“Euskal Herrian euskaraz hitz egiterik ez bada, bota dezagun demokrazia zerri askara”. Hori zioen Oskorrik orain 30 urte plazarik plaza abesten zuen kantak. Orain, politikoki zuzenaren garai hauetan, badirudi Lizarran ezin dela hori abestu. Izan ere, gure demokrazia perfektu hau ezin omen da kritikatu.
Baina joan gaitezen abestiaren muinera: euskaraz hitz egiterik ez bada, hau da, debekua baldin badago, orduan ez dago demokrazia errealik. Beste modu batera azalduta: bertako hizkuntzan hitz egitea debekatzen denean faxismoaren beste aurpegi batekin aurkituko gara eta, antifaxista izatea, balore bat izan da orain gutxi arte. Eta argi dago Nafarroan euskaraz bizitzea ez dela erraza, are eta gehiago Lizarra edo oraindik hegoalderago dauden lekuetan. Horregatik atera ginen milaka euskaltzale kalera larunbatean.
Abestiak badu bigarren zati bat: “Euskal Herrian” aipatzen du. Eta horrek ere min egiten die Diario de Fachadako hainbat kunetazaleri. Ezin da Euskal Herria aipatu, eta hitz hori duten liburu guztiak eskoletatik kanpo egon behar dute. Fisikoki. Hori erabaki zuten aurtengo Liburuaren Eguna ospatzeko Nafarroako Parlamentuan. Eta erabakian argi utzi zuten: ez ziren bakarrik testu-liburuak: material pedagogikoa, mapak, bideoak eta bestelako guztiak ezabatzeko prest zeuden, eta men egiten ez zienak zigorra (administratibo zein ekonomikoa) jasoko zuen.
Madarikaturiko abestiak itzuli dira (noizbait joan balira…) eta, nork esango, Oskorriri tokatu zaio oraingoan. Bada! “Euskal Herrian euskaraz” abesterik ez bada… bota dezagun demokrazia zerri askara!
Azkeneko hiru aste hauetan hiru berri pozgarri irakurri ditut hezkuntzari dagokionez. Badakigu Hezkuntza Sistema Nazionalaren eskubidearen aldarrikapenaren baitan hiru direla ardatza nagusiak: euskal curriculum bat izateko eskubidea, Euskal Unibertsitatea eraikitzeko eskubidea eta eskolaren bidez euskaldundua izateko eskubidea. Ba azkeneko hiru astetan hirutan hiru izan ditugu.
Lehenik eta behin Kursaalean Euskal Curriculuma aurkeztu eta herriratu zen. Tresna hau dagoeneko guztien eskura dago Wikibooksen. Bertatik ez bakarrik irakurri eta zabaldu… konpetentzia eta edukiak garatzeko aukera ere badago.
Bigarrena San Pedro egunaren bezperan izan zen. Euskal Unibertsitatearen bidean pauso atzeraezina eman zen Euskal Unibertsitatea Fundazioa aurkezterakoan. Lehenengo campusa Tolosan irekiko dutela iragarri zuten, baina bestelakorik ere irekiko dela Nafarroan argitara eman zuten. Eta ziur nago unibertsitate hau irekitzeko geratzen diren bizpahiru urtetan berri pozgarri gehiago entzungo ditugula.
Hirugarrena aste horren bueltan ere izan zen. Eskolak euskaldundu behar duela milaka herritarrek eskatu dugu, baita sinatu ere. Orain dela bi urte jasotako 107.768 sinaduretatik gorakoek hala adierazten dute. Baina Euskal Herria kontinentalean Euskararen Erakunde Publikoa, eta Nafarroan Vascuencearen Instituto Navarroa izeneko iruzurrak baino ez dituzte sortu eskari hau estaltzeko. CAVen oraindik bueltaka dabiltza eta bakoitzak bere posizioak hartu ditu. Ezker Abertzaleak ere eskola euskalduntzeko bere proposamena aurkeztu zuen 28an Donostian.
Pozteko moduko hiru berri. Ospatzeko modukoak… nik Iruñean ospatuko ditut, Bodegika tabernan.