Tranpak bakar-jokoan
Joko bat asmatu eta bertan tranpa egitea nahiko jarrera itsusia da. Administrazio publiko batek hori egitea oraindik larriagoa da. Eta fede txarrarekin egiten bada ziurrenik izen juridikoren bat izango du. Hori egin du EAEko gobernuak azken hilabete hauetan: ereduen politikaren jokoa asmatu eta berau mantendu edo ez erabakitzeko tranpa egin.
Guztiok dakigu A eta B ereduek ez dutela ikasleen gehiengoa euskalduntzen. Gaur egun D ereduak baino ez du lortzen kasu gehienetan euskalduntzea eta, horregatik, herritarren gehiengoak D eredua hautatu du matrikulazioa egiterako garaian. Gutxiengo absoluto bat da A eredua nahiago duena, hain gutxi ezen datuak puzten saiatu diren arren lotsagarri geratzea baino ez duten lortu.
Baina Celaák zuzentzen duen Sailak nahiago du A eta B eredua bultzatzea eta, horretarako azterketa faltsu bat egin dute: gaztelerazko azterketa oso zailak eta euskarazko oso errazak jarri dituzte, B ereduan euskara eta gazteleraren ezagutza maila antzeko izan daitezen. Honela B ereduak “benetan” euskalduntzen duela sinistarazi nahi digute. Gainera euskarazko azterketa ikas-ereduaren arabera banatu duten bitartean (A B baino txarrago eta B D ereduaren antzera) gaztelerazkoa ez dute banatu. Badakite D zein A ereduan emaitza antzekoak direla (selektibitatean ikusten den bezala) eta ez dute argiki adierazi nahi. Tranpa da, tranpa eurek asmatu eta garatutako joko glotozidan. Eta badakite. Zorionez gurasoen gehiengoak nahiago izan du D eredua euren joko zikina baino, jendeak badakielako euskalduntzeko era bakarra euskaraz ikastea dela.
