiren kupulak Sinanenak baino hobeak direla ere sinetsi behar!
Aurreko batean irakurri nuen Euskal Curriculumaren inguruko testuetan ekarpen oso interesgarria, curriculum ez eurozentrista egin behar genuela zioena. Zenbat arrazoi. Zenbakiak antza arabiarrei kopiatu genizkien eta eurek beste batzuk erabiltzen dituzte. Historian ikasten duguna errealitateen parte txiki bat baino ez da, errealitatea denean, gutxienez! Eurozentrismoa, inperialismoaren beste aurpegi bat baino ez. Guretzat Egipziar bat eta Irakiar bat bereiztea bezain zaila da eurentzat edozein okzidental ezberdintzea. Eta horregatik, norbaitek esan zuen moduan, euskaldun batzuek espainiarrak izan edo ezer ez izatea aukeratu behar dutenean, portugesak izatea aukeratzen dute hemen. Gora Mari Jaia!
Aurreko artikuluan esaten nuen Allah hala nahi bazuen artikulu hau atzerritik idatziko nuela. Eta hala da. Europan nago eta begiak eskubira mugitzen baditut itsasadar baten bestaldean Asia ikusten dut. Geografia askorik ere ez da behar non nagoen jakiteko, baina espainiar pasaportea duzuen irakurleek badakizue `con cien canones por banda, viento en popa a toda vela` hasten den olerki famatu hori. Agian frantses pasaportea duzuenek ez duzue ezagutuko… curriculumaren kontuak dira horiek.
Askotan entzuten zaie espainiar ilustratuei, sasi-intelektualei, abertzaletasuna bidaiatzen sendatzen dela. Bada! Niri bidaiatzen dudan bakoitzean ez zait horrelakorik gertatzen. Lotsatzen nau muga bat pasa eta poliziari pasaportea erakusterakoan `spanish?` galderari `yes` erantzun behar izatea. Pasa naizen herrialde guztietan euren ikurrak, hizkuntza eta ohiturak ikasteko eskubidea badute eta ez dut inor ikusi bere herria utzi eta beste batean fusionatu nahi duenik. Sarrionandiak esaten zuen, eta agian beste norbaitek ere, independizatu denak ez duela nahi izaten berriro koloniako hiritar izatea.
Nik herri bat nahi dut, euskal txobinistak kritikatu ahal izateko, pasaportean guk aukeratutako animaliak eduki ahal izateko iruditxoetan eta berriro ere Sarrik esaten zuen bezala banderak berriro kalera atera behar ez izateko.
Munduko beste herritarrak gorrotatzen dutenek esan ohi dute abertzaletasunaren sendatzeko erarena. Nik bidaiatzen dudan bakoitzean gehiago ikasten dut eta munduko herrien mapan agertzea baino ez dut nahi izaten. Eta beste herriak ulertzen nirea indartzen dut, eta ez alderantziz.
Gaurko Garan aurrekoan Karadzicen alde egon zen manifestaldiaren berri irakurri dut (http://www.gara.net/paperezkoa/20080731/89278/es/El-Gobierno-serbio-entrega-Karadzic-tras-manifestacion-panserbia) eta harritu nau agentziek 15.000 pertsonen zenbakia ematea manifestaldirako. Madrilen ohituak gaude 1.000.000 duten manifestaldien zenbakiak entzutera, baina ez nuen uste munduan zehar zifrak hainbeste puzten zirenik.
Orain zaila daukat demostrazioa egitea, baina sinetsidazue, han bainengoen. Aurreko asteartean Belgradon egon zen manifestaldian 2.000 ere ez ziren egongo, eta erdiak friki handiak ziren. Argazkirik ere badut, baina orain ezin igo hemendik.
Badirudi x10 egitea ohitura zabaldua dela munduan… zer egingo diogu bada!
Gaur hasi dute Hego Euskal Herriko milaka ikaslek espainiartasun froa. 3 egunetan ea Espainiak ezarritako edukiak ondo barneratu dituzten neurtuko da. Pedagogikoki honek duen balioa oso kritikagarria da. Unibertsitatetan geroz eta ikasle gutxago dauden bitartean muga selektiboak jartzen jarraitzeak zein zentzu duen kritika daiteke. Guzti hori edozein ikasle espainiarrak pairatuko du. Euskal ikasleek, gainera, inposaketa kultural bat jasotzen dute.
Frogarik nahi? Gaurko azterketan espainiako hizkuntza, literatura eta historia izango dira.
Noiz desagertuko da? Noiz utziko diote ikastetxeek euren ikasleak froga hoentara bidaltzeaz? Gora garraiolariak!
Maiatzaren 15ean Nakba, palestinarrentzat Hondamendia, oroitzen dugu. Ostegun honetan 60 urteko beteko dira XX. mendeko historia hainbeste markatu duen gertakari honetaz. EHBEk Herriek Bere Eskola nazioarteko hezkuntza informazio buletinaren ale berezia egin du horren inguruan, hezkuntzan duen eragina aztertuz. Nahiko interesgarria da ikuspuntu horretatik aztertzea ere, eta Israelen boikot kanpainaren barnean ere koka daiteke.
Bitxiena zera iruditu zait. Buletinean Israelen ekoizten diren hainbat produktu agertzen dira, ezagunenak edo. Kuriositatea dela eta zerrenda luzeago bat bilatzeari ekin diot. Eta hemen aurkitu dut. Espainiar estatuan saltzen diren produktuen zerrenda ez-osatu bat da eta denetarik dago, noski. Badira bertan Nike edo Seat bezalako produktuak egunero erosiko ez dituzunak, baina badira beste batzuk egunero erosteagatik edo ez dituzunak markak begiratzen, patatak adibidez. Ikusi dut LZR markako patatak ez zirela erosi behar eta pentsatu dut zaila izango zela noizbait produktu horrekin topatzea. Orain dela 25 minutu erosketak egiten egon naiz eta patatak erosi behar nituen. Zegoen marka bakarra, bi formatu ezberdinetan, hori bai, LZR. 3 eta 5 kg.ko paketetan. Amorrua izango zen, baina beste denba batean jarraitu ditut erosketak.
Radio Euskadik 25 urte betetzen ditu eta gaur arratsaldean 10 minututan PNVren 25 urte hauetako hizkuntza politika laburbildu dute. Aukera ederra zuten aldaketa batzuk egiteko, baina ez, horren ordez berriro ere inposaketa izan da nagusi.
Gaur Mauleko alkatea elkarrizketatu dute, Euskal Herriko hiriburuetako alkateetatik euskaraz dakien bakarra. Aukera bikaina zen honen kontura autokritika bat egiteko (PNVk alkateak izan ditu Gasteiz eta Bilbon eta hauek erdaldunak dira beti, adibidez). Baina ez, horren ordez, datu bitxikeri moduan utzi eta elkarrizketa egin diote… gazteleraz!
Norbaitek pentsa dezake Euskadi Irratian Azkunari, adibidez, elkarrizketa bat egitea eta hau euskaraz egitera derrigortzea? Ez al da askoz hobea mugaren bi aldetan euskaraz ulertzeko aukerak handiagoak badira zuzenean euskaraz egitea eta itzultzaile bat jartzea? Ba ez… gazteleraz egitera derrigortu dute. Hori da, 10 minututan, PNVren hizkuntza politika.
Aurrekoan irakurri nuen interneteko blog batean euskarazko liburugintzari urtero Eusko Jaurlaritzatik ematen zaion dirulaguntzarekin Abiadura Handiko Tren madarikatu horren 28 metro eta 46 zentrimetro eraiki ahal zirela.
Iaz Euskal Herriak Bere Eskolak antolatu Euskal Unibertsoan (bide batez, aurtengoa berehala dator!) Iñaki Antiguedadi entzun nion AHTa eraikitzeko beharko zen dirua EAEko Hezkuntza Sailaren aurrekontua 107 urtez betetzeko hainakoa zela. Niri datu ikaragarria iruditu zitzaidan. Batez ere kontuan hartzen badugu hori aurreikusi daitekeen gastua dela; eta gero boltsiko batean dirua sartu, tori maletin hau eta egidazu permuta nire zelaian esanez prezioa asko igoko dela.
Bestetik, urte eta erdi izango da Eva Ferreira errektoreorde neoliberalarekin hizketan nengoela Bolognarekin hezkuntza pribatizatzen zenaren gaia oholtzara atera zela. Eta Ferreira nahiko ados zegoen horrekin ere, ez baitago, omen, dirurik guztiei karrera bat ordaintzeko. Dirua duenak orain dezala, esan zuen! Bada! Dirua egon dagoela uste dut, eta kalkulu sinple bat egin nahi dut. AHTak 6.000 milioi euroko aurrekontua du 2020 bitarte EAEn bakarrik. Ikasle bakoitzak bere lau urteko karrera bost urtetan egiteko 5.800€ inguru jarri behar ditu bere poltsikotik. Gobernuak jada jartzen du gainontzeko dirua, beraz kalkulu honetan ez dugu sartu beharko. Zenbat ikasleri eman ahal zaie doako Unibertsitate hezkuntza orduan? 1.034.483 ikasleri, hain zuzen ere. Hemendik eta 2020ra bitarte ikasle guztiei karrera bat ordaintzeko sobera diru dago, beraz!
Eta gero etorriko dira dirudik ez dagoela esanez! Hori da hori azal lodikoak izatea!
Euskal Herriak Bere Eskolak laburmetraia lehiaketa jarri du martxan “Campusak biluztu” izenaren pean. Eta horri heldu diotela dirudi, bideoan ikus daitekenez. Arraroa da herri mugimendu batek horrelako tonoa duten bideoak egitea, baina behintzat bere efektua egingo duela suposa dezaket.