Astelehena Durangon
Espainiar Konstituzioaren inposaketa arlo guztietan nabaritzen da, egutegia barne. Astelehena jai eguna omen Hego Euskal Herrian. Eta horren aurka protestatzeko ekimen ugari egon ohi dira urtero. Ezinezkoa litzateke artikulu honen luzeran guzti horiek berri ematea, beraz nik Durangon egongo direnei baino ez diet egingo erreferentzia: gure herriaren erakusgarria delakoan nago.
Hasteko Ikasle Abertzaleakek antolatuta herri eskolak izango dira, Euskal Herriko beste hainbat lekutan bezala. Aurten hautatu duten gai nagusia ikasle mugimendua eta hezkuntza mugimenduaren arteko lotura aztertzea izango da. Eguerdian independentziaren aldeko lehenengo zita izango da: Argazki Berdea. Eta horren ondoren independentzia aldarrikatzeko bigarrena: Sarri, Sarri kantatu eta dantzatuz lipduba grabatuko du nahi duen orok, bigarren hau Internet bitartez antolatutako ekimena. Ordu berean tamainako bertso saioa hasiko da Gaztetxean, egun osoko proposamen kulturalaren barruan.
Eta azokatik paseatzeko denbora tartea dago hortxe, bazkaltzeko orduan. Izan ere arratsaldeko 5etan gazte mugimenduak manifestaldia antolatu du, eskubide zibil eta politikoen alde. Baina ordu berean bi zita kultural interesgarri: Ahotsenean Pirritx, Porrotx eta Mari Mototos izango dira Irrien Lagunak aurkezten. Lehenago Gosekoak ere handik ibiliko dira, beste talde eta idazle batzuen artean. Plateruenan ZuZeu albistari digitalak Perurena gonbidatu du herri-jasotzaileak egin zuen elkarrizketa gogora ekratzeko.
Abenduak 6. Durango. Euskal Herriko hiriburua egun bakar batez bada ere.
