rssgaur8 logotipoa

Niñotas Hembrita

Niñotas Hembrita bertsolari bikaina da, nahiko ezaguna gainera azken aldi honetan. Beno, hori irakurri ahal izan genuen gutxienez aurreko batean Deian (http://www.twitpic.com/4z46n), baita Niké Amonarais eta Ilaski Serranok aurkeztutako saio batean parte hartuko zuela ere. Niñotas Hembrita hau Onintza Enbeita da. Baina nola liteke? Beno, ba erantzuna sinplea baina gogorra da: gaur egungo hezkuntza ereduak bultzatu du, lehen hezkuntzatik unibertsitatera. Ikus dezagun zergatia.

1- Hego Euskal Herrian ikasi duen edozein ikaslek oso ondo daki Cádizko Konstituzioa zein urtetan sinatu zen, baita “La Pepa” izena ematen diotela. Ipar Euskal Herrian ikasi duen orok badaki Charles de Gaullen ondoren Georges Pompidou izan zela presidente. Baina nork daki zeintzuk izan diren bertsolari finalean parte hartu dutenak? Patxi Lopezek Axular aldarrikatzen zuenean ba al daki Nafarroa Garaian jaio eta Lapurdin hil zela? Eta zenbatek dakite Lopez bera ez dela izan berez PSOEko lehenengo lehendakaria (Ramon Rubialek antzeko postua izan baitzuen)?

2- Kazetaritza eredu bat bultzatu dute zeinetan copypastea den oinarria. Ikertu baino teletipoa kopiatu, hori da eredua. Teletipoa gaizki badago ere. Eta ordenagailuak hitz bat horrela esan beharrean bestela esan behar dela esaten badizu… kasu egiozu.

3- Biak batuta emaitza zein den ikusten dugu: kopiatu, ordenagailuak gaizki zuzendu, eta ezjakintasunagatik horrela utzi. Eta txarragoa oraindik, ez eman garrantzirik. Zer gertatuko litzateke Niñotas Hembrita beharrean Brus Esprinstin edo De Bitels idatziko balu? Kaleratzea, ziur nago. Baina euskaldunen inguruan denez…

Bologna bai! Boloniari ez!

Urteak dira Bologna idaztera ohitu naizela. Are eta gehiago, aspaldi IAko dokumentuak egin behar zirenean beti nuen borroka berbera: italieraz Bologna bada, zer dela eta aldatuko dugu guk eta Bolonia izendatu? Bada, Euskaltzaindiak ez du berdina uste eta orain hirien izenak zeintzuk diren arautu dute.

Eta bai, Bolonia esan behar omen da… keba… boloniari ez! Bolognari bai!

Gripea, Bologna, informazioa

Egun hauetan sekulako informazio pila jasotzen gabiltza txerri gripearen inguruan (zergatik ez urde-marranta?). Informazio honi esker badakigu non hasi zen, nola garatu den gaixotasuna, zein adin duen EEBBtan hildako lehenengoa, zertara joan zen Mexikora Gurutzetako ospitalean dagoen bizkaitarra, nola kutsatzen den… eta garrantzitsuena, H1N1 birusari aurre egiteko hegazti gripearentzat asmatu zen Tamiflu botikak balio duela ere esan digute. Era berean badakigu zer egin behar den ez kutsatzeko eta zeintzuk diren gomendioak.

Baina ez digute esaten urtero milioi bat hildakotik gora eragiten dituela gripe arruntak. 137.000 pertsona hiltzen dira Hepatitis Bak jota, 250.000 tuberkulosiak, 4.000 hildako egunero malariak, 438.000 hildako urtero diabetesak eta 1.369.000 minbiziak. Hauek ez dira, antza, berrietan agertzeko modukoak; eta hori malaria, adibidez, senda daitekeela.

Egun hauetan Carla Bruni eta bere senarra (informatiboetan emandako tarteagatik badirudi bisitan kantaria bakarrik egon dela) bisita ofizialean egon dira Espainian eta bere diseinatzailearen inguruan dena kontatu digute telebista espainiarretan. Non afaldu duten, zer, norekin eta nola aipatu digute. Informazio handia eman digutela esan daiteke.

Aldi berean Europako hezkuntza ministroak Leuwenen bildu dira Bologna Prozesua itxi eta aurrera begira pribatizazioan sakontzeko. Honen inguruan lerro bat ere ez. Informazioaren jendartean bizi garela diote, eta ez da horrela. Malaria sendatu daiteke, Bologna gelditu daiteke… eta horregatik da hobe txerri gripea eta Bruniren takoien inguruan kezka sortzea.