Berri onak. Oso onak. Inork ez daki zer gertatuko den Hego Irlandan Europako Tratatuari ezezkoa eman ondoren. Lisboako Estrategian oinarritutako Lisboako Tratatu bat egin dute. Eta bozkatzeko aukera eman den leku bakarrean ezezkoa atera da.
Lisboako Estrategian oinarrituta Bologna Prozesua garatzen ari dira. Noizko honen gaineko erreferendum bat?
Internet leku guztietara heltzen ari dela argi dago. Webguneen erabileraren azkeneko froga IAk ostegunean (bihar!) deitu duen mobilizazio eta borroka egunerako deialdi batean irakurri daitekeena da:

Ikusten duzuen bezala bigarren pankartan “norbaitek sinetsi nahi ez badu edo” webgune batera berbidalketa egiten da, modu birtualean. Hemen gutxienez modu errealdean jar daiteke: http://www.ert.be/doc/0061.pdf. Norbaitek sinetsi nahi ez badu, hor Bologna enpresek proposatu dutenaren froga.
Ikasle Abertzaleakek mobilizazio deialdia luzatu du ostegun honetarako eta orain dela 40 urteko Maiatza gogoratu nahian edo lelo polita aukeratu dute: “Hilabetero Maiatza izan dadila”. Orain dela gutxi entzun nuen errektore bat hortik zebilela ikasleak tanteatzen zer gertatuko litzateken jakiteko baldin eta espedienteak irekitzen bazituen. Ez da oso abila izan behar zer gertatuko litzatekeen jakiteko, baina gogora dezala orain dela 40 urteko mobilizazio haiek horregatik hasi zirela. Orain dela 40 urte eta aste bat Nanterreko 8 ikaslek “Diziplina Batzorde” baten aurrean “Internazionala” abestu zuten eta ateratzerakoan poliziak gogor eman zien.
Ez dut esango historia errepikatzen dela, noski. Orain ez da posible 68 Maiatzeko bezalako zerbait. Ikasleek hango gertakariez ikasi dute, borroka moldeen inguruan, egoeraren azterketaren inguruan, kanpo faktoreen inguruan. Tamalez errektoreek ez dute ezer ere ikasi. Eta hori askok 68a bizi izan zutela dioten!
Aurreko ikasturtean IAk protesta batzuk egin zituen Bologna Prozesuaren aurka, trafiko seinale batzuk erabiltzen (arriskukoak, STOP seinalea…). Gasteizko campusean margoketak egin zituzten lurrean eta orain Google Earthen irudia aldatu dutenean argi ikusten dira.
Ikusi nahi duenak (Google Earth eduki behar da, noski!) http://bbs.keyhole.com/ubb/download.php?Number=1152983 helbidean klika dezala.
Nik, Galder Gonzalez Larrañagak, Emile Zolak Alfred Dreyfusekin egin zuen bezala, aurreko asteazkenean Leioako Campusean protesta egin zuten ikasleekin bat egin nahi dut.
Horregatik, UPV unibertsitate publiko bat izan beharrean saldu eta erosi nahi duten horiek akusatzen ditut. Unibertsitatea euren esparru pertsonala izango balitz bezala jokatzen duten horiek akusatzen ditut. Unibertsitatea diktadura bat izatearen arduradunak akusatzen ditut. Diktadura horrekin bat egiten dutenak akusatzen ditut. Eta jokoa egiten dioten guztiak ere akusatzen ditut.
Gaur, ordea, izen abizenekin egin nahi dut. Lehenik eta behin Iñako Perez akusatu nahi dut, diktadura honetako (nahiago baduzu, Iñako, despotismo ilustratua) diktadorea delako. Bera izan da polizia sartzea baimendu duena, berriro ere unibertsitatea kapitalaren zerbitzura biolentziaren bidez jarriz. Iñaki Goirizelaia ere akusatu nahi dut. Bera, Bizkaiko Errektoreorde gisa eta Perezen eskuineko esku gisa (politiko zein metaforikoki), eta bera baita campusean gertatzen denaren eta gertatu denaren arduradun. Petxo Idoiaga ere akusatu nahi dut, publikoki erreferendum eta kontsulten inguruan hitz egin arren, unibertsitarioen hitza ukatzeko polizien sarrera kudeatu duelako. Xabier Etxague ikasleen errektoreordea akusatu nahi dut, bere jauntxoa defendatu duelako ikasleak defendatu ordez.
Vocento, Deia eta EiTB akusatzen ditut, diktaduraren aurpegia garbitzeagatik, eskubideak defendatzen dituztenak erruduntzat jotzen. Eta azkenik katedradun guztiak, bai, guztiak, akusatu nahi ditut, diktadura hau baimentzeagatik. Aski da, Bolognaren aurrean hitza hartzeko garaia heldu dela uste dut.
Errektorea biluzik dago:

Lasai-lasai kafea hartzen duena UPV/EHUko errektorea da, momentu honetan unibertsitatearen pribatizazioaren erantzulea. Bere atzean daoena, bizkartzain baten moduan, Iñaki Goirizelaia da, gaur gertatutakoaren erantzulea ere eta zurrumurru batzuen arabera Perez aurkezten ez bada bere ondorengo izango litzatekeena.
Euren kafeaz gozatzen zuten bitartean:


Urte berria hasi da eta aurrean zer dugun ikusteko garaia heldu da. Urte hasierako helburu horiek behin ahaztuta zer gertatuko denaren inguruko erreflexio ugari irakurtzeko aukera egoten da egunotan. Euskal Herrian badakigu zer dugun: iruzurrak eta inposaketak. Eta hauek jasan nahi ez dutenentzat, ostiak.
Urte honetan iruzur berriak ikusiko ditugu: Tontxu Camposek hizkuntza politika berritua aurkeztuko duela aurreikus daiteke. Vascuencearen Instituto Navarroak badu nork zuzendu: Xabier Azanza. Eta gainera curriculumaren kontuarekin bazterrak nahasten jarraituko dute. Ibarretxek erabakitze eskubidearen izenean beste 4 urte irauteko plana exekutatuko duen urte honetan (Ibarretxe Plana hori baino ez delako) eta PSOErekin antzerki berria prestatzen duten bitartean herritarroi gure beharren inguruan erabakitzea ukatzen digute. Iruzur berri horretan ez dago tokirik AHTaren inguruan hitz egiteko, noski, Bologna Prozesuaren inguruan ez dagoen bezala.
Eta iruzurrik egin ezin dutenean zuzenean inposaketara igaroko dira: legeak hemendik, dekretuak handik. Guztia “nik diodalako” eta gainera eskerrik asko esan beharko. Horrela ikusiko dugu Bolognaren kontura karrera batzuk nola desagertuko diren, Xabier Azanzak haur eskola euskaldunak non ezin diren ireki erabakiko du eta polizia unibertsitatetan sartuko da.
Azkenik hauen aurka aritu eta Euskal Herria eraiki nahi dugunontzat, Euskal Estatuan bizi nahi dugunonzat, ostiak baino ez. Baina guzti hauek bagabiltzalako dira. Curriculuma, euskaldunduko duen eskola, Euskal Unibertsitate bat eraikitzen gaudelako egiten dituzte holakoak. Horregatik 2008an… Gora Euskal Herria ostiatua!
Azken egunetan berri ugari egon dira Bologna Prozesua dela eta. Suposatzen dut gehienek zerbait irakurri duzuela honen inguruan eta horregatik ez dut berriro sakonduko prozesu honek dituen alde txarretan. Gaur beste erreflexio bat egin nahiko nuke.
Bitxia da ikustea Unibertsitatetako agintariek darabilten mezua: alde batetik unibertsitatearen gehiengoa prozesuaren alde dagoela diote; bestetik ikasleen gehiengoa zalantzan jartzen dute; eta azkenik bide demokratiko/biolentoen artean hitz egiten dute berriro ere. Azter ditzagun banan-banan:
Gezurra da Unibertsitatearen gehiengoa alde dagoela esatea. Hori esateko Klaustro edo Gobernu Kontseiluaren osaerari erreparatzen diote, kontutan hartu gabe horrek ez duela inondik-inora unibertsitatearen benetako ordezkaritza bat osatzen: sektore konkretu batzuk (katedradunak) goi-ordezkatuak daude eta gehiengoak (ikasleak) %20ko boterea baino ez du. Beraz gehiengorik ez dago alde.
Horrekin lotuta ikasleen gehiengoen jokoan ere sartzen dira. Euren esanetan ikasleen gehiengoa alde dago ere, nahiz eta gutxiengo bat osatu instituzioetan. Baina nola da posible? Beno, kontra daudenek dituzte bozken gehiengoa, baina bozkatzen dutenak ez dira ikasleen gehiengoa. Ikasleen %15ak baino ez duenez bozkatzen ikasle horiek ez dira gehiengoa… baina ez al da hori euren demokraziaren ikuspegia? Zenbatek bozkatu zuten Errektorea?
Eta azkenik demokrata/biolentoen kontua… ez naiz euren jokoan sartuko biolentzia guztiak deitoratu behar direla esaten… ez! Biolentzia guztiz justifikatua dago kasu askotan eta hau horietako bat da. Giza Eskubide bat (hezkuntza) gutxi batzuen interesen arabera jokoan jartzen denean edozein bide erabili behar da bere defentsarako. Are eta gehiago demokraziarik ez dagoenean.
Aurreko sarrera idatzi nuenean oraindik ez ziren ospatu ez UPNAko hauteskundeak ez eta manifestaldi nazionala… beno, orain jada balorazio txiki bat egin behar zaio eta ez naiz ni izango egiten duena (irakurri dut jada IAk prentsaurrekoa duela Santo Tomas egunean bertan!).
Bi egunetan Bolognaren aurka jarritako mugarriak bete dira eta erantzuna berdina da bietan: Bolizko Jauregiak defendatzea. Frogarik nahi? El Correok dakar berriro ere:

Zeren beldur ote gara, agintariok? Hitzaren beldur akaso?
Gaur (19) eta bihar (20) Bologna Prozesuaren aurka ekiteko bi egun oso berezi dira. Gaur UPNAn ikasle hauteskundeak daude eta bai IAk bai Eraldatuk prozesuaren aurkako erreferendum baten itxura eman diote. Hau da, Grupo Universitario eta Sadar bozkatzeak Bolognari hein batean bai esatea esan nahi du. IA edo Eraldaturi bozkatzeak Bolognari ez esan nahi du. Badirudi hau txorakeria bat dela, baina Unibertsitateetako errektoreek askotan horrela planteatzen dute: Bolognaren inguruan ez da ezer erabaki behar gehiengoak eurekin bat egiten duelako (ez dute ikusten gehiengoa ez direla katedradunak, baizik eta bozkaren balio handiena dutenak). Horregatik ezezkoa euren esparruan ematea garrantzitsua da.
Bigarrenik bihar Leioan dagoen Nazio Manifestaldia da. Espero dut milaka izatea bertan biltzen diren ikasleak. Baina benetan espero dudana (beno, hobe esanda, nahiko nukeena) milaka ikasle horien hitza kontuan hartzea litzateke. Perezek aurreko astean testu iraingarri bat egin zuen eta horri aurre egiteko modu bakarra gehiengo zabal bat irudikatzea da.