Gabonetan denok nahi dugu gure hurkoarentzat hoberena. Eta horregatik artikulu hau Celaári ahalik eta azkarren osatzea opatzen hasiko dut. Izan ere aldakak osatzen zailak dira eta Hezkuntza Sistema Nazionala eraiki nahi dugunok norbait behar dugu geure kexak helarazteko.
Egia esan hurkoarekin gogoratzen gara baina, batez ere, gure lagun eta senideekin akordatzen gara. Batzuetan hala ere Gabonetako opari eder bat aukeratzen pasatzen gara. Hori gertatu zaio Isabel Celaári oraingoan ere. Bere alabari lanpostu bat oparitu nahi zion gabonetarako, baina badirudi ez zaiola guztiz ondo atera eta Olentzerok guztioi esan digula zein izan den Isabelen eskaria.
Unibertsitatean 300 irakasleren lanpostuak egonkortu nahi dituzte. Irakasle guzti hauen lanpostua ez da finkoa eta, horregatik, sindikatuek akordio proposamen bat aurkeztu zieten aurrekoan UPVri eta Hezkuntza Sailari. Akordioa ia erabatekoa zen, behintzat unibertsitatea eta sindikatuak ados zeuden (aspaldiko partez). Baina, et, et, et, sorpresa! Celaák ezezkoa eman zuen eta beste 30 irakasle gehitu behar zirela esan. Hasieran badirudi ideia ona dela: 300 irakasle kontratatu beharrean 330. Baina Isabelek beste plan bat zuen eta 30 horien artean bere alaba zegoen zerrendatuta. Xantaia argia: edo nire alabak kontratu finkoa du, edo ez dago akordio sindikalik.
Gabonetarako entxufe bat oparitu nahi zion Sailburuak. Eta Olentzerok aldaka hautsi bat ekarri dio azkenean. Horrelakoa da Olentzero: ondo portatu denak baino ez ditu opari onak jasotzen. Besteei ikatza baino, erorketa arriskutsuak oparitzen dizkie gaur egun.
Bai, hala da. Kezkatuta nago, eta uste dut arrazoi nahiko ditudala egoteko. Ez dakit errua krisiarena den, jendea lasaiegi dagoela, jendarte eredua aldatu dela… edo zer den, baina beste zerbait espero nuen. Izan ere ikasturte honetan hiru adierazpen larri entzun ditugu hiru administrazio ezberdinetatik eta egondako erantzunak txikiak izan dira.
Hasteko, Perez-Nievasek, gero Catalánek, eta bien artean euren ikasle ona den Azanzak euskararen aurkako erasoak errepikatu dituzte. Euskal Herria terminoa duten testu liburuak erabiltzen dituzten ikastetxeei isunak jarriko dietela esan zuten. Gero testu liburu horiek ere ez-ofizialtzat joko zituztela. Eta hau gutxi balitz ez dute inongo intentziorik zonifikazioarekin amaitzeko.
Brisson ere, etorri da Deiadar Mobilizazioari erantzunez: euskarak ez du ofizialtasuna behar, hizkuntza ofizial bakarra frantsesa delako. Eta gero hau euskararen aldeko erakunde batean jartzen dute.
Azkena Celaá andere handia izan da. Euskara konfrontazio hizkuntza dela. Euskaraz heztea dotrinatzea dela. Testu liburuetan Euskal Herriak ez duela lekurik. Ikastolei dirutza bat murriztuko diela. Espainia gehiago ikasi behar dela.
Eta zein izan da Euskal Herriko hezkuntza mugimenduaren erantzuna? Txikia. Zerbait egon da, baina oso murritza. Esan didate gauza hauek denbora behar dutela, zerbait mugitzen dabilela, batez ere EHBEren aldetik. Baina bitartean denborak aurrera doa eta ez da erantzunik ikusten. Kezkatuta nagoela esan dut hasieran. Bada, kezkatuta baino gehiago, lotsatuta nago. Espero dut egoerak behar duen erantzuna izatea ikasturte honetan.
Atzo hitzaldia egin nuen. Nahi duenak hemen eskuratu dezake: http://www.slideshare.net/Theklan/bologna-prozesua/download.
Hori bai, ondo ikusteko bi letra-tipo izan behar dituzu ordenagailuan: Tiza eta Sketch Rockwell.