rssgaur8 logotipoa

Gu, demokratak

Onartzen dut, bai, ez didazu gogoratu behar. Badakit hasiera batean artikulu hauetan hezkuntza gaiei buruz hitz egin behar nuela. Baina onartuko didazu azken aste hauetan bizi garen egoeran gutxi direla gai honi buruz suertatzen diren berriak. Egon dira ikasle mobilizazio batzuk Iruñean; gaur bertan, Baionan, manifestazio garrantzitsua egingo da… baina honen inguruan informazio eskasa dut. Horregatik azken aldi honetan gai orokorragoei heltzen nabil.

Ez nuen egin nahi, baina entzuten ari diren guztiek iritzi artikulua idaztea merezi zuela pentsatu dut berriro ere. Eta non hobe Gaur8ko leihoa baino, bi artikulu ezberdin idatzi beharrean.

Izan ere, demokratok, demokraziaren alde borrokatzen dugunok eta herriaren hitza bide ezberdinetatik defendatzen jardun duen orok argi ikusi beharko luke, puntu honetara helduta, kolore ezberdinetako faxista, putre eta vichyek darabiltena. Barruraino sartu digute ideia: orain milaka herritar kutsatuak gara. Eta Vichyk gomendioa ematen digu Sabin Etxeatik: jar ezazue zuen judu, komunista, homosexual edo ijitoen identifikagarria paparrean. Utzi ezazue argi zuek kutsatu nazkagarriak zaretela, heriotza zibilera kondenatutako horiek.

Faxismoa ez da iritsi puntu gorenera, noski. Baina ikusten ari garenak argi erakusten digu demokratoi biolentoek ez diotela beldurrik bideari, helburuari baizik. Helburuak albo batera uztea ari dira eskatzen oraingoan, demokrata izateari uztea, biolentoek agintea har dezaten. Bitartean, Getariako printzesak bere kontrakotasuna agertuko du, baina ez daki zer gehiago egin daitekeen. En fin. Hurrengoan hezkuntza, zin dagit.

#Bildu eta bultza

Aurreko batean esan nuen, Gaddafiri buruz ari nintzela (eta denborak arrazoiaren parte eman dit :)), orokorrean erasotuaren alde egiteko tendentzia izan ohi dudala. Horregatik aurreko egunean Nafarroako eskuin muturrak eginiko bideoa ikusi nuenan argi geratu zitzaidan noren alde egin behar zen oraingoan.

Bideoa sinplea zen. Emakume batek umemokoei zuzenduko balitz bezala (bere jarraitzaileei ari da, bide batez!) ETA jartzen duen pozoi botila batean Sortu pegatina jartzen zuen. “Edango al zenuke?” zen bere galdera. “Noski ezetz!” izan beharko da zure erantzuna. Ondoren EA jartzen zuen botila ekartzen zuen eta ETAren botilatik “pozoia” botatzen zion… “Edango zenuke orain?”. Eta noski, argi esaten dizu ezetz, ez zenukela egingo. Beno, ba ni gaurkoan pozoitzearen alde nago, ziur bainago emaitzako ur horrek ez dituela eurek saltzen diguten Fukushima-estiloko garapen-politikak bezainbeste pozoi.

Orain hilabete batzuk EHBEk egiten zuen eztabaidari buruz mintzatu nintzen txoko honetan. “Bildu eta bultza” deitzen zen. Nire argudioa sinplea zen: biltzea beti da ona, batez ere norabide berean bultzatzeko bada. Orain ere izan beharko luke: Nafarroako eskuma haserre badago, arrazoiren bat egongo da, ezta? Eta gaur bertan Madrilen manifestatuko diren 50 milioi pertsona horiek (gritoi bat, esango luke Fryk) ere zerbaitegatik egingo dute, ezta? “Ez Sortu, ez Bildu ezta esneak ere”, irakurtzen nion gazteleraz AVTko kide bati.

EHBEk erabilitako leloak ere balio du honetan: “Hik bultza gogor hortikan, ta bultza nik hemendikan”. Garrantzitsuena ez da urak dakarren pozoi kopurua, bultzadaren norabidea baizik.