Bildu eta bultza
Esparru guztietan ikusten ari gara: indarrak bildu eta helburu komunen alde bultza egiteko gogotsu dago jendea eta eragile andana. Eskubide zibil eta politikoen defentsan, indar soberanisten arteko adostasunen bila edo aste honetan ikusi dugun bezala, gehiengo sindikalaren indarraz Greba Orokorra eginez, geroz eta gehiago dira sortzen diren dinamika bateratuak.
Hezkuntzan, ordea, eztabaida klasikoak dira nagusi. Orain aste gutxi Altsasuko hitzondo.net webgunean orain dela 25 urte idatzirik egon zitekeen artikulua irakurri nuen, publiko/pribatu eztabaidan sakontzen. Bitxi da: maila guztietan adostasunen bila abiatzen garen bitartean badirudi hezkuntzan bereizten gaituzten gauzei arreta handiagoa jartzen diegula.
Biltzeko garaia da. Hezkuntza Eskubideen alde gauden guztiok proiektu antzekoak ditugu. Edo, gutxienez, UPN-PSE proiektuekin kontrajarriak dira. Ziur nago ikastola edo eskola publiko euskaldunaren defendatzailerik sutsuenek bat egiten dutela eskola euskalduna eta herritarraren alde. Zein da, orduan, arazoa?
Bultza egiteko garaia da. Abestiak zioen bezala “zuk hortikan eta nik hemendikan”. Bakoitzak bere lanean, baina norabide berean. Urtero milaka herritarrek bat egiten dute euskarazko hezkuntzaren alde, eta herritarren gehiengoak nahi du hezkuntzaren gainea erabakitzeko eskubidea izatea, ezta? Sinisten badugu Euskal Herriko gehiengoak bi printzipio hauekin bat egiten duela, eztabaida antzuak alboratu eta bat-egiteko garaia da. Nire gomendioa, beraz, bildu eta .bultza. Eta ikusiko duzue, nola nola, behar ez dugun guztia, laster eroriko den.
