Patxi Lopezek aspaldi esan zuen ikastetxeetan jarriko zituzten ordenagailu berrietan software librearen aldeko apustua egin zuela. Ze Patxi ez zen kezkatzen identitateaz. Patxiren kezka herritarren “benetako arazoak” dira. Baina software askea jarriko zuela esatea eta gero egitea gauza ezberdinak dira.
Twitterren jaso dut mezua, ia aldi berean, ishikawa_, birasuegi eta euskaljakintzaren mezuekin aurrekoan egin zuen 100 eguneko elkarrizketa berezian bota zituen hainbat gezurren inguruko bloga aipatuz. Gazteleraz bada ere nik baino hobeto azalduko du berak, beraz hemen doa lotura, pare bat bideo interesgarrirekin: http://softwarelibre.deusto.es/patxi-lopez-me-defrauda/
Oporretan nago eta nabaritzen da, bai. Idazten nagoen teklatua ezberdina izateaz gain (espero dut akatsik ez idaztea horregatik) Euskal Herriko errealitateaz nahiko aparte bizitzeko aukera ere izaten da horrelakoetan. Etxekoekin dagoen kontaktu eskasekin ez gara hasiko gertakarien inguruan hitz egiten eta pozik gaude ondo gaudela esatearekin.
Horregatik artikulu hau Istrian (Kroazia) ikusitako kartel elebidunen inguruan hitz egiteko erabili nahi nuen. Baina ez dut hala egingo, iritsitako berri horietako bat baita Gaztesarearen aurka egin dutela. Badirudi estatuaren gerrak ez duela etenik eta oraintxe, hau idazterakoan, GARAko edizio jarraitua irakurtzen egon naiz, ideia hori konfirmatuz.
Gaztesarearen aurka oldartu dira, udaren inpunitatearekin, noski. Ez dakit handik bisitatu daitekeen, hemendik bai, gutxienez. Baina eraso horrekin ez dute gehiegi lortuko: interneten ateak asko dira. Gaztesarea itxi dezakete, noski, baina zabalduko ditugu gazte informazio gune gehiago, sexualitateaz libreki eztabaidatzeko lekuak, hezkuntzan sortzen diren berriak ezagutzeko guneak, musika libre eta berria ezagutzeko beste guneren bat… eta beharrezkoa bada sare bakoitzak ehunka sare txiki sortuko ditu… Gaztetxe bakoitzak, gazte zein ikasle talde bakoitzak, musika eta kultur talde bakoitzak, herri mugimendu bakoitzak saretzea du, internetek ez baititu estatuek jarritako mugak modu berdinean ezagutzen.
Beraz horra dei bat, urrunetik eginikoa, jakin gabe bestelakorik ere egin ote diren: saretu zaitez, irakurle hori! Herri honetan oporrak, jaiak, martxa… eta borroka egiten dakigulako!
Jaten dugunetik ikasten dugula ez du inork dudatan jartzen. Eta jaten dugunak osasunaz gain pentsatzeko moduan eragiten duela ere nahiko gauza argia da. Horregatik bereziki kezkagarria egiten zaizkit administrazio publikoek jantokien kontuarekin hartutako erabakiak.
Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko gehienetan Auzolagun izeneko enpresa bat kontratatu dute. Badira erabakiari aurre egin dieten ikastetxeak, baina orokorrean gutxi batzuk kezkatu dira erabaki horrek dituen ondorio pedagogikoen inguruan: janaria kanpotik ekartzen da, ez da bultzatzen herriko produktuen merkatua eta sukaldariaren figura (askorentzat hezigarria izan dena) desagertarazten dute. Cateringa, zerbitzuen esternalizazioa eta janaria “hornonbaitetik” datorrenaren sentsazioa baino ez dute irakasten.
Ni egunero nihoan eskolatik etxera bazkaltzera. Ez zen erabaki formal bat bakarrik, eskolan ez baitzegoen jantokirik. Beraz ezin dut jakin zein den sukaldari horiek, askotan bigarren ama gisa har zitezkeenak, nire generazioari eman dizkioten baloreak zeintzuk diren. Baina badakit jaten duguna ikasgai bat dela: nork sortu ditu produktuak? Egokiak al dira produktu horiek? Zenbat elikatzen dute? Nora doaz kontsumitzen ez ditugun baserritarren produktuak? Zein kalte eta onura ditu janari izoztuak?
Auzolagun aukeratu izanak ondorio pedagogiko larriak dituela uste dut, dituen osasun ondorioez gain. Eta ez da bakarrik gurasoen elkarteen gai bat honi aurre egitea: herri mugimenduek, baserritarrek, nutrizionistek, iraksaleek… euren iritzia plazaratu beharko dute. Subirautza behar dugu, bai. Baita elikagaietan ere.