Kai sy, Haurtzaro?
Murphyren legeak dio egun ona baldin baduzu beti etorriko dela norbait eta izorratuko dizula. Soziedad Alkoholikak dio S.H.A.K.T.A.L.E., gazteleraz “beti dago norbait esistentzia mingosten dizuna”. Eta Julio Zesarrek Brutori esan omen zion, “Kay sy, teknon?”, grezieraz (ez dakit zergatik), “zu ere, seme?”. Ba horixe da Haurtzaro Ikastolakoek sortu didaten sentsazioa.
Astea ondo hasi da, igandean, aspaldiko partez. Garai berriak datozela dirudi eta geroz eta mugimendu gehiago ikusten dira gure herri honetan. Gaur ere RubalcAresek ez badu eragozten beste pauso bat ematen egongo gara milaka herritarrok Bilbon. Harira, pozik hasi nuen astea, eta are pozago Urkullu eta Ares haserre ikusi nituenean. Bai, arraroa da, baina oso haserre zeuden euren adierazpenetan.
Adierazpen, mugimendu, iritzi artikulu, Aizpeolearen tontakeriak El Paisen eta Iñako Perez errektore ohiaren artikulu patetikoa Deian. Eta hara non lagun batek e-posta bidaltzen didan: Celaáren hiruele eredua aukeratu duten ikastetxeen zerrenda. Zerrenda polita: gehienbat A eredua soilik eskaintzen duten ikastetxe marjinalak, garai batean zuten arrakasta galdu duten ikastetxe pribatu-erlijiosoak eta… Haurtzaro Ikastola. Beno, Jakintza eta Txomin Agirre ere, baina hori beste artikulu baterako utziko nuke. Haurtzaro, Oiartzungo ikastola, herri euskaldun eta abertzale bateko ikastola. Ikastola honetan haurrek eskolen %60a jasoko dute, gehienez, euskaraz. Euskaldunduko dira, noski, oiartzuar gehienak bezala. Hurrengo Kilometroak egiten dutenean gogora ezazue: %60koa da euren euskararen defentsa. Tristea.
