34 gazte eraman dituzte. 34 ikasle, 34 lagun, 34 seme-alaba, lehengusu eta maitale. 34 langile, 34 militante. Eta momentu horietan, Matrixeko filmetan gertatzen den bezala, denbora gelditzen da, bihotzak salto bat ematen du eta, izen-zerrenda amaigabearen atzetik ezinegonak asaldatzen nau.
Hori da euren nahia, noski. Jendearen etsipena, ardi beltzik gabeko artalde otzana lortzea. GALek Josu Muguruza hil zuenean Presidentziaren Ministro zenak bere gezur ofizial bat esango du ondoren. Eta horrekin pozik, badakielako NODOaren antza duen EiTBk dena errepikatuko duela, hitzez-hitz. Baita hanka-sartzeak ere. Africa Baeta ikusten dut ondoren, lotsagabea. Eta agian delitu diren pentsamendu batzuk etortzen zaizkit burura. Gero balorazioak irakurtzen ditut. Baita Segiren komunikatua ere. Manifestaziorako deialdia dator, geroago.
Urteak baditut, eta jada ez ditut atxilotutako gehienak ezagutzen. Baina badira batzuk, ikasle militantzian ezagututakoak, lagun baten mutil-laguna eta aspaldiko juergakideren bat. Baina guztiak jada barnean sentitzen dituzu. Eta inkisidore anker horiek zer nahi ote duten galdetzen diot neure buruari.
Gaur, manifestaldi jendetsua izango dela espero dut. Milaka ahotsek berriro ere (zenbatetan beharko?) “aski da!” esango dugula. Konponbidearen bilaketan jarraituko dugun milaka herritar, adin guztietako gaztez osatutako tsunamia. Etorkizunera begiratzeko garaian gaudela diote batzuek. Nik ere hala dela uste dut. Probokazioekin jarraituko dute. Kartzelak betetzen jarraituko dituzte. Eta gero… gero irabaziko dugu! Animo gazteok! (Eta ongi-etorri, Frade!)
Aurrekoan Parisen ikasten dagoen lagun bat etorri zen bisitan. Pote eta pote artean artikulu hau idazteko ideia bat eman zidan, eta egia esan nahiko kuriosoa iruditu zitzaidan. Artikuluaren izena “Bolognaren Paradoxa” izendatzea ere esan zidala uste dut… baina beno, hori agian nire burmuinak sortu zuen.
Kontua da ikasle mugimenduak askotan salatu duela Bologna Prozesuarekin sortu den “Full-Time” ikasle eredua. Ikasleak 8 orduko lan-jardunaldia du gutxienez eredu honetan eta, horregatik, ez da tarterik uzten beste gauza batzuk egiteko, adibidez. militatzeko. Aurrekoan Leioan ikasten dagoen batek ere esan zidan goizean goiz igotzen dela campusera bilerak klaseak hasi aurretik egin ahal izateko. Egunean zehar ez omen dago tarte handirik.
Baina enpresariak konturatu dira euren langileek ez dutela “enpresarekiko maitasuna”, eta asko kostatzen zaiela konpromisoa edo elkarlana bezalako kontzeptuak ulertzea. Horregatik orain ikasleak militatzera derrigortu nahi dituzte. Eta hitzaldiak ematen dizkiete, nolabaiteko aurremilitantzia mahaietan egiten diren bezalakoak: konpromisoa, elkarlana, lanen banaketa, besteekiko konfidantza. Eta talde batean militatzearren kredituak ematen dituzte orain… derrigorrezkoak.
Enpresek zuzendutako mundu honetan alderdi politikoen lekua Adidas edo Volkswagenek hartu dute. Orain enpresek dute garrantzia, gure marka, gure taldea. Enpresa gurea dela saldu nahi digute, nahiz eta kapitalak esku berdinetan jarraitu. Hori da Bolognaren Paradoxa: ikasle militantzia ukatzen du lehenengo eta gero euren parametroen arabera erregulatzen du.
Bihar, larunbata, Ikasle Eguna ‘09 ospatuko da Arrasaten. Ikasle ez direnek ere ateak irekita dituzten arren ikasle mugimenduaren egun handitzat hartu behar dugu. Egun horretan ikasturteko egitasmo nagusiak azaldu eta azken urteotan bildu eta erabakiak hartzeko determinazioa erakusten du Ikasle Abertzaleakek.
Aurten Arrasaten marra gorriak margotuko dituztela zin egin dute. Eta horrelako egitarauarekin ez da zaila izango. Goizean topaketak, ondoren herri bazkaria. Arratsaldean kalejira eta ikasle taldeen musika maratoia. Manifestaldia eta ekitaldiaren ostean kontzertu bikaina: KOP, Esne Beltza, Des-Kontrol, Zea Mays eta Beste Batekin erromeria. Eta hau gutxi balitz Radio Afu eta Aritz Sound Systemekin dantzaldia karpa txikian.
Bertan ikusiko dugu elkar!