rssgaur8 logotipoa

Irakasleak murrizten

Horrelakoa da neoliberalismoa: dirurik ez dagoela diote eta gauzarik garrantzitsuenak mozten dituzte, euren mozkinak oraindik mantendu ahal izateko. Hala egiten du Madrilen neoliberalen musa den Esperanza Agirrek, milaka irakasle kaleratuz eta hezkuntza publikoa arrisku larrian jarriz. Hala egiten dute Nafarroan, Iribas kristofanatikoarekin, irakasle, guraso eta ikasleen haserrea piztuz.

Ez ninduen harritu aurrekoan Blanca Urgellen adierazpena irratian: krisian gaude eta orduan normala da kulturatik murriztea. Normala da ere hezkuntza, osasuna edo segurtasun sozialetik moztea. Normala da Azkuna neoliberalaren jarrera, eskola, zirku, antzoki, jantoki eta abar luze bat bota nahi duela enpresa korrupto batek salduko ez diren etxebizitzak eraikitzeko. Hori da neoliberalen logika.

Irakasleak murrizten dituzte, postuak kendu, euren bizi eta lan baldintzak tamalgarri bilakatu. Milaka dira egoera prekarioan bizi diren irakasleak, plazarik ez dutenak eta hemendik hara ibiltzen diren irakasle errariak. Pedagogiak berdin die, ikastek berdin die… mozkinak, dirua, hori da garrantzitsuena.

Txinatarrek esaten omen dute norbaiti arrain bat oparitzen badiozu egun horretan jango duela; baina arrantza egiten irakasten badiozu ez duela inoiz goserik pasako. Neoliberalek arrainak ematen dizkigute noizbehinka, hil ez gaitezen. Ez dute eskola publikoa kenduko, ez dute unibertsitatea bere horretan salduko. Baina ez dute nahi ezer ikastea, ea gehiegi jakin eta euren negozio zikina antzemango ote dugun!

Txiletik Antsoainera

“Berriro esan nahi dut, herria Gobernu delako, gaur egun posible dela esatea kobrea txiletar guztiona dela” esan zuen Salvador Allendek. Eta handik denbora gutxira hil zuten. 40 urte igaro dira hori gertatu zenetik eta orain pil-pilean dago Txilen ikasleen borroka. Haien udazkenetik jo ta su ari dira mobilizazioak garatzen, hezkuntza publiko eta herritarraren alde egiten, demokratizazioa eskatzen eta diru publikoa hezkuntzan inberti dadila eskatzen. “Ez dago guzti horretarako dirurik” erantzuten du Gobernuak. “Nazionalizatu dezagun berriro kobrea” erantzuten dute hainbat ikaslek.

Izan ere, dirua egon badago. Baina kanpoko enpresek, lapurtzen diete, guri saldu ahal izateko. Lapurtzen uzten ez dietenean berehala montatzen diete inbasio, estatu-kolpe edo errebelio zibil bat. Txilen gertatu zen, Iraken gertatu zen eta Libian gertatzen ari da.

Ikasleek Txile hartu dute, aspaldi gogoratzen ez ziren protestak antolatuz. Hezkuntzaren hiru laurden pribatizaturik dauden herrialde batean normala da momenturen batean hezkuntza publiko, laiko eta doakoa eskatzea. Neoliberalak urduri daude, ezin dutelako mugimendu hau ondo kontrolatu. Instituto gehiago eta hobeak eskatzen dituzte, ikasi nahi dutela diote, hezkuntza herritarra izan behar duela aldarrikatzen dute.

Etxetik gertuago Antsoaindik pasa gaitezke. Bertan instituto bat eskatzen da, euskalduna eta herriarentzat. Kalitateko hezkuntza nahi dute, eta horregatik antolatzen dute flash mob bat gaur8. “Gu gara herria, euskal ikastetxe herrikoia” leloa duen triki-lanbada ere egin dute Interneten. Hezkuntza, hemisferio guztietan mugimenduan!

JMJ

Oraindik txikia nintzela,10 urte oraindik bete gabeak, bakarra nintzen eskolan erlijio klasera joaten ez zena. Ordu horiek gauza interesgarriak irakurtzen pasatzen nituen, eta ez Biblian agertzen diren txorradak. Gogoan dut ere irakasle batekin egunero, goizeko lehen orduan, “Agur Maria” eta “Gure Aita” errezatzen zela. Ni nintzen bakarra ez nintzena altxatzen. Katekesira joaten ziren ikaskideak, eta batzuentzat errespetu falta zen ni ez altxatzea euren sektarekin bat ez egiteko.

Eskola gehienetan, publiko, ikastola zein pribatuetan erlijioa ikasten da. Ordu batzuk dira, bai, baina zerbait erabilgarrian inbertituko balira herri kultoagoa genuke, eta ez egun hauetan JMJrekin Madrilen eta beste hainbat puntutan ikusten dugun masa otzandua.

Richard Dawkinsek esaten zuen Jerusalemeko ume baten argazkia prentsan ikusi zuenean, azpian irakur zitekeela: “ume judu, kristau eta musulmana elkarrekin”. Berarentzat hori “ume marxista-leninista, monetarista eta neoliberala” jartzea bezala zela zioen. Ados naiz. Umeak garela ematen diguten gurasoek (amak, normalean) erlijioa. Umeak garela txertatzen digute eskolan zer sinistu eta zer ez. Badira erlijioaren tiraniatik askatzen direnak. Baina badira batzuk intolerantzia erlijiosoan erori, faxistak bilakatu eta ateoak garenak iraintzen jarraitzen dutenak.

Jainkorik behar ez dugun askok auzolotsa sentitu dugu egunotan Madrilen ikusitakoarekin. Baina, gutxienez, batzuek begiak irekitzeko balio izan du. Aita Santuak eta poliziak ostiak ekarri dituzte Madrilera. Ez dakit fidel berririk erakarri duten, baina ziur naiz asko aldentzea lortu dutela. Ondo JMJ!