“Berriro esan nahi dut, herria Gobernu delako, gaur egun posible dela esatea kobrea txiletar guztiona dela” esan zuen Salvador Allendek. Eta handik denbora gutxira hil zuten. 40 urte igaro dira hori gertatu zenetik eta orain pil-pilean dago Txilen ikasleen borroka. Haien udazkenetik jo ta su ari dira mobilizazioak garatzen, hezkuntza publiko eta herritarraren alde egiten, demokratizazioa eskatzen eta diru publikoa hezkuntzan inberti dadila eskatzen. “Ez dago guzti horretarako dirurik” erantzuten du Gobernuak. “Nazionalizatu dezagun berriro kobrea” erantzuten dute hainbat ikaslek.
Izan ere, dirua egon badago. Baina kanpoko enpresek, lapurtzen diete, guri saldu ahal izateko. Lapurtzen uzten ez dietenean berehala montatzen diete inbasio, estatu-kolpe edo errebelio zibil bat. Txilen gertatu zen, Iraken gertatu zen eta Libian gertatzen ari da.
Ikasleek Txile hartu dute, aspaldi gogoratzen ez ziren protestak antolatuz. Hezkuntzaren hiru laurden pribatizaturik dauden herrialde batean normala da momenturen batean hezkuntza publiko, laiko eta doakoa eskatzea. Neoliberalak urduri daude, ezin dutelako mugimendu hau ondo kontrolatu. Instituto gehiago eta hobeak eskatzen dituzte, ikasi nahi dutela diote, hezkuntza herritarra izan behar duela aldarrikatzen dute.
Etxetik gertuago Antsoaindik pasa gaitezke. Bertan instituto bat eskatzen da, euskalduna eta herriarentzat. Kalitateko hezkuntza nahi dute, eta horregatik antolatzen dute flash mob bat gaur8. “Gu gara herria, euskal ikastetxe herrikoia” leloa duen triki-lanbada ere egin dute Interneten. Hezkuntza, hemisferio guztietan mugimenduan!
Tristura handiz jaso nuen orain pare bat aste Ikoitzen atxiloketa. Besteena ere, noski, baina tristura politikoaz gain sentsazio pertsonalak ere batzen dira lagun bat atxilotzen dutenean. Ez dira gutxi Ikoitzekin lanean eman ditudan orduak, nahiz eta ikasle belaunaldi ezberdinetakoak garen. Oran dela urte batzuk ikasle mugimenduan eta ondoren hezkuntza mugimenduan beti ikusi izan dut aktibo eta, garrantzitsuago dena, besteak aktibatzeko gogoekin. Eta horregatik eraman dute, noski.
Ikasle Eguna jai bat baino aldarrikapen eguntzat hartzen duenetariko bat naiz. Egun garrantzitsua, ikasle eskubideak aldarrikatu eta jada ikasle ez garenok ere aldarri horiekin bat egiteko. Horregatik gaur arratsaldean Amurrion izango den manifestaldian egongo naiz eta ondoren izango ditut nire emozioak azaltzeko aukera Doctor Deseoren kontzertuarekin batera.
Izan ere, sentsazio gazi-gozoa utzi dit azken urteotan Ikasle Egunak. Iaz Miren ezin izan zen etorri eta aurten ere hala izango da. Bere falta somatu genuen han bildutako batzuk. Aurten Ikoitz botako dugu faltan, nahiz eta berak ez zuen juerga egiteko aukerarik izango. Ziurrenik garagardoak eskatzen hasten garenean Urkorekin ere gogoratuko gara. Ni, behintzat, gogoratuko naiz.
Ez dut nahi zuek triste uztea, hala ere. Horregatik azken hitzak esperantzazkoak izango dira: ikasleria kolpatu ahal dute, judizialki zein zuzendari eta errektoreen autoritarismoarekin. Baina ez dute udaberria etengo. Buruak ireki ahal dituzte, baina ezingo dituzte ideiak hautsi. Gaur, Amurrio da horren erakusgarri. Astelehenetik aurrera, ikastetxe, unibertsitate eta plazak.
Ziurrenik, dagoeneko badakizu hurrengo larunbatean manifestaldia egingo dela Bilbon. Gainera, ziur nago han ikusiko dugula elkar. Beraz gaurkoan beste gai zeharo ezberdin bati heldu diot.
Aurrekoan kanpoan ikasten dagoen lagun bat etorri zen. Egun gutxi egongo zenez biok ostegun unibertsitario bat egitea erabaki genuen, nahiz eta jada ez garen unibertsitario (beno, bera bai, baina ez sensu stricto). Bilbora joan, Someran afaldu eta dena itxita ikusi ondoren Bilbira joan ginen. Desertua zirudien. Benetan, ez dut inoiz Bilbi hain hutsik ikusi. Iratxo taberna ere bare-bare zegoen.
Tabernariek esan ziguten oraingo ordutegiaren errua dela, ordubatean dena itxi eta hutsik egon behar duela, munizipalak oso tonto jarri direla Bilbon… baina ez da hori arrazoia! Izan ere orain dela bost urte Iratxo taberna hustu behar zuten bakoitzean (eta hori berandu izaten zen) handik bota behar gintuzten. Eta taberna beterik zegoen. Baina orain ordua baino lehen hutsik dago taberna. Arazoa, beraz, beste bat da.
Ideiari buelta batzuk ematen egon ginen eta konturatu ginen arazoa Bologna bera dela. Ikasleak hain dira full time ezen ezin duten ostegun unibertsitarioa gozatu. Ikasle izatea jada jardunaldi osoko lan bat da. Bere garaian kanpaina handiak egin genituen Bologna zer zen azaltzeko… baina ez genuen detaile hau aurreikusi. Tabernariak ziren erronka. Eurak konbentzitu behar genituen greba egin zezaten, manifestaldietan parte har zezaten, eta ez unibertsitateko langileak! Beno, ea gutxienez gaur zortzi Bilboko kaleak bete eta ondoren ere giro apartez gozatzeko aukera dugun, ezta?
Bihar, larunbata, Ikasle Eguna ‘09 ospatuko da Arrasaten. Ikasle ez direnek ere ateak irekita dituzten arren ikasle mugimenduaren egun handitzat hartu behar dugu. Egun horretan ikasturteko egitasmo nagusiak azaldu eta azken urteotan bildu eta erabakiak hartzeko determinazioa erakusten du Ikasle Abertzaleakek.
Aurten Arrasaten marra gorriak margotuko dituztela zin egin dute. Eta horrelako egitarauarekin ez da zaila izango. Goizean topaketak, ondoren herri bazkaria. Arratsaldean kalejira eta ikasle taldeen musika maratoia. Manifestaldia eta ekitaldiaren ostean kontzertu bikaina: KOP, Esne Beltza, Des-Kontrol, Zea Mays eta Beste Batekin erromeria. Eta hau gutxi balitz Radio Afu eta Aritz Sound Systemekin dantzaldia karpa txikian.
Bertan ikusiko dugu elkar!
Gaur Ikasle Eguna ospatzen da Erandion eta berarekin batera Ikasle Abertzaleaken 20. urteurrena. Asko gara Euskal Herrian zehar antolakunden honetan militatu dugunok, baita gure hezkuntzako momenturik hoberenak bertan egin ditugunok.
Ikasleek beti ortzi-mugaren bila abiatzen dira, utopiaren bila, gamusinoen ehizan. Ikasleek badakite euren erronkak ezinezkoak izan daitezkeela, baina hala ere bideari ekiten dioten. Orain dela 20 urte nork esango luke ikasle antolakunde nazional bat izango genuela Euskal Herrian? Nork esango luke euskalduntzearen aldeko lanari ekiten zitzaionean 12 urte geroago Euskal Curriculuma eta Euskal Unibertsitatea bidean edukiko genituela? Nork esango luke orain 6 urte Bologna Prozesuaren aurkako borroka gakoa izango zela esan zenean, geroago Europako Ikasle Foroa antolatu eta borroka honek dimentsio hau hartuko zuela? Nork esango luke patriarkatua ikasgelatan gainditu nahi duen ikasle mugimendu bat sortuko zela?
Nik nire aldetik gaurko eguna Erandion emango dut. Eta eguna diodanean gaua ere esan nahi dut, noski! Kolosala izango dela esango nuke, baina tamalez horrelako egunetan espainiar zein frantziar errepresioaren ondorioz ospatzen egon ezin direnetaz gogoratzen gara sarri. Asko eta asko dira ikasle mugimendua indartu ostean beste leku batzuetan lanean aritu izan direnak eta asko ere lan hori egiteagatik kartzela ezberdinetan gaur egongo direnak. Guztiak zerrendatzea zaila egiten zait, beraz doakie hemendik besarkada handi bat! Eta nire besarkada berezia Otxoa, Gorkita eta Xabiri… zuen omenez ospatuko dugu gaur! Iraultza haziak… borrokak heziak.
Gaur goizean ohoreak eta lotsak aurrez aurre egin dute talka Leioako campusean. Alde batetik ikasle mugimenduko kide izan ginen askok sentitu dezakegun ohorea horrelako irudiak ikusi ondoren:

Eta aurrez aurre faxismoa berriro erabiltzen duen errektoretzat baten irudi lotsagarria. Atxiloketak egiten dituen errektore bat, ikasleak epaitegietara eramaten dituen errektore bat… eta oraindik lotsagarriagoa dena, kolpatzen dituen ikasle horiek gabe quorum nahikoa lortzeko gai ez den errektore bat. Errektoreari 4 urte gehiago geratzen zaizkio, baina ez da inoren errektorea izango.

Bi irudi aurrez aurre. Duintasunarena eta koldarkeriarena. Ohorea eta lotsarena. Borrkarena eta serbilismoarena. Etorkizunarena eta iraganera.
Errektorea biluzik dago eta guar konturatu da.
Internet leku guztietara heltzen ari dela argi dago. Webguneen erabileraren azkeneko froga IAk ostegunean (bihar!) deitu duen mobilizazio eta borroka egunerako deialdi batean irakurri daitekeena da:

Ikusten duzuen bezala bigarren pankartan “norbaitek sinetsi nahi ez badu edo” webgune batera berbidalketa egiten da, modu birtualean. Hemen gutxienez modu errealdean jar daiteke: http://www.ert.be/doc/0061.pdf. Norbaitek sinetsi nahi ez badu, hor Bologna enpresek proposatu dutenaren froga.
COPE entzun ohi dut kotxean nagoenean. Ez da nire masokismoa dela eta, ez. Alderantziz, leku guztietan entzuten den irratien artean defraudatzen ez zaituen bakarra da. Radio Euskadi entzun daiteke ere, eta batzuetan egiten dut, baina bertan dauden tertulianoek nazka ematen didate orokorrean. Eurentzat eskuina PP baino ez da, eta euren alderdi maitea den PNV ez, horiek demokrata kristauak dira, noski. Egun hauetan, adibidez, Fidel Castroren gutuna dela eta euren jarrera neoliberala argi eta garbi utzi dute tertuliano eta aurkezle guztiek, batez ere Xabier Lapitzek. Eurentzat herriak hautatutako komunista bat diktadore bat da, baina Espainiak badu estatuburu betikotu bat eta ez dute ezer ez esaten… baita espainiar legalitatea babestu ere. Gaur, urrunegi joan gabe, Radio Euskadiko kazetari batek “Pais vascofrancés” esan du, suposatzen dut poliziak bidalitako teletipo bat irakurtzen egongo zelako edo. Beno, guzti honen ondoren berriro ere COPE zergatik entzuten dudan esango dut: eskuindarrak dira, faxista hutsak… baina onartzen dute! Eurek ere neutralak direla diote, baina PPk hauteskundeak irabaztea nahi dutela diote, inongo arazorik gabe.
Bada COPEn programa berezi bat, besteen artean arriskutsuagoa. Jende gehienak ezagutzen du Jimenez Losantos libeggalak egiten duen irratsaioa, baita bere iragana ere, edo Cesar Vidalek egiten duena gauetan… askotan agertzen dira beste medioetan euren esanak direla eta. Baina bada irratsaio berezi bat arratsaldetan: “La Tarde con Cristina“. Programa hau ETBko “Pasalo”ren antzekoa da, baina ezberdintasun batekin… tertuliano guztiak Paloma Zorrilla bezalakoak dira. Gaur programa honetan Kosovo nazka ematen duen eskualde bat dela esan du, lasai-lasai.
Azkeneko aste honetan hiru aldiz boikoteatu dituzte hiruna mitin hiruna unibertsitatetan. Lehenengoa Maria San Gili egin zioten AGIReko ikasleek. Bigarrena Dolors Nadali egin zioten Pompeu Fabrako ikasle independentistek. Hirugarrena Rosa Diezi egin zioten Complutensean. Beno, ba programa honetan, La Tarde con Cristinan ikasleen aurkako neurriak hartzea eskatzen dabiltza, hasieran IArekin sartzen, gero AGIR eta ikasle katalanekin (ez dute SEPC aipatu, baina gutxi geratu zaie) eta jada, atzo, ikasle ezkertiar guztiekin. Gaur ere gaiari ekin diote eta faxistak beti faxista direnez (ez dute inoiz defraudatzen, horregatik entzuten dut COPE) zuzenean disidentziarekin amaitzea proposatu dute.
COPEn faxistek gaur proposatu dutenaren izpiritua Iñako Perezek UPVn eginiko “alderdien legea” egin dadila izan da… atera zuen konklusioak…
Gaur (19) eta bihar (20) Bologna Prozesuaren aurka ekiteko bi egun oso berezi dira. Gaur UPNAn ikasle hauteskundeak daude eta bai IAk bai Eraldatuk prozesuaren aurkako erreferendum baten itxura eman diote. Hau da, Grupo Universitario eta Sadar bozkatzeak Bolognari hein batean bai esatea esan nahi du. IA edo Eraldaturi bozkatzeak Bolognari ez esan nahi du. Badirudi hau txorakeria bat dela, baina Unibertsitateetako errektoreek askotan horrela planteatzen dute: Bolognaren inguruan ez da ezer erabaki behar gehiengoak eurekin bat egiten duelako (ez dute ikusten gehiengoa ez direla katedradunak, baizik eta bozkaren balio handiena dutenak). Horregatik ezezkoa euren esparruan ematea garrantzitsua da.
Bigarrenik bihar Leioan dagoen Nazio Manifestaldia da. Espero dut milaka izatea bertan biltzen diren ikasleak. Baina benetan espero dudana (beno, hobe esanda, nahiko nukeena) milaka ikasle horien hitza kontuan hartzea litzateke. Perezek aurreko astean testu iraingarri bat egin zuen eta horri aurre egiteko modu bakarra gehiengo zabal bat irudikatzea da.
Nafarroan IPCa %1,1 igo denez zuen internet konexioa ondo probesteko nik orain 10 artikulu idazten nituen denboran 11 idatzi beharko ditut. Aste honetan gainera lan handia jarri diot nire buruari hainbat gai komentatzeko.
Gaur, larunbata, Ikasle Abertzaleakek bere V. Kongresua burutuko du. Ez ditut ponentziak irakurri baina egia esan konfidantza nahikoa dut IArengan ondo egongo direla pentsatzeko. Garrantzitsuena ez da hori ordea.
Gogoratzen dut IV. Kongresua egin zenean Mira Antzokian. Bertan “Euskal Ikasleon Eskubideen Karta” onartu zen eta lehenengo aldiz egiten zitzaion aipamen bat Bologna Prozesuari, aurre egin beharreko zerbaiten gisa. 4 urte zehatz igaro dira egun hartatik eta ikus ditzakegu emaitza: eskubideen borroka pil-pilean dago eta gatazken erdigunean. Bologna Prozesuaren aurkako borrokaz zer esanik ez.
Ez dakit gaur zer den erabakiko den punturik garrantzitsuena. Baina hemendik lau urtetara, 2011ko neguan, horrenbesteko garapena izango badu zoriontzeko modukoa izango da. Hala bedi!