rssgaur8 logotipoa

(Barne) sexilioa

Egun hauetan handik eta hemendik irakurtzen ari naiz sexilio kontzeptuari buruzko artikuluak. Kontzeptua laburbiltzearren: Euskal Herritik kanpora joatea sexu askatasun gehiagoz gozatzeko. Laburpen eskasa, baina finean hori da ideia garrantzitsuena. Artikulu hauetan, baina, ez da lantzen beste faktore bat, kanpo sexilioaz gain badela barne sexilio bat, Euskal Herriko herrietatik hiriburuetara ematen dena, eta badirela ere zoko ilunak, sekretuak gordetzen dituzten paretak, atzerrira joan gabe.

Unibertsitatera joatea izaten da askorentzat lehenengo deserria. Bertan txikiago sentitzen zara, herri ezberdinetako jendea ezagutzen duzu eta orain arte bizi ezin izandako asko datoz zure bizitzara. Anonimotasuna handiagoa da eta horrek baimentzen du askatzea. Ostegunak… zenbat arabarrek ligatu dute gipuzkoar batekin Kutxiko tabernaren batean? Zenbat Leioako ikaslek bukatu dute gaua Bilbon, berea ez den pisu batean?

Esaten dute gaztetxoak geroz eta lehenago hasten direla sexuaz gozatzen, baina estereotipo, klixe eta ohiturak oraindik berdinak dira. Hezkuntza sexualean ez da egon aldaketa handirik azken hamarkadetan, bai ordea jendartean eta gauzak egiteko moduan. Horregatik oraindik existitzen da barne sexilioa, enkajatzen ez duten joerek lekua behar dutelako. Zorionez ez da beharrezkoa Erasmusean joatea “orgasmus generazioa”n parte hartzeko. Oraindik, hala ere, oso handia da gure baitan “zer esango dute” ideia, oso zaila zaigu oraindik kateak askatzea eta sexua modu askean gozatzea. Zorionez, geroz eta askatasun gehiago sentitzen da “Balcon de la Lola” edo “Badulake”ra sartzeko, ez delako “Kafe Antzokia” sekretuak gordetzeko gai den lekua bakarra.

Kolosala izango da, Ekhi

Lerro hauek idazten ditudanean oraindik ez zara jaio eta argitaratzen direnean baliteke oraindik mundu honetara etorri ez izana. Berehala ikasiko duzu, ordea, herri honetan justizia eta legea ez doazela beti batera.

Zure gurasoak ezagutzen ditut, baina aitarengan dut orain burua (barka nazala amak), bere 4 metro karratuko ziegan egongo delako urduri, dena ondo joango ote den galdezka. Eta itxoin behar duelako, Ekhi, zure irribarrea, negarra, aurpegia, begiak ikusteko.

Larunbata arratsaldean azken urteetako manifestaldirik handienean parte hartuko dugu Bilbon. Espero dut nire adina duzunerako herri honetan ez egotea zure aita bezala preso daudenen askatasuna eskatzeko manifestaldirik. Etxera ekarriko ditugula agindu nahiko nizuke. Ez dakit lortuko dugun, baina zin dagit saiatuko garela.

Zure aitaren ikasleek goizegi ikasi zuten justizia eta legea hitzak ezberdintzen. Laster ikasi zuten polizia hitza ez dela justiziaren sinonimo. Irakasle preso askok bizitzan balio handia duen ikasgaia eman diete ikasleei, eurek hala izatea nahi ez bazuten ere. Drama handia da ikaskide bat eramatea, askok ikusi dugu ikasgelako aulki bat hutsik. Drama handiagoa da haur batzuen irakaslea eramatea, noski. Buruan dut aurrekoan ezagutu nuen zure aitaren ikasle batek egindako galdera: noiz aterako da? Laster, Ekhi, laster. Beranduegi, ordea.

Handitzen zarenean ikasiko duzu, borroka hau egiteak zenbat balio izan zuen. Zenbat kostatu zuen. Zenbat min sortu zen, zenbat irribarre atzeratu ziren. Bere balioa eta bere prezioa. Larunbata arratsaldean lagun asko izango ditut buruan Bilbon, gehiegi egia esan, ezingo nituzke lerro hauetan aipatu. Baina zu, Ekhi, izango zaitut beste guztien gainetik. Zuregatik ere kolosala egingo dugu.

“Ez gara espainolak”

Aurreko astean espainiar DNIa erabili behar izan nuen berriro ere. Kasu honetan hegazkina hartzea zen aitzakia, baina min bera ematen du dokumentu hori izatea nire identifikazio ofiziala. Izan ere gutako asko ez gara espainiar sentitzen eta horregatik egiten dugu intsumisioa jai egun arrotzetan, animatzen dugu Euskal Herriko selekzioa oso kirolzale ez izan arren edo independentziaren alde berdez janzten gara egun seinalatuetan.

Aste honetan arazo bera izan du Espainiako Diputatuen Kongresuan hasi berri den Amaiurrek. Espainiako presidentea zein zen aukeratu nahi ez zutela eta sekulako zalaparta sortu dute espainiar ezkerreko hainbatek. Ez dute ulertzen eurek ere Euskal Herrian asko garela, gehiengoa, sentimendu bera partekatzen dugunok. Gutxiago kostatzen zaie ulertzea atzerrian, “Españoles?” galderari “No” erantzuten duzunean. Katalanak edo euskaldunak, orduan. Eta ulertzen dute, bai.

Gaur, ordea, sorpresa ederra jaso dut Internet bidez. Zuetako askok ezagutuko duzue Google Street View. Bertan sartu eta kaleak ikus daitezke, kotxe batek 360ºtan grabatu baititu. Horrela ia edozein puntu aurrez nolakoa den jakin dezakegu eta Googlen GPS sistemek argazkia erakusten dizute lekura iritsi zarenean. Google Street Viewen leku xelebreak bilatzen duen jendea ere badago, egoera asko eman daitezkeelako kamara kalean zehar bidaiatzen doanean.

Sar zaitezte http://g.co/maps/4z5dj helbidean, erraza da. Eta bertan ikusiko duzuenak argi utziko dizue ikasle mugimenduak aspaldi aldarrikatzen duena: gu ez garela espainolak, jai egun arrotzik ez dugula nahi, euskal egutegia nahi dugula. Milaka izan ziren herri eskoletan parte hartu edo normaltasunez klasera joan zirenak. Koherentzia ariketa bat, aldarrikapen interesgarria bestetik: gutxi izango dira egun bat gehiago klasera joatea eskatzen duten ikasleak munduan zehar.