Irakurle maitea, ni bezalakoa bazara ez duzu izango goiz esnatzeko ohiturarik, are eta gutxiago larunbata bada. Horregatik gaur Eibarren egun osoan zehar baina bereziki goizean egingo den Euskal Unibertsoaren inguruan publizitatea egiteak ez du zentzu handirik. Goiz esnatu bazara eta hau irakurtzen bazaude baliteke bertara joaten egotea, bestela beste planen bat baduzu eta ez zara agertuko.
Horregatik gaurkoan beste erreflexio bat egingo dut, Korrikarekin lotua hain zuzen ere. Ostegunean hasi zen Tuteran eta Gaur9 bukatuko da Gasteizen. Egun horietan milaka eta milaka, agian ehunka milaka herritarrek parte hartuko dugu Korrikan. Askok ere korrika egiten dugun aldi bakarrenetarikoak dira (besteak grisen aurretik, barkatu, polizia ezberdinen aurretik egitera ohituta gaude). Milaka eta milaka horien artean egongo dira ere instituzio-ordezkariak, noski. Eta instituzio-ordezkari horien artean egongo dira batzuk justo Korrika gehiago egin behar izatearen errudunak direnak.
Ez gaitezen engaina. Korrika egitea ez da jai bat, Korrikan korrika egitea egoera bati aurre egiteko diru-bilketa bat da. Eta egoera horrek erantzuleak baditu bi argi eta garbi markatu beharrean nago: UPN-PNV tandem erregionalista hain zuzen ere. Bi horien esku egon da 30 urte luzeotan euskalduntzea baita euskalduntzen ez duten ereduan desagertaraztea ere. Etorkinak A eredura bidaltzen dituzten horiek, PNVk adibidez, orain Ongi Etorri esango dute. Lotsagabeak. Doazela pikutara! Nire Korrikako korrikaldian ez dira, behintzat ongi etorriak! Beste guztiak bai, noski. Guztion artean, tipi-tapa, euskalduntzea lortuko dugu!
Gaur erreflexio eguna da baskongauentzat eta horregatik ez dut hitz egingo ez Tontxuk eginikoaz ez eta Basagoitik terrorismoa eta hezkuntza ereduak gai nagusiak direla esan izanaz. Ez. Gaurkoan Nafarroari buruz idatziko dut eta bertan azken asteotan gertatutakoaren inguruan.
Azter dezagun errealitatea: Perez-Nievasek (CDN) proposamen bat egin du D ereduan euskara orduak kendu eta ingelera jartzeko, hau da, TIL eredua ezartzeko. Bere Gobernuan UPNko kideak daude eta ziurrenik baita PPko militanteak ere. Eta gobernuan dago PSNri esker. Beraz hiru alderdi horiek zuzenean edo zeharka erabaki dute D ereduarekin amaitu eta euskaraz ikasteko eskubidea Nafarroatik desagertaraztea.
Eta zer egiten du NaBaik (PNV-EA-Aralar-Batzarre) horren aurrean? Ba momentuz ezer gutxi! Hori bai, begi onez ikusi zuten Euskarabidea (hasiera batean Vascuencearen Instituto Navarroa) sortzea, baita Azanza horko presidente izatea. Antza euskararekiko konpromiso handia zuen. Ikusi dugu bada zertarako balio izan duen institutu horrek! UPN-CDNri aurpegia garbitzeko baino ez! Eta Azanzak honen aurrean bi aukera ditu: ados dagoela esatea edo, bestela, dimisioa aurkeztea. Eta euskaltzale direla dioten parlamentario horiek ere Euskarabidea iruzurraren aurkako neurriak hartu beharko lituzkete.
Gaur erreflexio eguna dute batzuek. Eta gertakari hauek ere erreflexioan lagundu beharko lukete. Alderdi horietako bat bozkatu zuenak ikus dezala zer egin duten bere botoarekin. Eta aurka dagoenak hurrengo ostiralean, martxoaren 6an, Iruñean egongo den manifestaldian du aukera Perez-Nievas eta Azanzari bere iritzia emateko.
Aurten EGA ateratzeko matrikula egin dut. EGA izango da, ziurrenik, ereduen politikaren porrotaren islarik handiena. D ereduan ikasi dugunon 2/3 baino ez gara euskaradun aterako, B ereduan ikasi dutenen herena eta A, G, I, J, TIL eta X ereduan ikasitako bat ere ez. Hori dela eta, porrot hori asumituta dutelako, porrot horren aurka zerbait egin nahi ez dutelako, porrot hori lotsagarria delako EGA azterketa egitera derrigortzen gaituzte. Ikus dezagun egoera:
- 3 urtetatik 16 urtetara derrigorrezko eskolaldia euskaraz egin dut.
- 16 urtetatik 18 urtetara batxilergoa ere euskaraz egin dut.
- Unibertsitatean derrigorrezko ikasgaiak euskaraz izan ditut 3. mailara arte. Gero 3.etik 5.erako hautazkokak eta ikasgairen batzuk kenduta euskaraz egin ditut aukera nuen ikasgai guztiak.
Eta hala ere neure euskara gaitasuna aztertu behar dutela diote. Lotsagarria da, euren porrotaren isla da. Hala ere hori ez da bidalketa idaztearen arrazoia. Teketenen blogan irakurri dut EGAko azterketak digitalizatu eta euskara azterketa honetarako prestakuntza ematen zuen Maiteri material hori ken dezan eskatu diotela, antza EGA negozio bat delako. Porrota eta negozioa, aldi berean.
Guztion diruz ordaintzen ditugun liburuak antza gutxi batzuen negozioa egiteko baino ez dira. Guztion eskura egon beharrean, inork ezagutzen ez duen ente bati ematen dizkiote esplotazio eskumenak. Lotsagarria. nEGArgura ematen du, bai.
Tontxu Camposek Hizkuntza Ereduen legea aurkeztu zuenean pozik esaten zuen hezkuntza komunitatearen barruan babes gehien zuen proposamena hori zela. Baina berak ere bazekien hori ez zela horrela. Lehenengo bilera egin eta bertatik triste atera ziren sindikatu abertzaleak, eta dudekin ere besteen artean. Euskalgintzako eragileak, Kontseilua barne, ez zeuden ere batere pozik. Are eta gehiago, BECen eginiko ekitaldian aurkeztutako dekalogoaren lehenengo puntuan kritika gogorra egiten zaio proposamen honi. Ikastolak eta Sortzen-Ikasbatuaz ere ez ziren batere ondo atera bileratik, eta kritikak egin dizkiote jada hainbat punturi. Camposek, beraz, kontsentsu zabala lortu du, beraren aurkakoa, hain zuzen ere.
Baina haruntzago ere joan gintezke. EAko buru batek euskalgintzako taldeak biltzen dituen talde handi bateko arduradunei eta euskarazko ikastetxeen sare bati deitu zien hurrengo egunean benetan legea hain txarra ote zen galdetzen. Eta baiezkoa izan zenez erantzuna EAren barruan ere kezka sortu zen. Eta EHIGE ere, Curriculumaren aferan euskalduntzearen alde egiten duten eragileetatik urrun kokatu den eragileak argi eta garbi esan zuen lege honekin ezin dela elebitasuna inondik inora lortu. EGIko barne foroetan ere euskaldunduko duen eredu bakarraren alde egin dute, D ereduaren antzekoa izango dena (Tontxurenak B ereduan antza du!).
Ikasle mugimenduak ere kritika zorrotzak egin dizkio legea “ikasleen bazterketatik sortu dela” esanez. Azken finean ikasleak euskalduntzen ez dituela 2025erarte ez dute ebaluatuko. Euren porrotarekin jarraituko dute beste bi hamarkadetan.
Eta panorama honen aurrean Eskola Euskaldundu! Herri Ekimenak (EHBE, IA, EHE, LAB eta Sortzen-Ikasbatuazek osatua) mobilizazioak deituak zituen gaurko. Euripean egin dira, baina orokorrean hain gai ezezaguna izateko jendea bildu da. Beti bezala ikasle mugimenduak bere indarra eta konbokatoria gaitasuna handiagoa dela demostratu du, goizean eginiko kontzentrazioek erakutsi dutenez. EHBEren webgunean informazio gehiago lor daiteke.
Iruzurraren legea, beraz, Tontxuren porrota baino ez da izan. Espero dezagun azken porrota izatea, guztion onerako.
Iruzurraren legea (edo Tontxurena, nahi izanez gero) salatzeko mobilizazioak deitu dituzte Eskolak euskaldundu! Herri ekimenetik. Mobilizazioa deitzeko bide normalak erabili diren arren (badakizue, eragileen egiturak, plangintza, kartelak…) teknologia berriek horrelako egunetan duten garrantzia geroz eta handiagoa da. EHBEk, adibidez, hainbat baliabide jarri ditu eskuragarri bere webgunean, nolabait zuk-zeuk-egin-ezazu ideiarekin.
Gaur bitxiagoa iruditu zaidan zerbait ikusi dut: Tagzania bitartez mobilizazioak egingo diren lekuak markatzea. Baina oraindik bitxiagoa izan da horren berri zabaldun eman dudanean jaso dudan iruzkin batean ESAITek ere teknika berdina erabiltzen duela ikustea. Hau da, aste berdinean eta ideia antzekoa erabilita 2.0 teknologia bera erabili dute bi herri mugimenduk. Zerbait mugitzen ari denaren seinale!
Gaur espainiar kaiolaren eguna da. Euskaldunok inoiz hautatu ez dugun kaiola bat, gaitera. 48 urte baino gutxiago ditugunok heredentzian jaso dugun kaiola.
Ziur nago gaurko egunez hainbat adierazpen entzun ahal izango ditugula honen harira, baita azken aldi honetan burujabetzaren aldeko indar bilketa egitea proposatu duten alderdi batetik ere. Baina bitxia da ikustea nola alderdi horretako kide batzuek, egunerokotasunean vascoen gobernutxoa kudeatzen dutenek, kaiolari men egin eta horrekin bat datozen legeak proposatzen dituzte.
Tontxu Camposek lau urte (lau!) izan ditu Hizkuntza Ereduen lege berri bat proposatzeko. Euren hauteskunde programan ere bazetorren. Lau urte egon dira han-hemenka, iruzurrak proposatzen eta herri borondateari muzin egiten. Eta azkenean kaka. PNVren eta PSEren presioak onartu eta jada txori txikia zen lege bati hegoak ebaki dizkiote. Proposatu duten Ereduen lege berria hilik jaio da, lurra busti baino lehen, hilik.
Tontxuk proposaturiko legeak ez du aurreikusten euskara mailarik ikasleentzat, ez eta profilik irakasleentzat. Ez du aurreikusten zer egin legea betetzen ez duten ikastetxeekin ez eta nola euskaldundu euskaraz ez dakiten irakasleak. Ez du proposamenik egiten irakasle eskolekin ez eta inmigranteen murgiltzearekin. Ez dio kasurik egiten 107.768 sinadurei baina bai ehun bat fatxei. Euskararen derrigorrezko presentzia %52an ezartzen du B ereduak porrot egin duela esaten duen bitartean. Eta gainera 2025erarte luzatzen du egoera tamalgarri hau. Honegatik guztiagatik Abenduaren 17an mobilizazio eguna egongo da… euskara kaiolan sartzen duen lege honen aurka.
Atzo lagun batek nonbait militatzen duzunean utzi nahi izatekotan hoberena proposamen tontoak egiten hastea dela esan zidan. Badirudi Tontxu Campos ere horretan dabilela, ardura utzi nahi du baina ez daki nola. Atzo hainbat eragileren aurrean aurkeztutako proposamenak negargura ematen du… etsigarria da 26 urteren buruan beste 16 urte hartzea ezer ere ez konpontzeko. Honela 42 urte egongo dira euskalduntzen ez duten ereduekin. Hau baldin bada EAk PNVtik bereizteko zuen proposamena nahiago dut orijinalarekin geratu.
Norbaitek sakondu nahi izatekotan EHBEk eginiko irakurketa gomendatzen diot.
Tontxu Camposek hainbat eragileri filtratu dion Hizkuntza Ereduen lege proposamea irakurri berri dut eta hainbat galdera ineresgarri suertatzen zaizkit. Hemen zaila da guziak botatzea, batez ere leku faltagatik, beraz hona hemen gako nagusi batzuk:
Nola da posible lege bat egitea eta ez atxikitzea aurrekontu bat? Nik dakidala lege gehienek aurrekontu bat behar dute gero aurrera eraman ahal izateko.
Nola da posible legeak ikastetxe publiko batek again betetzen ez duela aurreikustea? Ikastetxe publikoen titularitatea ez al da legea egin duen berdinarena? Eta eurek euren ez dutela beteko aurreikusten al dute?
Nola da posible B ereduaren antzekoa den eredu batekin D ereduak ere lortzen ez duena bilatzea? B ereduak euskalduntzen al du Barakaldon, Gasteizen edo Oreretan?
Nola da posible irakasle guztiak elebidunak izan behar dutela esatea, baina elebitasun horrek zein perfil eskatzen duen ez jartzea? PL2 izango ote da? Eta aldi berean posible al da Irakasle Eskoletan gaztelerazko lerroak mantentzea, urtero milaka irakasle elebakar diru publikoz sortzen?
Nola da posible arazo bat dagoela onartzea, soluzio partzial bilatzea eta ondoren PNV eta PSOEren rebajetan sartzea? Lagun baten esaten duen bezala, bezala 2. rebajaren ostean “Liquidación Total” etorri ohi da.
Nola da posible euskarazko zein maila lortu behar den ez azaltzea? Hitzez deskribatzen dutena B2 al da? Maila hau ingelerazko “First”aren parekoa bada, hau al da hizkuntza bat menperatzea? Ez litzateke egokiagoa izango C1 maila lortzea?
Eta bukatzeko… nola da posible 27 urte pasa ostean Tontxu Camposek hau onartzkeo presarik ez dagoela esatea? Ez al da odol-huste handiegia jada?
Egun hauetan asko hitz egiten ari da erabakitzeko eskubidearen inguruan. Ezker Abertzaleak erabakitze-eskubidea defendatzen duen bitartean, hirukoak eta bere lagun txikia den Aralarrek erabakitze-eskubidea izateko eskubidea defendatzen du. Eta horiek kontsulta eta erreferendumaren arteko ezberdintasuna azaltzen diguten bitartean erabakiaren subjektu nor izan daitekeen eztabaidatzen du (hori diote) epaile talderen batek.
Baina zer egin erabakitzeko, lehenengo zer aukeratu izan behar da mahai gainean. Proiektu ezberdinak, ideia ezberdinak edo hautagai ezberdinak, noski. Hau da, proposamen bakarra dagoenean ezin da aukeratu eta, beraz, erabakitzea bai edo ez sinple batera murrizten da.
Aste honetan ikasturte berria hasi da eta erabakitzea eta aukeratzearen artean berriro ere tranpa egin digu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Edo agian tranpa EiTBk egin du, horiek ere playbacka egiten baitute singstarrean. Ereduen politika gainditzear dagoen honetan D eta A ereduaren ehunekoak aurkeztu dizkigute. CAVen Lehen Hezkuntzan matrikulatu dituzten haurren artean %57ri D eredua aukeratu diote. Hori da erabaki bat hartzea, bi aukeren artean bat nahiago izatea.
Eta tranpa ondoren dator: Bigarren Hezkuntza osoan matrikulatu direnen %50a baino gutxiagok egin du izen-ematea D ereduan. Ondo, sinesgarria. Arazoa da nahiz eta gaztetxo batek A ereduaren ordez D eredua egingo duela erabaki ezin duela egin, ez duelako euskara ulertzeko aukerarik. Eta Lanbide Heziketako ikasleek ezin dute A eredua edo D eredua aukeratu, ez baitago ereduen politikarik bertan eta, beraz, erabakitzeko eskubiderik. Nahaste honekin bukatzeko garaia dela uste dut.
Igande honetan estropadekin (eta Altsasuko jaiekin) batera Eusco Jaurlarichak “Pixka bat es mucho” kanpainari amaiera emango dio kontzertutxo batekin. Bitxiena da Loquillok jotzea bertan… euskaraz zerbait esango du, agian eskerrik asko, edo arratsaldeon… eta noski, pixka bat mucho denez, ba nahikoa!