rssgaur8 logotipoa

Midan Tahrir

“Gure gazteek Egiptokoek duten kultura izan beharko lukete, mundua aldatu ahal izateko”. Hori esan omen zuen Barack Obamak urtarrilaren bukaeran. Aldi berean AEBtako kultura eskasa eta bere ereduaren ahulezian sakonduz. Mobinil mugikor enpresaren iragarki erraldoi batean agertzen da esaldia, Kairoko aireportuaren sarreran.

Aurreko astean Tahrir plazan egon nintzen, Egipton gertatzen ari denaren eta, oro har, arabiar herrialdeetan gertatu denaren ikurretako bat. Milioi bat pertsona itxoiten zituzten gau hartan eta 20.000 edo egongo ziren. Libiako errebeldeen bandera monarkikoa salgai zuten postuak ikusi genituen, baita Tunisiako, Egiptoko edo Jordaniako bandera zutenak ere. Postal saltzaileek munduko lider karismatikoen argazkiak saltzen zituzten: Mandela, Che Guevara, Osama Bin Laden, Saddam Hussein, Nasser edo Hitlerrenak kasu.

Kairo Islamiko izeneko auzoan 3.500.000 pertsona inguru bizi direla kalkulatzen da.Horietatik 2,5 milioik ez dakite irakurtzen ez idazten. Horiek dira kultura handi hori zuen iraultzaren parte garrantzitsua, noski. Iraultzera deitzen duen Mobinil enpresaren jabea kopto aberatsa da, hurrengo hauteskundetako presidente hautagaietako bat. Hori da bere klientelako parte bat, baita bere hautatzaile kopuru handia ere.

Norbaitek 60ko hamarkadako iraultzen erromantizismoa espero bazuen Egipton, berak bilatu beharko du. Parametroak aldatu dira, kultura politikoa aldatu da. Orain Freedom eta Facebook hitzetako “F”ak batzen dituzten kamisetak saltzea da askatasuna. Eta Libian? Aurrekoan idatzi nuen Gadafiren defentsarekin jarraitzen dut, noski.

Zientzia (fikzioa)

Ekaina bukatzen ari zela UPVko errektore izandako Iñako Perezek blog berri bat ireki zuela aipatu zuen sarean. Blog kolektiboa, berez, baina berak aurkeztua. Blog horren helburua “Zientzia eta askatasuna” kontzeptuak batzea zen. Bitxia iruditu zitzaidan lehenengo artikuluan nazismoa eta komunismoa maila berean kritikatzea bertan egindako ikerketa zientifikoa “ez zela askea” esanez. Kritikak jaso ditu eta azkenean bere postura berregokitu beharko duela ere aipatu zuen Twitterren.

Kapitalista sutsuen pentsamoldeetako bat da, hala ere, euren pentsamendua askatasun osoarekin lotzea. Eta horrela pentsatzen dute zientzia bakarrik izan daitekeela askea ekonomia liberalaren barruan. Fikzioa da hori, zientzia fikzioa.

Aste honen hasieran Radio3 entzuten ari nintzela “Zientzia vs. Zientzia Fikzioa” ikasgaia ematen duen irakasle baten berri izan nuen. Pare bat liburu idatzi ditu (“La guerra de dos mundos” eta “Einstein vs. Predator”) eta bere ikasgaia arrakasta izugarria da. Kazetariak galdetzen zion ea bere ikasgaiak zer nolako eskaria zuen, eta harritu ninduen erntzunak: oso ona, beterik dago, baina orain Bologna Prozesua dela eta kenduko dute. Antza horrelako ikasgaiak ezin dira sartu eredu neoliberal berrian. Irakaslearen kexa argia zen: ereduaren barruan sartzen ez denak ez du lekurik Bolognaren menpeko Unibertsitatean.

Perezek esaten zuen ez duela uste eredu neoliberalean ikerketa zientifikoa ekonomiaren menpe dagoenik. Hau kasu bat besterik ez da. Ez da kasu bakarra, noski. Zientzia eta ekonomia aldendurik daudela esatea fikzioa delako. Zientzia fikzioa.