Aste honetan jakin dugu Urgellen ahotik EAEn D ereduan ikasten dutenek euskara titulua lortuko dutela derrigorrezko eskolaldia bukatzean. Unibertsitate-ikasketak euskaraz egiten dituztenek euren esfortzua EGAren baliokidea den titulu batekin sarituko dute. Ez nion garrantzi gehiegirik eman irratian entzuterakoan, baina hurrengo goizean ZuZeu.com albistari digitalean zer nolako eztabaida zegoen ikusita idaztea erabaki dut.
Nahiko iritzi kontrajarriak sortzen dizkit honek. Izan ere euskaraz ikasi dugunontzat tramite garesti eta absurdoa da EGA azterketa egin behar izatea. Euskaraz karrera bat ikasteko gai den orok badu maila nahikoa hizkuntza horretan bizi ahal izateko, nahiz eta ez jakin ortografia arau guztiak edo aditz perifrastikoen bitxikeria ugari.
Baina, bestetik, badira bi kontraesan: unibertsitateetan ia ez dago osorik euskaraz ikasi daitekeen karrerarik. Magisteritzak, Euskal Filologia (eta baldintza batzuekin) eta Biologia dira osorik ikas daitezkeen horiek. Geologia, Ingeniaritza edo Zientzia Politikoak, adibidez, ezin dira guztiz euskaraz ikasi. Beraz horiei ere emango al diete titulua?
Bigarren kontraesana datuetan beraietan dago. D ereduan ikasten duten 3 ikasletik 2 baino ez dira euskalduntzen (B2 mailan), euren datuen arabera. Hau da, 16 urterekin nahiko balute titulu bat eman lehenago arazo hori konpondu beharko lukete.
Ideia ona da, beraz, EGA automatikoki ematea. Baina horretarako karrerak euskaldundu eta D ereduak ere guztiz euskalduntzen duela bermatu beharko dute. Biak lortzeko A, B eta eredu hirueleduna guztiz desagertu behar dira. Kontraesankorra, bai.
Joan zen igandean Nafarroa Oinezera joan nintzen, hotzarekin batera euskarazko hezkuntzaren alde zerbait ematera. Han ibili nintzen, ondo lagundua, gune batetik bestera. Eskoziako doinuak eta Euskal Herrikoak, aspaldiko lagunen bat, giro ederra… eta hara non aurkitu nuen lurrean Nafarroako Gurutze Gorriaren eskuorri bat. Bertan bi aukera ematen zizkiguten: arratsaldea diskak alfabetikoki ordenatzen pasatzea edo denbora bera urkoa laguntzen ematea. Harritu ninduen eskuorria euskaraz soilik egina zelako, hau da, Nafarroa Oinezen egongo ginen milaka euskaldunak interpelatzeko sortua zen.
Ematen zigun aukeretako bat Khaled izeneko inmigrante bati “gazteleraz irakastea” zen. Bai, ondo irakurri duzu, gazteleraz. Eta Nafarroa Oinezen geunden euskaldunoi eskatzen ziguten. Ez dut uste Khaled hori norbait zehatza denik, beraz nik esango dizuet nolakoa den: Khaled Iruñeara etorri bada ziurrenik gaztelera maila minimoa duelako izango da. Demagun Marokoko Riffean sortu dela. Eskolara joan baldin bada arabiera klasiko edo estandarra ezagutuko du dariyaz gain. Eta ziurrenik amazigha izango du ama hizkuntza. Eta gaztelera edo frantsesa (ala biak) ezagutuko ditu, telebistan entzuteagatik, batez ere.
Khaledek gauza asko behar ditu, noski. Baliteke euskara behar izatea, bere hizkuntzen artean sartzeko. Gustatuko litzaguke askori egunen batean gure hizkuntzaren jabe izatea. Baina euskaldun batetik behar ez duena gaztelera ikastea da. Horretarako prest ez dut uste daudenik Atarrabian eskuorria irakurri zuten euskaldunak. Nik nahiago diskak ordenatzen jartzea.
Beti izaten da niretzat emozioa Korrika iristen denean. Baina unibertsitatean bizi garenok arazo bat izaten dugu, apatridak garela. Hiru edizio izango dira nire herrian ez dudana korrikan parte hartzen, beti tokatzen zaidalako beste leku batean egotea.
Hala ere ilusioz, korrika txikian parte hartzen genuenean bezala, hartzen dut beti. Gaur egin dut lehenengo aldiz edizio honetan korrika. Espero dut igandean Iruñean ere bukatzea. Euskaraz ikasi eta bizitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak dituen gauzarik ederrenetariko bat da, eta beti ikusten dut harriduraz nola iristen den herri batetik bestera kilometro andana dagoenean (nork igo duen Barazar, edo nor joango den bihar gauean Erriberatik…). Korrika 13 izan zenean Galizia eta Kataluniako ikasle batzuk zeuden gonbidatuta, IAren mobilizazio astea izan baitzen. Hasieran ez zuten sinisten ez zela gelditzen, baina egun berean Bilbon eta Leioan korrika egin ostean hurrengo goizean Getxotik pasa zenean hasi ziren sinisten. Egun bat beranduago Gasteizen harrapatu zuten berriro… galegoak argi esan zuen: “zuek euskaldunak ez zaudete burutik sano”.