rssgaur8 logotipoa

Kimika eta ingeniaria

Selektibitatean Kimikako azterketarekin gertatu denak ez du izenik. Baina ondoren ikusitako hainbat jarrerek badute hitz pare bat: azal gogorra.

Aurreko artikuluan esaten nuen bezala selektibitatea guztiz injustoa da. Selektibitatean guztia jokatzeak horrelako egoerak ekar ditzake. Hau da, azterketa bakar batean, nota bakar batean, eegun bakar batean… zure etorkizuna erabakitzea ez da oso ideia ona. Kimikarekin gertatu denak, baina, argi uzten ditu hainbat gauza:

Selektibitatea espainiar azterketa bat da. Eta espainol onak sortzeko erabiltzen da. Horregatik ere egiten da azterketa gazteleraz eta gero itzuli, edukiak Madrilek inposatzen dituelako. Ikusi nahi ez duenak ez dezala ikusi.

Bigarren apuntea da euskarazko azterketak ez dituela pasatzen pasa beharreko filtroak. Edo pasatzen dituenak ez direla egokiak. Gaztelerazkoak, ziurrenik, izango ditu bere filtro egokiak. Euskara bigarren mailako hizkuntza da UPVrentzat. Eta hala izaten jarraituko du Unibertsitate espainola den heinean.

Hirugarrena logikoena da. Unibertsitate espainol batean ikasle espainolak sortzeko behar dena errektore espainol bat da. Iñaki Goirizelaia haserratuko da (behin esan zidan) espainola dela esaten badiot. Haserra dadila. Espainiaren zerbitzari lehiala da eta galdu du bere “euskaltzaletasun” kutsu guztia. Espainaren interesak ikasleen eskubideen gainetik jarri ditu. Ingeniari gisa? Ba eskasa, ingeniariek soluzioak topatu behar dituztelako eta, kasu honetan, soluzioak baino arazoak baino ez dituelako sortu. Dimisioa ematea litzateke, orain, ingeniari gisa egin dezakeen onena.

Selektibitatearen normaltasuna

Urtero artikulu berdina idazten dudanaren sentsazio hori dut. Beno, edo artikulu beraren aldaerak idazten ditudala. Urteak eman nituen, ikasle mugimenduan ari nintzela, selektibitatea eta baxoaren aurka idazten. Gero prentsan ere, edo Gaur8ko zutabe honetan, aritu naiz azterketa absurdo honen aurka. Batzuetan zin egiten diot neure buruari ez dudala gehiagotan egingo, baina gero komunikabideak ikusten ditut, telebistako erreportaia ikusten dut (urtero gidoi berdina duena, baina gazte ezberdinak agertzen diren hori) eta odola berotzen zait.

Normaltasunez ikusten dugu 3 eguneko froga batean “gazte guzti hauen etorkizuna idaztea” (EiTBk dio) eta normaltzat daukagu azterketa Blas de Oterorekin hastea (gutxienez Blas de Otero da, Cernuda, nire kasuan bezala). Izan ere, normala da unibertsitate espainoletan ikasteko literatura espainolak hartzea pisurik handiena.

Normala da ere, noski, EAEn egiten diren azterketatan (ez da hala suertatzen Nafarroan), euskara azterketa erridikulua izatea. Normala da, noski, bestela A ereduko inork ez zuen selektibitatea ondo egingo. Eta selektibitate ditxoso horretan etorkizuna idazten omen da (urte luzetan irakasle izandako batek esaten zidan herenegun: mundu guztiak izan nahi omen du funtzionario). Normala da, noski, eta oso pedagogikoa gainera, ikasleak zenbaki bakar batekin mailakatu, etiketatu eta horren araberako titulu posibleak esleitzea.

Normaltasuna, hiztegiko milaka hitzen artean hori da Aresek gehien maite duena. Eta ikasleei hori esaten diegu selektibitatean: izan zaitez normala, izan zaitez zenbaki bat.