rssgaur8 logotipoa

Nafarroako Parlamentuak zentsurarekin ospatu du Liburuaren Eguna

ZuZeurentzat idatzitako testua.

Apirilak 23, Liburuaren Eguna. Asko dira gaur entzundako liburu-gomendioak, irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko mezuak eta entzundako berriak. Bada, ordea, ospakizuna modu xelebrean egin dutenak: Nafarroako Parlamentuak “Euskal Herria” kontzeptua duten testu-liburuak debekatzea eskatu du.

1981a zen. Bilbon Joseba Garaizar izeneko idazle batek “Enperadore Eroa” ipuina idatzi eta “Bilbo Hiria Saria” irabazi zuen. Argiak aipatzen zuenez: Joseba Garaizarren Enperadore Eroa ipuinak ez du biraorik, txorigorririk, ahokada iraingarririk. Sano narrazio fina da Ching-Fu pintatzailearen alabaz maitemindu den Hung-Wu enperadorearen istorioa. Xarma berezia du, hitzen aukeraketatik hasita. Izan ere, ipuin polita da maiteminez burua galdutako txinatar enperadorearena.

Baina Joseba ez zen Garaizar, Sarrionandia baizik. Eta hori ez zitzaion PNVri gustatu, noski, eta milaka liburu erre zituzten erraustegian. Antza ipuin horrekin zetorren beste ipuin bat zen arazoa, bertan erabiltzen ziren hitzak. Baina eguna gogoratzen dutenek argi esaten dute: Sarri zen arazoa. Eta arazo horri erantzuteko Bilboko liburu-saltzaileek “Cuentos Incombustibles” argitaratu zuten, Sarriren ipuina barne.

29 urte igaro dira hori gertatu zenetik. Zentsura oraindik badela argi dago, galde diezaiotela Fermin Muguruza edo Soziedad Alkoholikari, bestela. Baina atzokoan Nafarroako Parlamentuak hartutako erabakia bezain larriak gutxi izan dira gertaturikoak.

Euskal Herriak Bere Eskolak salatu duenez Parlamentuan CDN, UPN, PSN eta IUNk “Euskal Herria” kontzeptu gisa aipatzen duten edozer debekatzeko pausoa eman dute:

Hasieran “Euskal Herria” aipatzen zuten liburuak doakotasunetik kanpo gera zitezela adostu zuten. Euskal Herria aipatzen bazuten, ezin zen beste liburuak bezala erabili. Baina 31 ikastetxek liburu horiek erabiltzen jarraituko dutela ikusi dutenez orain debeku osoari eman diote bidea, hasieratik argi zegoena inoiz baino argiago utzi: zentsura, Euskal Herriaren aurkako erasoak eta euskara eta euskal kulturarekin harremana duen ororen deuseztea.

Eta bitxia CDNk emaniko argudioa:

“Desde CDN esperamos que el Gobierno de Navarra, que ha secundado la propuesta, modifique la orden foral que emitió Catalán a fin de que estos libros no puedan utilizarse en ningún centro de la comunidad. Ahora exigiremos que se cumpla está decisión”

Nafarroan oso ondo dakite ospatzen Liburuaren Eguna!

Erantzunak

Hezkuntza Deialdiak milaka pertsona bildu zituen Bilboko kaleetan. Milaka pertsona dira, gehiengoa, D eredua ikasi nahi duena. Milaka eta milaka Bidasoaren bi aldeetan herri bat badela adierazi genuenak Aberri Egunean. Eta eurek, euren bulegoetan hezkuntza aldarrikapenak isilarazi eta inposaketa baino ezagutzen ez dutenek eman digute zein den erantzuna.

Manifestaldiak Bilboko kaleak bustitzen zituen egun berean Nafarroako Gobernuak 5 argitaletxe utzi zituen doakotasun programatik kanpo. Euren artean Espainian ekoitzi eta euskal izena duten ardi larruz estalitako otsoak ere (Edelvives-Ibaizabal). Ez dituzte ezta euren tranpak onartzen. Testu liburuetan “Euskal Herria” agertzen bada ezingo dira egon ikastetxeetan besteak dauden bezala. Santillana erostera gonbidatzen gintuztenok argi dute ez dutela Elkar edo Erein nahi… ezta Ibaizabal ere.

Ikastetxeak itxi eta jendea oporretan egon zedin probestu dute besteek, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kolpistek. Orain ETAren biktimak, eta eurak bakarrik, ikastetxera joan eta omendu beharko dituzte ikasleek. Gainera irakasleek ezingo dute azaldu zer den gertatu dena, Aresen arabera azaltzea justifikatzea baita. Milaka herritarrek Euskal Herria badela aldarrikatzen duten bitartean, gehiengoak euskara hautatzen duen bitartean… eurek gaztelera inposatzen dute ingeleraren mozorroarekin.

Argi utzi digute: euren sistemaren barruan, ikastetxe publiko zein kontzertatu izan, ez dago ihesbiderik. Euren sistema apurtu eta berria eraikitzeko garaia da, orduan. Pauso berriak emateko, indarrak bildu eta ikastetxez ikastetxe erantzuna emateko garaia da.