Tristea da, ez nuen hori gertatzea nahi… baina, tamalez, arrazoia nuen. Orain dela 4-5 urte hitzaldia eskaini nuen UPVko Medikuntza Fakultatean gaitzat Bologna Prozesua hartuta. Neoliberalismoaren erasoa zela argudiatu eta hezkuntza, osasun publikoa eta gizarte segurantza pribatizatzen bukatuko zela esan nuen. Eztabaida baten ostean dekanotzako norbaitek (ez dut gogoratzen zehazki nork) esan zidan hori ez zela posible, INOIZ ez zela osasun publikoa pribatizatuko.
Egun horretan bertan Radio Euskadin esan zuten Osakidetzak akordio bat sinatu zuela hainbat seguru pribaturekin, itxoite-zerrenda murrizteko. Baina hori ez zen nahikoa arrazoia edukizeko. Gaur, berriz, berri kezkagarri bat irakurri dut oraindik erdi-lo nengoela (edo erdi-esna).
“Maria Kutzek dio, Espainiako Gobernuak medikutara joateagatik ordaintzea proposatuko balu, aztertuko luketela”
Eta horren azpian:
“Eusko Jaularitzak proposatu du pentsiodun aberatsenek botikengatik ordaintzea”
Interesgarria irakurtzea Berriak dakarrena. Tamalgarria gai honetan arrazoia eduki behar izatea.
“Euskal Herrian euskaraz hitz egiterik ez bada, bota dezagun demokrazia zerri askara”. Hori zioen Oskorrik orain 30 urte plazarik plaza abesten zuen kantak. Orain, politikoki zuzenaren garai hauetan, badirudi Lizarran ezin dela hori abestu. Izan ere, gure demokrazia perfektu hau ezin omen da kritikatu.
Baina joan gaitezen abestiaren muinera: euskaraz hitz egiterik ez bada, hau da, debekua baldin badago, orduan ez dago demokrazia errealik. Beste modu batera azalduta: bertako hizkuntzan hitz egitea debekatzen denean faxismoaren beste aurpegi batekin aurkituko gara eta, antifaxista izatea, balore bat izan da orain gutxi arte. Eta argi dago Nafarroan euskaraz bizitzea ez dela erraza, are eta gehiago Lizarra edo oraindik hegoalderago dauden lekuetan. Horregatik atera ginen milaka euskaltzale kalera larunbatean.
Abestiak badu bigarren zati bat: “Euskal Herrian” aipatzen du. Eta horrek ere min egiten die Diario de Fachadako hainbat kunetazaleri. Ezin da Euskal Herria aipatu, eta hitz hori duten liburu guztiak eskoletatik kanpo egon behar dute. Fisikoki. Hori erabaki zuten aurtengo Liburuaren Eguna ospatzeko Nafarroako Parlamentuan. Eta erabakian argi utzi zuten: ez ziren bakarrik testu-liburuak: material pedagogikoa, mapak, bideoak eta bestelako guztiak ezabatzeko prest zeuden, eta men egiten ez zienak zigorra (administratibo zein ekonomikoa) jasoko zuen.
Madarikaturiko abestiak itzuli dira (noizbait joan balira…) eta, nork esango, Oskorriri tokatu zaio oraingoan. Bada! “Euskal Herrian euskaraz” abesterik ez bada… bota dezagun demokrazia zerri askara!
Aste hauetan sekulako eztabaida sortu da Celaá, Ares eta euren agindupean dagoen Patxik zuloak eraiki nahi dituztelako eskoletan, biktimekiko “enpatia” sortzeko (enpatia ez da zure izebarekin partida bat berdintzea, hitzokei?). Gehiengoa ordezkatzen duten alderdiek argi adierazi dute hori ez dela bidea, ez dela pedagogikoa eta doktrinatze hutsa dela.
Larria da, bai. Batez ere ez duelako inongo helburu pedagogikorik. Doktrina eta beldurra baino ez dute sartu nahi. Baina ez dute lortuko. 13 urte izan ditut (adin hori pasa duten guztiek bezala, noski) eta badakit adin horrekin txisteak egingo genituzkeela zulo batean sartzerakoan. Eta hori ez da enpatia sortzea, noski. Larria da, noski, baina ez da egingo duten gauzarik larriena.
Badirudi ahaztu zaigula bai Nafarroako Gobernuak zein EAEko kolpistek euskararekin amaitzeko eredu berriak proposatu dituztela, TIL eta Eredu Hirueleduna urrenez-urren. Oñati, Ondarroa edo Leitzan zaila izan daiteke euskararekin amaitzea, egia da. Baina Portugalete, Irun edo Atarrabian oso erraza da emandako pausoak bertan-behera uztea. Izan ere, nola da posible orain D eredu batekin lortzea zaila egiten dena etorkizunean B ereduarekin lortzea? Celaák eta Catalánek badakite, noski, horretan tematuta daude.
Eskolak Euskaldundu Herri Ekimenak kanpaina bat abiatuko du hurrengo asteotan, egoera honen inguruan informatzeko asmoz. Hitzaldi, kartel, eskuorri eta bestelakoak erabiliko ditu. Guztion ardura da egoera hau plazaratzea… zuloetan egon direnei gertatutakoa euskaraz ikastea nahi badugu, behintzat.