rssgaur8 logotipoa

Requiescat in bellum

Bihar manifestaldiak daude Eskola Euskaldundu behar duela aldarrikatzeko. Tamalez badugu beste arrazoi bat gure hizkuntzaren etorkizunagatik kezkatzeko.

Atzo Marie Smith Jones hil zen. Emakume hau Eyak hizkuntzaren azkeneko hiztuna zen. Berarekin batera beste hizkuntza bat hil da munduan.

Ez adiorik, Eyak. Requiescat in bellum.

Iruzurrak, inposaketak eta ostiak.

Urte berria hasi da eta aurrean zer dugun ikusteko garaia heldu da. Urte hasierako helburu horiek behin ahaztuta zer gertatuko denaren inguruko erreflexio ugari irakurtzeko aukera egoten da egunotan. Euskal Herrian badakigu zer dugun: iruzurrak eta inposaketak. Eta hauek jasan nahi ez dutenentzat, ostiak.

Urte honetan iruzur berriak ikusiko ditugu: Tontxu Camposek hizkuntza politika berritua aurkeztuko duela aurreikus daiteke. Vascuencearen Instituto Navarroak badu nork zuzendu:  Xabier Azanza. Eta gainera curriculumaren kontuarekin bazterrak nahasten jarraituko dute. Ibarretxek erabakitze eskubidearen izenean beste 4 urte irauteko plana exekutatuko duen urte honetan (Ibarretxe Plana hori baino ez delako) eta PSOErekin antzerki berria prestatzen duten bitartean herritarroi gure beharren inguruan erabakitzea ukatzen digute. Iruzur berri horretan ez dago tokirik AHTaren inguruan hitz egiteko, noski, Bologna Prozesuaren inguruan ez dagoen bezala.

Eta iruzurrik egin ezin dutenean zuzenean inposaketara igaroko dira: legeak hemendik, dekretuak handik. Guztia “nik diodalako” eta gainera eskerrik asko esan beharko. Horrela ikusiko dugu Bolognaren kontura karrera batzuk nola desagertuko diren, Xabier Azanzak haur eskola euskaldunak non ezin diren ireki erabakiko du eta polizia unibertsitatetan sartuko da.

Azkenik hauen aurka aritu eta Euskal Herria eraiki nahi dugunontzat, Euskal Estatuan bizi nahi dugunonzat, ostiak baino ez. Baina guzti hauek bagabiltzalako dira. Curriculuma, euskaldunduko duen eskola, Euskal Unibertsitate bat eraikitzen gaudelako egiten dituzte holakoak. Horregatik 2008an… Gora Euskal Herria ostiatua!

Bihar deialdi bikoitza

Bihar, Irailak 26, deialdi bikoitza luzatu du Euskal Herriak Bere Eskolak. Alde batetik Euskal Curriculumarekin lotua “Hezkuntza Sistema Nazionalerantz, Euskal Curriculuma. Iruzurrik ez!” lelopean kontzentrazioa burutuko du EAEko parlamentutxoaren aurrean. Bertan Txontxu Campos sailburutxoak bere EAErako Curriculumtxoa aurkeztu baitu. Hau da, Euskal Curriculumaren izena kopiatu baina izaera arbuiatuko du, LOEren jarraipen bat baino ez den proiektuarekin.

Aldi berean, baina Iruñean, UPNAko irekiera ofiziala izango da. Bertan Bologna Prozesuaren aurrean hezkuntza komunitatearen hitza aldarrikatuko da, inposaketen gainetik, baina ere berean bestelako arazoak ere aipatuko dira: British Ereduak, euskaraz ikasteko ezintasuna, Instituto Navarro del Vascuence…

Nik bietako batetara joateko gonbitea luzatzen dizuet.

Perez eta Mees, ikasle finak.

Aurreko artikuluan Pello Salabururen tranpen inguruan hitz egiten nuen, datuak modu desitxuratu batean ematen zituen jauna. Beno, ba baditu ikasle fin pare bat: bere dizipulo izan zen Iñako Perez eta honen morroia den Ludger Mees. Biek ala biek Hertzainakek abesten zuen bezala “Prefabrikatutako ametsetan, estatistikaren zeruan, borondatea itoa izan da, kontsumoaren ferian” bizi dira.

Orain dela hiru bat aste biek aurkeztu zuten “Euskararen Plan Gidaria” izeneko iraultza, panazea. Planaren helburua data jakin batean Graduetako derrigorrezko ikasgaien %100a euskaraz eskaintzea litzateke. Azter dezagun euren esaldia atalez atal.

Graduak euskaraz egongo direla esaten dutenean jendeak pentsatuko luke karrerak euskaraz egongo direla… baina kontuan hartzen badugu graduen iraupena txikiagoa izango dela gaur egungo hainbat karrerena baino, zuzenean geratzen dira 5. mailak eta kasu batzuetan, agian, 4. mailak gradu izendapen honetatik kanpo. Gaur egungo karreretan euskalduntzea ez da eman justu kurtso hauetan. Adibide gisa, Geologian 5. maila kenduko bagenu euskaraz dauden irakasgaien kopurua %86tik %94ra igaroko litzateke zuzenean, 5. mailan metatzen baitira gazteleraz dauden irakasgaien gehiengoa.

Eta orain bigarren partea. Zenbat suposatzen da direla derrigorrezko eta hautazko irakasgai karrera batean? Perez biologoa da. Biologian %54a da derrigorrezkoa. Mees historialaria da. Historian, adibidez, %68.

Ez da, beraz, anbizio handiko plana. Ezer egin gabe ere ia-ia lor daiteke… eta Bertendonan baino lana aurkitu ezingo duten irakasleak titulatzen dituzten bitartean euskaldunon eskubideak portzentajetan neurtzen jarraituko dute.

NaBai… BaiNa?

Navarra Si poutpourriak berehala igaroko du bere hil ala biziko momentua: udal eta foru hauteskundeak. Bitxia iruditzen zait konprobatzea zeintzuk diren Nafarroa berritzera deitua dagoen alderdi honek Hezkuntzaren gaian egiten dituen proposamenak.

Aurreko ikasturtean 107.768 sinadura lortu ziren Euskal Herriaren luze zabalean euskaraz ikasteko eskubidearen alde. EAk dituen eta PNVk onartzen dituen datuen arabera A ereduak ez du euskalduntzen eta D ereduak ere zailtasunak aurkezten ditu zonalde erdaldunduetan. 107.768 sinadura ereduen politika honekin bukatu eta zerbait berria eskatzen. BaiNa, ah, sorpresa! Zonifikazioarekin amaitu ordez A eredua ematea proposatzen dute eta euskara ikastea beraz borondatezkoa izatea. Eta Haur Eskoletan berdina, A eredua mantentzea proposatzen dute.

Banengoen ba ni, ezkerreko alderdi moduan aurkezten zen batek ezin zuela asko sakondu PNV bertan egonda. Eta hala da, Unibertsitatean dagoen Bologna Prozesuaren aurrean ez dute proposamenik egiten (beno, abortuarekin ere egin zuten berdina aurretik, ixiltasuna!).

Baina jarrai dezakegu. Euskal Curriculuma izan da azkeneko urteetan egin den proiekturik handienetarikoa Hezkuntza mailan. Ikastolen Elkarteaz gain Sortzen-Ikasbatuazek ere hartu zuen parte, hau da, Nafarroan euskaraz klaseak ematen duten ikastetxeen ia-ia gehiengoak. Hala ere Navarra Sirentzat hau ez da Nafarroaren benetako erakusgarri eta prozesu hau Nafarroan eman ez delakotan, Espainiak eskaintzen duen %45a erabiltzea proposatzen dute, hau da, folk pixka bat sartu Espainiako Curriculumari. Nola ez da horrela izango, Uxue Barkosek hezkuntza lege guztiekin bat egin badu Madrilgo Kongresuan!?

Inork ez dezala okerrekorik uste, BaiNarekin lehengo lepotik burua!

 

ka-o-erre-erre-i-ka-a

Beti izaten da niretzat emozioa Korrika iristen denean. Baina unibertsitatean bizi garenok arazo bat izaten dugu, apatridak garela. Hiru edizio izango dira nire herrian ez dudana korrikan parte hartzen, beti tokatzen zaidalako beste leku batean egotea.

Hala ere ilusioz, korrika txikian parte hartzen genuenean bezala, hartzen dut beti. Gaur egin dut lehenengo aldiz edizio honetan korrika. Espero dut igandean Iruñean ere bukatzea. Euskaraz ikasi eta bizitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak dituen gauzarik ederrenetariko bat da, eta beti ikusten dut harriduraz nola iristen den herri batetik bestera kilometro andana dagoenean (nork igo duen Barazar, edo nor joango den bihar gauean Erriberatik…). Korrika 13 izan zenean Galizia eta Kataluniako ikasle batzuk zeuden gonbidatuta, IAren mobilizazio astea izan baitzen. Hasieran ez zuten sinisten ez zela gelditzen, baina egun berean Bilbon eta Leioan korrika egin ostean hurrengo goizean Getxotik pasa zenean hasi ziren sinisten. Egun bat beranduago Gasteizen harrapatu zuten berriro… galegoak argi esan zuen: “zuek euskaldunak ez zaudete burutik sano”.

Teknologia berriak eta ikasleak

Eskolak euskaldundu behar du!Irudi hau pasa den astean lortu zen Eusko Jaurlaritzak bere aurpegia garbitzeko asmoz antolatutako eskolaren euskalduntzearen inguruko jardunaldietan, Ibaetan.

Gaur mobilizazioak egon dira hainbat Unibertsitatetan. Ni Leioan egon naiz eta bereziki harritu nau orain dela 3-4 urte zein zaila zen argazkiak jasotzea edozein mobilizaziotan. Zerbait nahi bazen kaka eman behar zitzaion ikasleren bati bere kamara igo zezan… gaur, ordea, 4-5 kamara digital zeuden eta 2 bideokamara guztia grabatzen, gero Gaztesarea edo Ikasle Abertzaleaken webgunera igotzeko, edo norberak edukitzeko, edo Flickrera igotzeko…

Argazki honetan, gainera, bestelako teknologia berrien erabilera bat somatzen da. Jada ez da igo, oihu batzuk bota eta kartelak erakustea, orain powerpointa duen ordenagailura joan daiteke eta zuzenean pantaila erraldoian leloa jarri.

Ikasleek jakin izan dute teknologiei xukua ateratzen. Jada bideoak igotzen dira YouTubera, edo soinu-deiak internet bitartez barreiatu… teknologia ere sabotaietaraino eraman da, argazkian ikusi ahal denez.