Doritos poltsa
Gertatu al zaizue inoiz Doritos edo antzeko zerbaiten poltsa erosi, ireki, eta erdi hutsik egotea? Noski baietz, guztioi gertatu zaigu. Publizistek ondo dakite poltsa geroz eta handiago orduan eta gogo gehiago izango dugula erosteko. Gero ireki eta… mmhhh… ez zegoen lepo, baina tira, behin erosita produktua jan behar.
Berdina gertatu zaio ba, antza, Pello Salaburu errektoreari eta Twitterren onartu duenez Juan Ignacio Perezi ere. Gogoan dut Bologna Prozesua kritikatzen genuenok garai hartan erabiltzen genuen metafora: karamelo pozoinduaren estalkiarena (adibeak hemen, hemen eta hemen). Bologna berez txapuza bat izateaz gain neoliberalismoareneta inposizioaren atzaparretan erortzeko estrategia bat baino ez zen. Gutxi batzuen interesen araberako unibertsitateak sortzeko eginiko bidea, broker eta bestelako espekulatzaile finantzieroek abian jarritako kaka pila. Baina hori saltzeko eta, batez ere, jendartearen bataz-bestekoa baino ezkerrerago den Unibertsitateko corpusa gozatzeko karamelo polita jarri zioten: pedagogia berritzailea.
Pedagogia berritzaile horren atzean irakaslearen figura aldatzea zetorrela salatzen genuen: irakastetik kronometrora, klase magistraletatik zure kontrolatzaile-kolega izatera pasatzea. Unibertsitateak aldaketa pedagogikoak behar zituela ez zuen inork salatzen, noski, baina ez horrelakoak. Bologna Prozesuaren mamia kritikatzen genuonoi hori eskaintzen ziguten: geroz eta karamelo papel politagoa eta handiagoa.
Eta dirudienez pasa dira, Doritos poltsarekin gertatzen den bezala. Hain da handia egin duten sasi-pedagogia horren papera orain helburuak ere ez direla oso argi geratzen. Neoliberalismoak berak iarabazten jarraitzen du, baina hori egiteko orain paper mordoa, minutuko kontrol ugari eta ikasleak haur hezkuntzan bezala tratatu behar dituzte. Eta horretarako ez daude prest, antza, irakasle eta katedradun asko.
Artikuluak, hala ere, gezur handi bat egiten du: Europako beste lekuetan hau ez da gertatu! Beno, berak erabiltzen duen justifikazio kopuru berarekin nik esan dezaket: Europan hau orohar gertatu da. Bologna ez delako izan Europan bat egiteko proposamena, hori europarzaleentzako karameloa zen. Bologna, batez ere, Unibertsitatea kapitalaren mesedetan jarri eta bere askatasuna lapurtzeko bidea zen. Orain batzuk konturatzen ari dela dirudi.
