rssgaur8 logotipoa

Martxoan

Joan zen artikuluan orain astebete Donostian izan zen “Hezkuntza Deialdia”ri buruz hitz egiten nuen. Ondo joan zela uste dut, interesgarria bertan egondako parte-hartzea eta are interesgarriago martxoaren 13an deitu den mobilizazio nazionala. Hezkuntzan gauzak mugitzen ari dira, eta badirudi hezkuntza sistema propio bat izatearen alde gaudenok ere pausoak eman ditugula.

Eta hezkuntzan gauzak mugitzen ari direla diot Donostiako bileraren hurrengo egunean PPk antzekoa egiten zuelako Toledon. PPk Hezkuntza Hitzarmen bat lortzeko minimoak zeintzuk diren definitu zituen eta erraz jarri dio Hitzarmena Cuatroko kazetariaren anaia ministroari.

PPk argi du zer den egin behar dena hezkuntza estatu interesen arabera gehiago lotzeko: Nafarroan Azanza-Catalánek egiten dutena indartu, EAEn Isabel Celaák egiten duen moduan. Eta gozoki hori erraz sal dakioke Gabilondori. PSOEk ez du nahi gatazka egotea hezkuntzan eta PPk hori eskaintzen dio: Educación para la Ciudadanían duten jarrera lasaitu eta trukean “España, una, grande y libre” egonkortu hizkuntza eta curriculumean. Sanzek nahi duen bezala eta, beraz, Xabier Azanzari gustatzen zaion bezala (berak dioenaren arabera). Hizkuntza ereduak egonkortzea, euskalduntzen ez duten ereduak indartzea eta curriculum komuna indartzea.

PPk martxoan jarri du muga akordioa lortzeko. PSOEk ere epe bera jarri du hitzarmena lortzeko. Martxoa da euskaldunok dugun muga hezkuntza mugimendu sendo bat eratze bidean jartzeko. Orain zurea ere bada ardura: Rajoyren eredua edo euskaldunon erabakitako hezkuntza eredua. Toledoko proposamena edo Hezkuntza Deialdia.

Deialdi bat duzu!

Bai, zuk! Deialdi bat duzu hezkuntzaren egoeraz kezka baldin baduzu. Deialdi bat duzu gaur zortzi, Celaá/Ares, Catalán/Azanza edo Maitia/Brissonek egin dituzten politiken aurka baldin bazaude. Euskal Herriak Bere Eskolak (EHBE) luzatu du deia eta izen ponpoxoa jarri: Hezkuntza Deialdia. Helburua ez da beste manifestu bat kaleratzea edo batzar bat gehiago egitea. Helburua hezkuntza propio baten alde edo euskara eta euskal curriculumaren alde gaudenak bildu eta elkarlanean mobilizazio dinamika bat adostea izango da.

Eta arrazoiak ez dira falta, ez. Hastera ematen dizkigute arrazoi berriak. Ikasturte hasieran baziren arrazoiak, orain arteko egoera larria zelako: TIL eredua Nafarroan; Euskal Curriculumaren ordez Espainia eta Frantzia ikastea; Ipar Euskal Herrian euskarari egiten zaion mespretxua; unibertsitateetan Bologna bezalako prozesu neoliberalak; eskola txikien itxiera eta haurren deserrotzea; finantziazio eskasa… baina ikasturte honetan arrazoi gehigarriak eman dizkigute: TIL ereduarekin D eredua desagerrarazteko aukera; Euskal Herria terminoa Nafarroa eta EAEn zentsuratzeko mehatxua; euskararen ofizialtasunaren mespretxua Euskararen Erakunde Publikoaren aldetik; zonifikazioarekin jarraitzea Nafarroan; EAEko Curriculumaren dekretu berria… eta abar luze, luzeegi bat.

Honi guztiari buelta emateko aukera paregabea dago hurrengo larunbatean. Hurrengo hilabeteotan hezkuntzako indar soberanistak batu eta mobilizatzeko erronka dugu. Eta indar horiek Hezkuntza Sistema Nazionalaren eraikuntzan jartzeko aukera baliatu behar dugu. Guztiok batera ekiten badugu, lortuko dugu.