Txipiroiak euren tintan prestatu zituzten iazko Aste Nagusiko asteazkenean konpartsek eginiko leihaketa gastronomikoan. Bertso-bazkaria izan zen ostean. Umeentzako marmitako ikastaroa ere izan zen eguerdiko 11tan. Sukaldean aritu nahi ez zuten umeentzat puzgarriak eta aerobica ere egon zen eguerdi partean. Algaran bazkaldu zutenek Anje Duhalde izan zuten bazkaloseta animatzen. Aixe-berrikoek magoak eta aurpegi-margoketa egin zuten arratsaldean; Tintigorrikoek ere magia emanaldia antolatu bazkaldu ondoren.
Iaz Bilboko Aste Nagusiko asteazkenean Kaskagorrikoek Akelarrea antolatu zuten. Eta kontzertuen ordua ere iritsi zen: Twisted Pulps, The Yellow Big Machine, Ezinean, Leihotikan, Kriminal Forceps, Tximeleta, Hilbete, Izate eta Emon taldeek jo zuten konpartsek antolatutako guneetan.
Prentsan gauzak egiteko behar den denbora dela eta artikulu hau asteazkenetan bidali behar dut. Ez dakit, beraz, zer nolako giroa egongo den gaurkoan Bilbon. Suposatzen dut gauza gutxi egongo direla egiteko. Izan ere Bilboko Aste Nagusiaren funtsa konpartsak dira. Iaz Plaza Barrian izan nintzen Fanfare Ciocarla ikusten asteazken batez. Plaza Barrira sartu aurretik eta bertatik irteterakoan txosnek eskainitako giroak eman zidan jaian jarraitzeko aitzakia. Txosnarik gabe Aste Nagusia ez da Aste Nagusi…
Marijaiak herria ordezkatzen du eta herririk gabe ez dago jairik. Tamalez, Azkuna egoskorregia da (beste irain batzuk ere burura etortzen zaizkit) atzera buelta egiteko. Aste Nagusiarekin bukatu nahi dute, jai herrikoiekin bukatu nahi dute… Marijaia hil nahi dute.
UNAMen egon nintzen joan zen astean. UNAM munduko unibertsitaterik handienen artean dago, 292.000 ikaslerekin. Mexikoko hezkuntza erakunderik handiena da, eta autonomia osoa du gobernutik. UPV edo UPNAn gertatzen ez den bezala, ezin da poliziarik sartu.
UNAMen izaera publikoa benetakoa da. Bertan matrikulatzeak 20 peso zentabo balio ditu, hau da, 2 xentimo euro baino gutxiago. Nahi duen orok ikasi dezake, baldin eta beharrezkoak diren hezkuntza eskakizunak betetzen baditu.
Gainera kulturaren bangoardian dago. Hiru Nobel saridun mexikarrak bertakoak dira. Antzerkia, zinema eta musika herritar guztien esku uzten ditu, prezio oso merkeetan. Edozein herritarrek bertako liburu bat hartu eta fotokopiatu dezake (!).
Bere campusetik paseatzea benetako plazer bat da. Barruan erreserba biologiko bat du eta eraikinak natura horren parte badira. Museoak eta plazak ditu. Baita 10 autobus ibilbide ezberdin. Udan zehar estentsio kulturalak funtzionatzen du, kirola, musika emanaldi famatuak eta erakusketak eginez. Eta egiten duten guztia euren irrati eta telebista propiotik emititzen dute, mundu guztiaren esku jarriz.
UNAMeko greba ikasle mugimenduan geundenean bizi genuenok erromantizismoz begiratzen diogu erreferente honi. Oraindik ere gertakari horren arrastoak badira. Ikasle mugimenduak sorturiko irrati libre batek Zientzia Fakultateko “Consejo General de Huelga” izeneko ikasle gela okupatutik emititzen du. Poliziak eta gobernuak ezin dute itxi. Errektoretza ez da ausartzen. Jakituriaren tenplu honetan ez dago euskal errektoreek darabiltzen errepresio mailarentzat lekurik.
Joan zen larunbatan Jon Anza agurtzera joan zirenek aurpegia estalita zutenen mezua entzun ahal izan zuten. Ordu berdinean, baina 10.000 kilometro baino gehiagora beste kaputxadun batzuen mezua entzuten nuen nik. Oventicen nengoen, San Andres Larrainzar edo San Andres Sak’amchen de Los Pobres udalerriko herri batean. Herri hau Udalerri Autonomo Errebelde Zapatistetako (MAReZ) bat da eta bertan kokatzen da II. Barraskiloa; hau da, bertatik kudeatzen dira eskualde horretako beste MAReZak.
Turista politikoak jasotzen ohituak daude leku honetan. Baina protokolo benetan zorruna dute, bertako egoera politikoak edozein momentutan eztanda egin dezakeelako. Bertan ginenon asmoa zapatisten proiektua ezagutzea zen, euren helburuak eta, nire kasuan, eraikuntza eta autogestio prozesuan hezkuntzak jokatutako papera.
Duela urte batzuk EZLNk abangoardia utzi eta eraikuntza prozesuak babesteari ekin zion. Snail (tzoltziles “batzar”, ingeleraz “Barraskilo”) guztiak garai horretan sortu ziren. Eta eurekin batera medikuak, kooperatibak eta eskolak, haur eskoletatik 2. hezkuntzara. Ez da kasualitatea, noski, cooperativa eta bizilekuez gain leku gehien hartzen duenak hezkuntza eraikinak izatea. Azken finean euren hizkuntza eta baloreek biziraun dezaten modu bakarra hori dute. Eskolan Zapata, Villa eta Che Gebararen aurpegiak eta, arbelaren ondean galdera bat: “Zer da iraultza?”.
“Kontatu ezazue bizirik gaudela, ez garela desagertu, eta proiektuak egiten gaudela”, eskatu zigun MAReZ bateko agintariak. Bizirik daude, aktibo daude, ideia eta erronkez beterik. Zapata, ere, bizirik dago.