Bizkaiko Zubia, antza euskaldunok harro gorde beharreko Gizateriaren Ondarea, UNESCOren banderak dituen monumentua. Eta sasetaurrenak bere blogan kontatzen digun bezala euskaldunontzat garestiago ateratzen den bisitaldia: ikastola bati 75€ gehiago kobratu nahi izan dizkiote doan talde bakoitzari bisitaldia euskaraz egitearren.
Herri galdeketa egin da joan zen asteburuan Arenys de Munten. Bertan Europar Konstituzioaren erreferendumean baino jende gehiagok parte hartu zuen eta gehiengo ia osoak esan zuen baietz. Zalaparta handia sortu zen honen harira eta oraindik ez dute herri galdeketaren emaitza ondo onartu espainiar kazetariek.
Urriaren 4an beste herri galdeketa bat dago Euskal Herrian: Altsasuko herriak jaien egutegia aldatu edo ez erabaki behar du, aurtengo gatazkaren ostean. Ez dakit zein aukerak irabaziko duen eta hurrengo artikulua galdeketaren aurreko egunean agertuko denez prentsan nahiago izan dut honetan nire bozka zein izango den argitzea: Aldaketa.
Arrazoi asko daude aldaketarako, adibidez ez dagoela inongo gertakari historikorik edo patroirik irailaren 14a jaia izan behar duela adierazten duenik. Beste herri batzuek ere Santakrutzak ospatzen dituzte eta asteburutan egiten dute (batzuek bi asteburu hartuta, besteak beste). Tabernariek dirua irabazten dute, bai, baina aldi berean beste 15-20 bat lan sortuko dira herrian, gehienak gazteak, asteburuan bada.
Baina nik beste argudio bat defendatu nahi dut: jaietan ateratzen den jende gehiena gaztea izaten da. Eta gazte askok Unibertsitatean edo Lanbide Heziketan ikasten dute. Hauentzat jaiak igandetik ostegunera izatea (aurten hala litzateke berez) jairik ez egitearen sinonimo litzateke. Unibertsitatean Bologna dela eta lehenago hasiko da ikasturtea, eta altsasuar askok kanpoan ikasten dute, adibidez Batxilergo Artistikoa. Altsasu guztiak ez duelako Sunsundegin lan egiten… nire bozka aldaketaren alde izango da urriaren 4an!
Egun hauetan zalaparta handia sortu dute komunikabideek “A gripea” dela eta ikastetxeek denek batera irekiko ote duten eztabaidatzerakoan. Gripe honekin sortu duten ikara sekulakoa da, jendeak horren inguruan hitz egiten du kalean, farmazietan eta komunikabideetan. Izua, “shockaren dotrina”, kezka berriak… hori da egin nahi dutena. Aurrez jakin dezatela: nik ez dut txertorik hartuko eta ahalik eta esfortzurik handiena egingo dut inork har ez dezan.
Eta eztabaida hori garatzen zen bitartean irakasleek txertoa jasotzea eskatzen omen zuten, taxistekin batera. Eskolan guztiek batera ez hastea erabakitzen zuten Nafarroan… eta Celaá andereak ikasturtearen hasiera eskolako lehen egunean egin beharrean irakasleak lanera bueltatzen ziren egunean egitea erabaki zuen.
Celáak bi erabaki oso garrantzitsu hartu zituen eszenifikaizoa egiteko. Lehena lekua izan zen: Ezkerraldeako B ereduko ikastetxe bat, hau eredu gisa jarriz. Kontseilariak badaki, ordea, B ereduak ez duela euskalduntzen (euren datuen arabera 3tik bakarra euskaldutzen du) eta are eta gutxiago Barakaldon. B eredua zerbaiten adibide bada egin behar ez denarena da. Jakin beharko luke legea betetzen ez duten ereduak publikoki bultzatzea ez dela oso ideia ona.
Bigarren erabakia lausoagoa zen. Komunikabideek ezin zuten grabatu eskolako haurren negarrak, ez zegoelako haurrik. Horren ordez ikasgela batetik emititzea izan zen ideia eta zuzenean Gaur Egun eta Teleberrian sartzea. Eta ikasgela huts horretako dekorazio bakarra Espainiako mapa handi bat izan zen. A gripea, B eredua, Curriculum arrotzak, Celaáren ABCa.