rssgaur8 logotipoa

Rubalcaba Buesaren aurka

Aste honetan Rubalcabak deklarazio bereziak egin ditu EAEko hezkuntza markoaren inguruan. Azken aldian tematuta daude “Educación para la Paz” izeneko inposaketarekin. Honetan euskal gatazka “onen eta txarren” ipuin batean kokatuko dute eta, horretako, alde bateko biktimek eskoletan hitzaldiak eman ditzaten nahi dute. Baina giroa berotzeko lehenago hainbat adierazpen behar dituzte, noski. Ezin dute horrela, bat-batean, inposaketa burutu. Batzuk normalak dira, adibidez Celáa, edo Pagazaurtundua gaiari tiraka agertzea. Baina badira beste batzuk girotzeko direla, Lamarka edo Rubalcabarenak, adibidez. Metodoa honakoa da: Celáa eta hainbat biktimek proposamena egin dute; ondoren Lamarkak testu bat aurkeztu du gazte gehiegik “biolentzia” onartzen dutela esanez; eta azkenik Rubalcaba etorri da gurera esatera “Zerbait gaizki dagoela EAEko hezkuntza sisteman gazte askok biolentzia legitimatzen badute”. Metodo horrekin berehala poliziak eskoletan ikusiko ditugu, bakezaleek bakeaz bakean hitz egin dezaten, ikusiko!Baina Rubalcabari gauzatxo bat ahazten zaio: gaur egungo “Hezkuntza Sistema” Buesak sortu zuen, EAEko Hezkuntza Sailburua zelarik. Hau da, eskolak “biolentoak” sortzen baditu eurek eginiko sistema dela eta izango da. Baina haruntzago joango naiz: 1993an Buesak “Euskal Eskola Publikoaren Legea” egin zuenean Espainiako Hezkuntza Ministerioa Rubalcabaren eskuetan zegoen. Hau da, momentu honetan EAEn dagoen hezkuntzak “biolentoak” sortzen baditu errua Buesa eta Rubalcabarena izango da, eta ez beste inorena, legeri markoa bera eurek moldatu zutelako… ezta?

Nostalgia

Aurrekoan ordenagailu aurrean lanean nenbilen eta atzetik etxean Antena 3 jarrita zegoen. Ez galdetu zergatik, neuk ere ez dakit. Momentu batean kasu egin nion telebistari eta Reality Show horietako bat zegoen, Gran Hermanoren antzekoa, baina barnetegi-eskola batean oinarrituta. Bertan hainbat ikaslek 1963ko ikasturteko hezkuntza eredua pairatzen zuten, diziplina, tratu txarrak, irainak eta pedagogia atzerakoia barne. Afaltzera joan nintzen eta ez nion berriro kasurik egin.
Baina telebista zegoen lekura bueltatuta eskolan erasoak jasotzen dituzten irakasleen eta ikasleen inguruan. Argi zegoen erakutsi nahi zutena: egoera horri aurre egiteko modu bakarra 1963ko hezkuntza eredura itzultzea da.

Badirudi gaur egungo egoeraren erantzulea eskola bera dela. Irakasleek ezin dituztenez ikasleak kolpatu jendartea biolentoa da. Ekuazio sinplea, sinpleegia. Pentsatu al dute mezu hori ematen duten sentsazionalistek (edo again arduragabeek) eurek ere errua badutela? Pentsatu al dute zein den ematen den publizitate eredua? Eta pentsatu al dute futbola eta kotxe lasterketek lekua hartu diotela kulturari? Eta pentsatu al dute zein den ematen duten eredua, non intelektualak alde batera uzten diren eta erreferentzia moralak Belen Esteban edo Dinio diren? Eta ez al dute pentsatu hezkuntza sistemak duen arazo handiagoa dela irakasten diren balore batzuk? Ez dakit zenbat denbora gehiago pasa dudan ikasten kapitalismoaren onurak zeintzuk diren beste ereduenak baino.

Nostalgikoak horrelakoak dira. Eurentzat eredu autoritarioak dira hoberenak.  Bitartean abestiekin ikasi: Gerona, Tarragona, Lérida…

George ez deitzearren 980.000€

Twitterreko erabiltzailea naiz, eta Mozilla Firefox erabiltzen dudanez lehen Twitterfox izena eta orain Echofon deitzen den estentsioa instalatuta dut. Horrela jarraitzen ditudanen mezuak automatikoki jasotzen ditut. Jarraitzen dudan horien artean (eta barkatu konpetentziaz ari banaiz) Berria egunkaria da. Hara non datorren Berria eguerdian eta esaten duen Barack Hussein Obamari eman diotela Bakearen Nobel Saria. Hasieran, eta benetan diot, broma bat zela uste nuen. Norbaitek nahi gabe hori argitaratu duela Berrian, ez dakit, errore bat; izenaren zain zeudela eta nahi gabe froga orri bat argitaratu dutela pentsatu dut momentu batean. Baina ez, Gararen webguneak ere txiste berdina zekarren, baita Meneamek, El Paisek, Libertad Digitalek… denek. Broma bat izateko landuegia (nahiz eta badiren batzuk noizbehinka sartzen direnak).

Eta zergatik eman diote Barack Obamari horren sari garrantzitsua? Zergatik eman 980.000€ko sari hau? Ba erreza da, George ez delako deitzen. Bere aurrekoa bai, George Walker deitzen zen, eta horregatik ez zioten eman. Baina berez gauza berdinak egin dituzte orain arte: afganoak eta irakiarrak hil; Guantanamoko gartzela mantendu; Ertamerikan estatu kolpeak bultzatu; Kubari blokeoa mantendu…

Boligorriak bere Twitterrean esaten duen bezala Obamarentzat beste sari batzuk ere egon daitezke: Iparragirre Saria, Urrezko Maskorra, Kritika Saria… total, ez da George deitzen.

Garrantzia

Badira gaiak egunero prentsan agertzen direnak, eta horrela lortzen dute garrantzi berezia izatea. Adibidez: krisi ekonomikoa, Athleticen partiden emaitzak, A Gripearen ondorioak… Badira beste batzuk, ordea, ez dutenak garrantzi berdina izaten, nolabait ez zaizkigu hain garrantzitsu iruditzen.

Gai horietako bat gure seme-alabek (nireak ez, ez ditudalako, baina ulertzen delakoan nago) zer ikasten duten da. Nafarroa Garaian Euskal Herria terminoa kendu nahi dute ikastetxeetatik eta horretarako argitaletxeen zerrenda beltza ere osatu dute. Eurek garrantzia ematen diote gaiari, badakitelako hezigunetan ikasten dela etorkizunean izan/jakin/egin behar duguna. Eta zenbat dira horren inguruan kexa agertu duten gurasoak? Tamalez gutxi.

Berdina egin dute orain Zonalde Mixtoaren hedapen txikiarekin. Eurek garrantzia eman diote, hainbesterako izan da ezen Gobernu aldaketa bat ere suertatu den aitzakitzat abstentzio bat hartuta. Eta benetako arrazoiak horiek ez badira ere orain Perez-Nievasen ordez Alberto Catalán alderdiko pisua jarri dute. Eurek garrantzia eman diote, bada.

Aurrekoan liburu baimenduetako bat ikusi nuen. Espainiako mapa eta gertakari ugariren tartean baziren hainbat Euskal Herriko mapa. Lopezen logika absurdoa jarraiki liburu horietan Zuberoaren mugak ondo zehazten ziren, biata Eskiula exklabe moduan agertarazi… baina Trebiñu txurian agertzen zen. Ilogikoa? Ez, eurek garrantzia ematen diotelako baino ez da.

Askok, bitartean, eskoletan txertoak nola banatuko diren eztabaidatzen dute. Eurek garrantzia ematen diote, eman diezaiogun geuk ere.