rssgaur8 logotipoa

Bildu eta bultza

Esparru guztietan ikusten ari gara: indarrak bildu eta helburu komunen alde bultza egiteko gogotsu dago jendea eta eragile andana. Eskubide zibil eta politikoen defentsan, indar soberanisten arteko adostasunen bila edo aste honetan ikusi dugun bezala, gehiengo sindikalaren indarraz Greba Orokorra eginez, geroz eta gehiago dira sortzen diren dinamika bateratuak.

Hezkuntzan, ordea, eztabaida klasikoak dira nagusi. Orain aste gutxi Altsasuko hitzondo.net webgunean orain dela 25 urte idatzirik egon zitekeen artikulua irakurri nuen, publiko/pribatu eztabaidan sakontzen. Bitxi da: maila guztietan adostasunen bila abiatzen garen bitartean badirudi hezkuntzan bereizten gaituzten gauzei arreta handiagoa jartzen diegula.

Biltzeko garaia da. Hezkuntza Eskubideen alde gauden guztiok proiektu antzekoak ditugu. Edo, gutxienez, UPN-PSE proiektuekin kontrajarriak dira. Ziur nago ikastola edo eskola publiko euskaldunaren defendatzailerik sutsuenek bat egiten dutela eskola euskalduna eta herritarraren alde. Zein da, orduan, arazoa?

Bultza egiteko garaia da. Abestiak zioen bezala “zuk hortikan eta nik hemendikan”. Bakoitzak bere lanean, baina norabide berean. Urtero milaka herritarrek bat egiten dute euskarazko hezkuntzaren alde, eta herritarren gehiengoak nahi du hezkuntzaren gainea erabakitzeko eskubidea izatea, ezta? Sinisten badugu Euskal Herriko gehiengoak bi printzipio hauekin bat egiten duela, eztabaida antzuak alboratu eta bat-egiteko garaia da. Nire gomendioa, beraz, bildu eta .bultza. Eta ikusiko duzue, nola nola, behar ez dugun guztia, laster eroriko den.

Dagoeneko badakizunez…

Ziurrenik, dagoeneko badakizu hurrengo larunbatean manifestaldia egingo dela Bilbon. Gainera, ziur nago han ikusiko dugula elkar. Beraz gaurkoan beste gai zeharo ezberdin bati heldu diot.

Aurrekoan kanpoan ikasten dagoen lagun bat etorri zen. Egun gutxi egongo zenez biok ostegun unibertsitario bat egitea erabaki genuen, nahiz eta jada ez garen unibertsitario (beno, bera bai, baina ez sensu stricto). Bilbora joan, Someran afaldu eta dena itxita ikusi ondoren Bilbira joan ginen. Desertua zirudien. Benetan, ez dut inoiz Bilbi hain hutsik ikusi. Iratxo taberna ere bare-bare zegoen.

Tabernariek esan ziguten oraingo ordutegiaren errua dela, ordubatean dena itxi eta hutsik egon behar duela, munizipalak oso tonto jarri direla Bilbon… baina ez da hori arrazoia! Izan ere orain dela bost urte Iratxo taberna hustu behar zuten bakoitzean (eta hori berandu izaten zen) handik bota behar gintuzten. Eta taberna beterik zegoen. Baina orain ordua baino lehen hutsik dago taberna. Arazoa, beraz, beste bat da.

Ideiari buelta batzuk ematen egon ginen eta konturatu ginen arazoa Bologna bera dela. Ikasleak hain dira full time ezen ezin duten ostegun unibertsitarioa gozatu. Ikasle izatea jada jardunaldi osoko lan bat da. Bere garaian kanpaina handiak egin genituen Bologna zer zen azaltzeko… baina ez genuen detaile hau aurreikusi. Tabernariak ziren erronka. Eurak konbentzitu behar genituen greba egin zezaten, manifestaldietan parte har zezaten, eta ez unibertsitateko langileak! Beno, ea gutxienez gaur zortzi Bilboko kaleak bete eta ondoren ere giro apartez gozatzeko aukera dugun, ezta?

Martxoan

Joan zen artikuluan orain astebete Donostian izan zen “Hezkuntza Deialdia”ri buruz hitz egiten nuen. Ondo joan zela uste dut, interesgarria bertan egondako parte-hartzea eta are interesgarriago martxoaren 13an deitu den mobilizazio nazionala. Hezkuntzan gauzak mugitzen ari dira, eta badirudi hezkuntza sistema propio bat izatearen alde gaudenok ere pausoak eman ditugula.

Eta hezkuntzan gauzak mugitzen ari direla diot Donostiako bileraren hurrengo egunean PPk antzekoa egiten zuelako Toledon. PPk Hezkuntza Hitzarmen bat lortzeko minimoak zeintzuk diren definitu zituen eta erraz jarri dio Hitzarmena Cuatroko kazetariaren anaia ministroari.

PPk argi du zer den egin behar dena hezkuntza estatu interesen arabera gehiago lotzeko: Nafarroan Azanza-Catalánek egiten dutena indartu, EAEn Isabel Celaák egiten duen moduan. Eta gozoki hori erraz sal dakioke Gabilondori. PSOEk ez du nahi gatazka egotea hezkuntzan eta PPk hori eskaintzen dio: Educación para la Ciudadanían duten jarrera lasaitu eta trukean “España, una, grande y libre” egonkortu hizkuntza eta curriculumean. Sanzek nahi duen bezala eta, beraz, Xabier Azanzari gustatzen zaion bezala (berak dioenaren arabera). Hizkuntza ereduak egonkortzea, euskalduntzen ez duten ereduak indartzea eta curriculum komuna indartzea.

PPk martxoan jarri du muga akordioa lortzeko. PSOEk ere epe bera jarri du hitzarmena lortzeko. Martxoa da euskaldunok dugun muga hezkuntza mugimendu sendo bat eratze bidean jartzeko. Orain zurea ere bada ardura: Rajoyren eredua edo euskaldunon erabakitako hezkuntza eredua. Toledoko proposamena edo Hezkuntza Deialdia.

Deialdi bat duzu!

Bai, zuk! Deialdi bat duzu hezkuntzaren egoeraz kezka baldin baduzu. Deialdi bat duzu gaur zortzi, Celaá/Ares, Catalán/Azanza edo Maitia/Brissonek egin dituzten politiken aurka baldin bazaude. Euskal Herriak Bere Eskolak (EHBE) luzatu du deia eta izen ponpoxoa jarri: Hezkuntza Deialdia. Helburua ez da beste manifestu bat kaleratzea edo batzar bat gehiago egitea. Helburua hezkuntza propio baten alde edo euskara eta euskal curriculumaren alde gaudenak bildu eta elkarlanean mobilizazio dinamika bat adostea izango da.

Eta arrazoiak ez dira falta, ez. Hastera ematen dizkigute arrazoi berriak. Ikasturte hasieran baziren arrazoiak, orain arteko egoera larria zelako: TIL eredua Nafarroan; Euskal Curriculumaren ordez Espainia eta Frantzia ikastea; Ipar Euskal Herrian euskarari egiten zaion mespretxua; unibertsitateetan Bologna bezalako prozesu neoliberalak; eskola txikien itxiera eta haurren deserrotzea; finantziazio eskasa… baina ikasturte honetan arrazoi gehigarriak eman dizkigute: TIL ereduarekin D eredua desagerrarazteko aukera; Euskal Herria terminoa Nafarroa eta EAEn zentsuratzeko mehatxua; euskararen ofizialtasunaren mespretxua Euskararen Erakunde Publikoaren aldetik; zonifikazioarekin jarraitzea Nafarroan; EAEko Curriculumaren dekretu berria… eta abar luze, luzeegi bat.

Honi guztiari buelta emateko aukera paregabea dago hurrengo larunbatean. Hurrengo hilabeteotan hezkuntzako indar soberanistak batu eta mobilizatzeko erronka dugu. Eta indar horiek Hezkuntza Sistema Nazionalaren eraikuntzan jartzeko aukera baliatu behar dugu. Guztiok batera ekiten badugu, lortuko dugu.

Kezkatuta nago

Bai, hala da. Kezkatuta nago, eta uste dut arrazoi nahiko ditudala egoteko. Ez dakit errua krisiarena den, jendea lasaiegi dagoela, jendarte eredua aldatu dela… edo zer den, baina beste zerbait espero nuen. Izan ere ikasturte honetan hiru adierazpen larri entzun ditugu hiru administrazio ezberdinetatik eta egondako erantzunak txikiak izan dira.

Hasteko, Perez-Nievasek, gero Catalánek, eta bien artean euren ikasle ona den Azanzak euskararen aurkako erasoak errepikatu dituzte. Euskal Herria terminoa duten testu liburuak erabiltzen dituzten ikastetxeei isunak jarriko dietela esan zuten. Gero testu liburu horiek ere ez-ofizialtzat joko zituztela. Eta hau gutxi balitz ez dute inongo intentziorik zonifikazioarekin amaitzeko.

Brisson ere, etorri da Deiadar Mobilizazioari erantzunez: euskarak ez du ofizialtasuna behar, hizkuntza ofizial bakarra frantsesa delako. Eta gero hau euskararen aldeko erakunde batean jartzen dute.

Azkena Celaá andere handia izan da. Euskara konfrontazio hizkuntza dela. Euskaraz heztea dotrinatzea dela. Testu liburuetan Euskal Herriak ez duela lekurik. Ikastolei dirutza bat murriztuko diela. Espainia gehiago ikasi behar dela.

Eta zein izan da Euskal Herriko hezkuntza mugimenduaren erantzuna? Txikia. Zerbait egon da, baina oso murritza. Esan didate gauza hauek denbora behar dutela, zerbait mugitzen dabilela, batez ere EHBEren aldetik. Baina bitartean denborak aurrera doa eta ez da erantzunik ikusten. Kezkatuta nagoela esan dut hasieran. Bada, kezkatuta baino gehiago, lotsatuta nago. Espero dut egoerak behar duen erantzuna izatea ikasturte honetan.

Garrantzia

Badira gaiak egunero prentsan agertzen direnak, eta horrela lortzen dute garrantzi berezia izatea. Adibidez: krisi ekonomikoa, Athleticen partiden emaitzak, A Gripearen ondorioak… Badira beste batzuk, ordea, ez dutenak garrantzi berdina izaten, nolabait ez zaizkigu hain garrantzitsu iruditzen.

Gai horietako bat gure seme-alabek (nireak ez, ez ditudalako, baina ulertzen delakoan nago) zer ikasten duten da. Nafarroa Garaian Euskal Herria terminoa kendu nahi dute ikastetxeetatik eta horretarako argitaletxeen zerrenda beltza ere osatu dute. Eurek garrantzia ematen diote gaiari, badakitelako hezigunetan ikasten dela etorkizunean izan/jakin/egin behar duguna. Eta zenbat dira horren inguruan kexa agertu duten gurasoak? Tamalez gutxi.

Berdina egin dute orain Zonalde Mixtoaren hedapen txikiarekin. Eurek garrantzia eman diote, hainbesterako izan da ezen Gobernu aldaketa bat ere suertatu den aitzakitzat abstentzio bat hartuta. Eta benetako arrazoiak horiek ez badira ere orain Perez-Nievasen ordez Alberto Catalán alderdiko pisua jarri dute. Eurek garrantzia eman diote, bada.

Aurrekoan liburu baimenduetako bat ikusi nuen. Espainiako mapa eta gertakari ugariren tartean baziren hainbat Euskal Herriko mapa. Lopezen logika absurdoa jarraiki liburu horietan Zuberoaren mugak ondo zehazten ziren, biata Eskiula exklabe moduan agertarazi… baina Trebiñu txurian agertzen zen. Ilogikoa? Ez, eurek garrantzia ematen diotelako baino ez da.

Askok, bitartean, eskoletan txertoak nola banatuko diren eztabaidatzen dute. Eurek garrantzia ematen diote, eman diezaiogun geuk ere.

Jaso dezagun… euskara?

Ez nintzen Nafarroa Oinezera joan zen igandean: ez naiz txeke txuriak ematearen aldekoa. Jaso ikastolak antolatu zuen aurteko Oinezaren edizioa, eta ez dakit zeintzuk izango ziren zituzten premia handiak, baina ziur nago badirela bai Euskal Herriko ikastolen artean premiazkoagoak diren beharrak dituztenak baita Iruñeako eskola publiko gehienen artean ere Jasok baino egoera ekonomiko txarragoa dutela. Ikastolek behar ekonomikoak ez dituztela ez dut ukatuko, ez da Jasoren kasua, hala ere.

Eta eskerrak joan ez nintzela: Jaso ikastolak herri mugimenduaren aldarriak eta kartelak kendu zituzten, euren aliatua izan beharko litzatekeen AEKrenak barne. Jaso ikastola zentsura politikoa erabiltzen saiatu zen Hesianen kontzertuan. Eta Jaso ikastolak euskaltzaleon etsai politikoa eta euskarak pairatzen duen egoeraren erantzulea den Perez-Nievas gonbidatu zuen bere aurpegia garbi zezan.

Ez dut uste bertara joaten direnek euren dirua Jaso ikastolak teilatua hobetzeko edo erlijioa emateko leku bat izan dezaten eman nahiko dutenik. Ikastolen jaietara joaten garenok (beste askotan joan bainaiz) Hezkuntza Sistema Nazionala aldarrikatzen dugu, hau da, ikastolen mugimenduaren jatorrian dagoena. P. M. jaunak hala uste ez badu ere. “Euskararen jai” handitzat saltzen diren horiek hezkuntza propio baten aldeko aldarria baino ez direlako. Tamalez gaur egun eraikinak hobetzea lehenesten da aldarrikapenen gainetik. Jasorentzat baino Hezkuntza Sistema bat eraikitzeko izan balitz, han egongo nintzateke! Jaia egitasmoak aurrera eramateko balitz, han egongo nintzateke! Baita euskararen alde izan balitz ere!

Bihar deialdi bikoitza

Bihar, Irailak 26, deialdi bikoitza luzatu du Euskal Herriak Bere Eskolak. Alde batetik Euskal Curriculumarekin lotua “Hezkuntza Sistema Nazionalerantz, Euskal Curriculuma. Iruzurrik ez!” lelopean kontzentrazioa burutuko du EAEko parlamentutxoaren aurrean. Bertan Txontxu Campos sailburutxoak bere EAErako Curriculumtxoa aurkeztu baitu. Hau da, Euskal Curriculumaren izena kopiatu baina izaera arbuiatuko du, LOEren jarraipen bat baino ez den proiektuarekin.

Aldi berean, baina Iruñean, UPNAko irekiera ofiziala izango da. Bertan Bologna Prozesuaren aurrean hezkuntza komunitatearen hitza aldarrikatuko da, inposaketen gainetik, baina ere berean bestelako arazoak ere aipatuko dira: British Ereduak, euskaraz ikasteko ezintasuna, Instituto Navarro del Vascuence…

Nik bietako batetara joateko gonbitea luzatzen dizuet.

Internazionalismoa eta hezkuntza

Aste honetan zehar Askapenak Jardunaldi Internazionlistak antolatu ditu. Hainbat hitzaldi, gaika, arloz-arlo eta frontez-fronte. Larunbatean plenario bat egingo dute, Gasteizen eta bertara arlo ezberdinetan, herri mugimenduetan… lanean dabilen jendea gonbidatuta dago. Helburua Euskal Herri internazionalista baten eraikuntzan aurrerapausuak ematea da eta horretarako guztiok dugu zer esana.

Hezkuntzan ere badaude hainbeste gauza hitz egiteko, horregatik guztiok gaude gonbidatuak larunbata honetan Askapenarekin batera hezkuntza eta internazionalismoaren inguruan eztabaidatzera!

Euskal Unibertsoa ‘07

Jada hirugarren aldiz ospatzen ari da gaur, Apirilaren 26a, Euskal Unibertsoa. Egun bakar batez bada ere Euskal Unibertsitatearen bidean urratsak eman eta “unibertsitateko ur zikinak garbitzeko” aukera egongo da.

Hiru saio, goiz eta arratsaldez, arlo ezberdinak ikuspuntu berri eta aurrerakoi batetik ukituz. Ekologismoa, feminismoa, hezkuntza… posible dela erakusten du Euskal Herriak Bere Eskolak.

Posta hau ohi baino motzagoa da, noski. Asko dago ikasteko, ez dut ordenadore aurrean goiza igaroko. Kontatuko dizuet!