rssgaur8 logotipoa

Goirizelaiarentzat, biktimak eta biktimak

Atzo entzun nuen irratian UPVko errektorea atentatuan hildako Eduardo Puellesen aldeko kontzentrazioan parte hartu zuela. Eta sekulako hitzak izan zituen gero polizia sekretu honen omenez. Ez da gutxiagorako, unibertsitate batek hildako baten alde horrelakoak egin ditzakeelako, noski.

Baina badirudi UPVrentzat eta Iñaki Goirizelaiarentzat biktima batzuk beste batzuk baino biktimagoak direla. Egun berdinean Trapagarango 54 urteko D.J.R. AFUTRANS enpresan hil zen, lan istripuan ere, Eduardo Puelles bezala. Errektoreak ez zuen kontzentraziorik deitu ezta hitz handirik bota enpresa-buruen aurka. Pentsa daiteke agian hildako hori zoriz izan zenez ez zutela kontzentraziorik deitu.

Jon Anzaren non ote dagoen galdetzeko ere ez dute kontzentraziorik deitu, antza ez dutelako ezer galdetu behar. Antza Jon Anza ez da lehen mailako biktima bat eta ez da beharrezkoa zer gertatu den jakitea.

Beno, orain agian beste aukera bat dute biktima guztiak berdinak direla demostratzeko. Atzo esan zuenez “inork ezin du erabaki beste bat noiz hil” ezergatik ere. Atzo Mari Puy Perezez gorpua aurkitu zuten. José María Morentín deitzen da bere hiltzailea. Gaur arratsaldean deituko al duzu kontzentrazio bat, Goiri? Lotsagabea!

¿La paz? Que te folle un pez

Asko dugu ikasteko Monty Phyton talde bikainaz, eta asko du ikasteko Isabel Celaák ere. Ikaragarria da Brianen Bizitza filman erromatarrek zer eman ote dieten eztabaidatzen duteneko eskena hori. Eta asko dugu ikasteko bukaeran baten esaten duelako (eta barkatu, baina gazteleraz ikusi dut):

-Bueno, pero aparte del alcantarillado, la sanidad, la enseñanza, el vino, el orden público, la irrigación, las carreteras y los baños públicos, ¿qué han hecho los romanos por nosotros?
-Nos han dado la paz
-¿La paz? ¡Que te folle un pez!

Ba hori, agian Espainiak eta Frantziak gauza asko eman dizkigutela, baina bakea inondik ere ez. Eta hori da orain Isabel Celaá, hezkuntza sailburu berriak, “terrorismoaren biktimak” eskoletara eraman nahi dituela dionean egin nahi omen duena: bakea hizpide izan dezatela. Hau da, bakea ekarri ez duten guardia zibil, torturatzaile edo faxistek ere ikastaroak emango dituzte bakearen inguruan. Onak eta txarrak zeintzuk diren irakatsi nahi dute oraingoan. Preso baten seme-alabei (edo bestelako ahaideren bati) esango diote bere aita/ama/anaia gaiztoa dela eta aldiz bere moral espainairra gorena dela. Berdin dio Meliton Manzanas edo Carrero Blancoz hitz egiten bagaude ere. Lotsagabeak! (Beste irainik ez dudalako hemen botako!)

Hala ere, esperientzia gisa nik uste interesgarria dela. Hedatzekoa. Eramango nituzke ere preso politikoen senideak, eurek pairatzen duten egoera azaltzera. Eramango nuke gazte errepresaliaturen bat, adibidez Iruñeko zerrenda beltzekoak, gazte antolakuntzaren onuren inguruan hitz egitera. Eramango nituzke eskoletara ERE bat jasan duten langileak, kapitalismoaren aurka jardutera. Eta eramango nituzke euren bikotekideen biktimak diren emakumeak matxismo eta patriarkatuaren inguruan hitz egitera. Eramango nuke euren hezkuntza sistemaren biktimaren bat, eskola horrek suposatzen duena esatera. Eta klasean utziko nuke sartzen Soziedad Alkoholika edo Negu Gorriak, zentsuraren inguruan hitz egitera. Euskal Jaikoak gonbidatuko nituzke okupazioaren kriminalizazioak hitz egitera. Esango nieke ere Ibilaldiko karga jasan zutenei ikastolaz ikastola joan zitezen ertzaintzaren jarrera zein den argi eta garbi uztera. Inmigranteak eramango nituzke ilegaltzat duen estatu sala dezaten. Eta haurdun geratu den gazte bat, elizaren aurka egiteko. Eta horrela curriculuma biolentzia guztien biktimek egingo dute.

Bakeaz ari dira… joan daitezlea popatik hartzera (eta gainera ez dezatela gozatu).

Islero Internacionalista

Islero zuen izena Manoleteren bizitzarekin bukatu zuen zezenak. Iniciativa Internacionalista du izena Rubalcabak toreatu nahi izan duen hautagaitzak. Biek ala biek paralelismo ugari dituzte, noski. Hasteko Iniciativa Internacionalista lasai atera zen plazara, zer gertatuko ote zen ez zekiela. Han zegoen ordea “torero, torero!” oihuak entzuten Barne Ministroa.

Baina Solaresko toreroak argi zuen zerbait egin behar zuela, ezin zuela zezena adarretatik eutsi eta han ekin zion alde batera eta bestera. Lehenengo espioitza politikoa. Gero prentsaren bitartez kriminalizazioa. Eta azkenean, txikuelina bat eginez, Epaitegi Gorena erabilita bi banderilla jartzea lortu zuen. Baina zezena oraindik zutik, eta plazan geroz eta jende gehiago zer gertatuko ote zen ikusten. Atzerritik ere etorri ziren ikuskatzaileak, zezenketa haren aurka egitera. Eta toreroa urduri, zezena altxatu eta bizirik zegoela ikusi zuelako. Han saiatu zen berriro, konstituzionalarekin beste kapea bat antolatzen, baina ez zuen lortu, noski.

Orain Manoletek beste banderilla batzuk sartu dizkio zezenari. Eta berdin dio PACMAri bozkak ematea ere zezena hiltzeko bada. Baina zezena ez da horrela hilko, ez. Milaka eta milaka pertsona daude jada zezenari bultzaka, Rubalcabari adarra sar diezazion esaten.

Manolete ez da izan zezenek hildako torero bakarra. Avispadok Franciscorekin bukatu zuen Pozoblancon. Bailaorrek Joselitorekin justizia egin zuen Talaveran. Eta historiak esango du Pepe Rubalcabaren amaiera politikoa Islero berri honek eragingo ote duen. Hala bazan, edo ez bazan, sar dadila kalabazan eta ager dadila “posik” Amezketako plazan.

II bozkatzeko beste arrazoi bat

Iniciativa Internacionalistaren alde bozkatzeko arrazoi asko daude, eta bakoitzak bereak izango ditu. Nik badut beste bat eta, normalki idazten ditudan artikuluak irakurtzeko ohitura baduzu jakingo duzu hezkuntzarekin lotuta egongo dela. Eta asko pentsatu gabe ere Bologna prozesuarekin lotuta dagoela ere ziur asmatu duzula.

Bologna Prozesua da Europatik hezkuntzako kideei gehien eragingo dien gaia, zinez diot. Ez da aldaketa txiki bat, aldaketa estruktural bat da, kapitalaren europaren aldeko beste aldaketa bat. Europako enpresariek gastuak esternalizatu nahi dituzte eta horregatik egiten dute (aste honetan Radio Euskadin Mondragon Unibertsitatekoek argi esan duten bezala). Eta Bologna Prozesuari aurre egiten dieten alderdien artean II da parlamentari bat ateratzeko aukera gehien dituena.

Aralar agian kontra dago (agian diot benetan eurek ere ez dakitelako) baina Bolognaren aplikatzaile diren ERC eta BNGrekin doaz zerrendan. Ezker Batuak ere batzuetan kontra dagoela esan du, baina Kataluniako euren filiala izan da ikasleak kolpatzearen arduraduna. Beste alderdi batzuek ere adierazi dute Bologna gelditzeko nahia, adibidez Izquierda Anticapitalista edo PCPE, baina ez dute Euskal Herriarekiko IIk erakutsi duten jarrera. Baina horiei bozkatzea zuen aukera da, noski!

Bologna Prozesua gelditu beharra dago, eta hori instituzioetatik ere adierazi behar da. Langile guztiok, ikasle guztiok, langabetu guztiok bestelako hezkuntza eta unibertsitate baten alde egin behar dugu, eta hori da Iniciativa Internacionalistak proposatzen duena. Nik neure bozka argi daukat!