rssgaur8 logotipoa

Leioako campusaren inguruan idatzi behar nuen baina…

Klaustroa okupatuaAurreko artikulu batean esan nuen bezala Leioako campusean egin behar duten Parke Teknologikoaren inguruan hitz egiteko asmoa nuen. Neoliberalismoaren proiektu berri honi buruz nahikoak dira esan daitezkeen gauzak eta gehiago aurkezteko garaian esandako gezurren inguruan.

Baina atzo IAk izandako garaipena ezin dut komentatzeari utzi. Atzoko egunean klaustroa berriro etetzeaz gain (hau ohitura bilakatzen ari da) zaplastako ederra eman zitzaion Perez errektorearen nahiei: ezin Bologna aurrera eraman ahal izateko arauak onartu. UPVn atzo jokoan zegoena eskubide demokratikoak ziren, protestatzeko eskubidea, adierazteko eskubidea, libreki pentsatzeko eskubidea… unibertsitateak egin behar duena hori izanda oso larria zen eraso hau. Baina orain onartu nahi izatea ez da kasualitatea: behar-beharrezkoa da Bologna Prozesua aurrera eraman nahi badute, behar-beharrezkoa baita ikasleen ahotsa ixilaraztea.

Perezek gogoratu beharko luke aurreko klaustroa Donostian egiteko esperimentuan IAko hautetsiek salbatu zutela eguna. Gogoratuko du suspenditzeko aukera egon zela baina IAk lortu ziola quoruma. Gogoratuko du ere demokratikoak ez diren instituzio horietan parte-hartzea erabaki zuela egun hartan… baina orain bueltan ordaindu beharrean kobratu.

Atzo ordea sekulakoa izan zen. 200 ta piko ikasle barrura sartu eta Euskal Adarra sortu zen egunean bezala klaustroa hankaz gora jarri zuten. Ez nengoen han, baina imaginatzen ditut txakurren ostiak eta Gorizelaiaren urduritasuna… ikusten nabil…

Horregatik proiektu horren inguruan beste batean idatziko dut. Gaur zoriontzeko garaia da berriro. Eta gomendio bat emateko IAko militanteei: gorde itzazue horrelako momentuak zuen buruan, garaipenaren egunean guztiak bildu beharko baitira.

Edizioa: ikusi eta emozionatu:

Zorionak IA

Zorionak, eta oraindik zirrara gehiago sortzeko, bideo gomendagarri hau:




Bolognaren aurka bozkatu!

Bihar hauteskundeak daude UPVn. Askok uste dute hauteskundeak egoteak demokrazia dagoela esan nahi duela. Baina ez da horrela! UPVko agintariek ez dute “pertsona bat=bozka bat” sistema onartzen. Eurentzat demokrazia “nire bozkak zurea baino gehiago balio du” esan nahi du.

Hala da! Aurreko batean irakurri nuen elkarrizketa digital batean argi uzten zuen ez zuela Bolognaren inguruan erreferendumik egiteko asmorik Gobernu Batzordeak alde bozkatu duelako. Beno, hau ez da egia! Gobernu Batzordean, zehazki, horren inguruan bozkatzeko konpetentziarik ez zegoela da esaten zena, gutxienez 10 bat aldiz ni bertan egon nintzenean. Hau da, Gobernu Batzordeak ez du inoiz bozkatu. Baina gainera Batzorde hau ez da demokratikoa. Bertako kide gehienak Katedradunak dira eta hogeitamapikotik lau baino ez ikasleak. Aldi berean Unibertsitatearen gehiengoa ikasleak dira, katedradun eskasen aurrean.

Bihar hauteskundeak daude. Ez da demokraziaren seinale, esan bezala, baina hala ere Bologna Prozesuaren aurrean bozka da eurek kontsideratzen duten bidea. Eta horregatik bihar ikasleek argi adierazi beharko lukete greba eta mobilizazioekin ere adierazi dutena: Bologna Prozesua inposaketa huts bat dela! Hori egiteko modurik hoberena Ikasle Abertzaleak bozkatzea dela uste dut. Badakit gaur erreflexio eguna dela… baina berdin dit!

Nire bozka, ahal izango banu, IArentzat izango litzateke!

Gaur denok Usurbilera, Ikasle Egunera

Urte legez Ikasle Abertzaleakek Ikasleon Nazioarteko Eguna ospatzeko jaia antolatu du. Kasualitatea da data hau larunbatean izatea eta horregatik normalean mobilizazioak eta kontzertuak egun ezberdinetan izaten badira ere aurten egun bakar batean da dena.

Goizean Ikasle Topaketak, ondoren herri bazkaria eta arratsaldean hainbat gauza interesgarri egiteko. Gaua behin sartuta manifestaldia, ekitaldia eta ondoren kontzertu bikaina: Latzen, Ojos de Brujo, Delorean, Oliba Gorriak eta Edanen erromeria gau osoan zehar… zer gehiago behar da bertaratzeko?

Ni behintzat han egongo naiz… ikusiko dugu elkar, ezta?

Bolognaren aurka han-hemenka

Ez diot Aitor Etxebarriari bere blogaren edukia kendu nahi, baina Bolognaren aurka egun hauetan mobilizazioak egoten ari dira han hemenka. Azaroaren 17a oso data esanguratsua da ikasleentzat, eta aurten Ikasle Abertzaleakek Ikasle Egunarekin ospatuko du. Baina Europako Ikasle Foroan bi egun lehenagorako ahal zen lekuetan mobilizazioak egitea erabaki zen. Horregatik aste hauetan hainbat adibide baditugu. Baina hortik aurrera ere hainbat dira mobilizazioak, batez ere Frantziar estatuan.

Euskal Herrian, esan bezala, Ikasle Eguna eta Ikasle Topaketak egongo dira larunbata honetan. Kontzertu bikaina, bai! baina egun osorako egitaraua dago. Horrekin batera hainbat fakultatetan borrokak jarraizen du eta nahiko ingeniotsua den Hitza Hartu - Itzartu hitz-jokoarekin jokatzen ari dira.

Katalan Herrietan SEPCk ere mobilizazioak deitu ditu ostegun honetarako. Gaur bertan Ravalean dagoen UBren fakultatea desalojatu dute, bertan okupazioa burutzen ari baitziren. Bihar, osteguna, mobilizazioak egongo dira. Bartzelonan lehenengo aldiz egingo den ibilbidea dago prestatua. Beti manifestaldiak plaza batean bukatu ohi dira eta oraingoan Pompeu Fabra unibertsitatean (grebarako arazo ugari jarri dituenak) bukatuko da, fakultatea hartuz.

Atzo Erromako Sapienzan ere Asanblada egon zen, gaur ikasleen aurkako neurriak hartuko baitzituzten.

Baina ekimen nagusiak frantziar estatuak egiten ari dira, batez ere sindikatu nagusiek, hau da, PSFren ingurukoek, baina baita ere JCR eta ezker erradikaleko taldeek. Dagoeneko arazo ugari sortu dituzte eta 20an egongo den greba orokorrerako deialdia luzatu dute berriki aprobatu den Unibertsitate Lege berria dela eta. Lege hau Bolognan sakontzeko beste neurri bat baino ez da, PSOEk egin dituenaren antzekoak, baina kasu honetan Sarkozyk eginikoak.

Itzartu

Gaur UPVn ez dakit zer plan aurkeztu dute. Berriro ere gezurretan harrapatuko ote genuen beldurrez Perezek bi titular eman ditu aldi berean. Esaldia lehen mailako unibertsitate bat garela esanez hasi du eta ondoren, koma luze baten ondoren, taulako erdiko postuetan gaudela esan du eta UEFA jokatu nahi duela. Bere ideia itzartzea beharrezkoa dela da, hau da, guztion artean unibertsitate honi bulkada berria ematea.

Ez dut oraindik plana irakurri, ea egun hauetan (jaiegunak direla eta) denbora dudan begiradatxo bat botatzeko, baina ziur nago bi gauzetaz:

1- Eskatzen jarrita, zergatik geratu UEFArekin? Europar Eraikuntzan inori galdetu gabe sartu nahi gaituela aurreko batean ere argi esan nahi zuen, baina behin Europan sartuta ez al da hobe Championsa jokatzea? Eta oraindik hobe, ez litzateke hobe Euskal Unibertsitate bat eraiki eta orduan Eurokopa jokatu ahal izatea, ez klub baten moduan, baizik eta herri moduan?

2- Helburua itzartzea bada, nik beste hautu bat egiten dut. Gaur Ikasle Abertzaleakek Usurbilen egingo duen Ikasle Egunaren aurkezpena egin du. Ideia nagusia ikaslea itzartu bear dela da, eta abestia ere egin dute. Han bai egongo naizela, lehen maila ematen.

Barkatu, bazegoen beste udako ikastaro bat.

Aurreko artikulu batean esaten genuen (Edurne Larrañagarekin batera idatzitako horretan) salbuespen bakarra zegoela udako ikastaroak zirela eta: UEUkoak. Beste guztiak kapitalismoan, espainiar edo frantziar izaeran eta gure herriaren ukapenean oinarritzen zirela defendatzen genuen, hainbat datu eskainiz.

Gaurkoan barkamena eskatu behar dut, pare bat kritika jaso nituelako. Bada beste ikastaro bat pedagogia aurrerakoian, Euskal Herriaren ezagutzan eta autogestioan oinarritzen direnak: Ikasle Abertzaleaken Eskola Ibiltaria… jada pasa da, baina asko ikasi dugu bertan!

UPVren txakurrak

Aurreko batean idazten nuen speeda eta redbulla gosaltzen dutenen inguruko artikulu bat. Iñakoren mutilak horrelakoak dira, tipo arriskutsuak. Norbaitek ez badu sinisten Unibertsitate Publikoaren hileta antzezten zen egunean honako irudia utzi zuten. Zer uste zuten, kamarekin gauzak grabatzeko eskubidea eurek bakarrik zutela?

216 orduko demokrazia gosea

PrentsaurrekoaGaur 216 ordu bete dira demokrazia gosea duen 24 orduko txandakako ikasle baraualdia hasi zenetik.

Ikasle baraualdi honetatik egunero-egunero karrera ezberdinetako ikasleak igaro dira, euren kamiseta gorria soinean zutela, ikasleen hitza errespetatu zedin eskatuz.

Errektore hautagaiei (bai Jack Johnson eta baita John Jacksoni ere) eman zieten ikasleen exijentziak bete zitzaten baino ez zuten eskatzen. Txikikeria bat, demokrazian oinarritutako eskariak direla kontuan hartuta. Baina tira! Bietako batek ere ez du egin inolako hauturik unibertsitateak dituen benetako erronkei erantzuteko. Hori dela eta bihar Ikasleon Alternatiba bozka dadin eskatu dute, argi uzteko ikasleak ez direla erraz saltzen diren kolektibo bat, nahiz eta bere bozkaren portzentajea hain txikia izan.

Ni ez naiz NUPeko ikaslea baina, bihar, Leioan okupatu den Leioako Ikasle Gune Askean (LIGA) egongo naiz berri gehiagoren zain.

Greba Orokorra unibertsitatetan!

Hau idazten dudanean bihar, martxoak 29, Greba Orokorra dago deitua Unibertsitatetan Bologna Prozesuaren aurka (eta NUPen euskaraz ikasteko eskubidearen alde ere). Bihar piketetan parte hartzen egongo naizenez, eta ez dudanez lanik egingo, gaur idazten dut. Aurrekoan hiru arrazoi eman nituen… baina askoz gehiago egon badaude.

Bihar egun bikaina da ikasle mugimenduarekin batera mobilizatzeko!