rssgaur8 logotipoa

Ziraukitik Mañerura

Mañeru Nafarroako herri txiki bat da, Garestik gertu eta, Huajolotoen abestiak dioen bezala, Ziraukitik gertu. Nafarroan bakarrik gerta daitezkeen malerus horietako bati esker Mañeru zonalde ez-baskofonoan dago, bere mugakide den Gares zonalde mixtoan dagoen bitartean. Mañeruk eskola txiki bat du, barkatu… Mañeruk eskola txiki bat zuen. Eskola honek 6 ikasle zituen ikasturte honetan, baina erdiak Garesera joatea erabaki dute. Garesko eskolak jantokia du eta bertan Haur eta Lehen hezkuntza ikas daiteke.

Ziraukik, Mañeruk bezala, ardo gorri ona omen du. Hori esaten zuen abestiak. Ziraukik muga egiten du Mañerurekin eta, herri honek bezala, eskola txiki bat zuen. Iaz itxi zuten. Ikasleen gehiengoak nahiago zuen Garesera joatea ikastera. Barkatu… gurasoen gehiengoak nahiago zuen euren seme-alabek Garesen ikastea.

Zein izan daiteke portaera arraro hau emateko arrazoia? Zerk bultzatzen ditu Zirauki eta Mañeruko gurasoak euren seme-alabak beste herri batera ikastera bidaltzea? Jantokian egon zitekeen klabeetako bat… baina antza ez da hori.

Erantzuna badakizuelakoan nago. Ziraukik eta Mañeruk ezin dute eskolarik mantendu zonalde ez-baskofonoan daudelako eta, beraz, ez dutelako D eredua eskaintzeko aukerarik. Euren seme-alabek euskaraz bizitzeko gai izatea hautatzen duten gurasoek seme-alabak herritik kanpora bidali behar dituzte. Garesera Haur eta Lehen hezkuntza egitera. Lizarra edo Zizurrera Bigarren Hezkuntza egitera. Eskola txikiak ixten dituzte, herriak husten dira, zonifikazioa oraindik mantendu nahi duten agintari batzuk egoskor hutsak direlako. Navarre is different.

Pixa ari du

Bai, irakurle maitea, pixa ari du. Ez da euria, ez da xiri-miria… agintarien pixa da gainera datorkiguna. Ikaragarria da gertatzen ari den guztia, hezkuntzan eta hezkuntzatik kanpo. Hurrengo egunotan EAEko 40 ikastetxek euskaldunduko ez duen eredu bakarra ezartzea. 40 ikastetxe horietan, eta hemendik urte gutxira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako guztietan (baita kontzertatuetan ere) eredu bakarra egongo da eskuragarri, eta hau ez da B ereduaren euskara mailara iritsiko. Hau, noski, gaztelera ikas dadin bermatzeko egiten dute.

Aste honetan zehar selektibitatea egingo dute milaka ikaslek. Aurreko orrietan irakurri duzue horren inguruan nahiko, beraz ez naiz luzatuko. Beste urte bat, aldaketak aldaketa, pedagogia kaxkarraren adibide gorena eskaintzen.

Hil hau bukatu aurretik Nafarroako ikastetxeek Santillana edo Santillanaren artean erabaki beharko dute euren klaseak eman ahal izateko. Batzuek ez dute hori egingo eta ikusiko dugu euren aurka oldartuko direla. Demokraziaren handitasuna omen.

Iraileko azterketak orain ekainan egiten dira. Bolognaren onura bat omen. Ez dutena esaten ikasturtea irailaren lehenengo astean hasiko dela da.
Eta hau gutxi balitz atzo hasita eta bihar arte Sitgesen Bilderberg Kluba bilduta dago, gure ekonomia izorratzeko neurri berriak hartzen, zerbitzu publikoen pribatizazio osoaz hitz egiten eta munduko populazioaren gaineko kontrolaz konspiratzen.

Ez dakit hau irakurtzen duzunean zein izango ote den eguraldia. Baliteke eguzkitsua izatea, edo hegazkinen arrastoek zerua estaltzea. Baina tantaren bat erortzen bada zure gainean, adi! Ez da ura, boteretsuen pixa da.