Hitzik ez
Ez da hitz gehiagorik behar.

Irakurle maitea, ni bezalakoa bazara ez duzu izango goiz esnatzeko ohiturarik, are eta gutxiago larunbata bada. Horregatik gaur Eibarren egun osoan zehar baina bereziki goizean egingo den Euskal Unibertsoaren inguruan publizitatea egiteak ez du zentzu handirik. Goiz esnatu bazara eta hau irakurtzen bazaude baliteke bertara joaten egotea, bestela beste planen bat baduzu eta ez zara agertuko.
Horregatik gaurkoan beste erreflexio bat egingo dut, Korrikarekin lotua hain zuzen ere. Ostegunean hasi zen Tuteran eta Gaur9 bukatuko da Gasteizen. Egun horietan milaka eta milaka, agian ehunka milaka herritarrek parte hartuko dugu Korrikan. Askok ere korrika egiten dugun aldi bakarrenetarikoak dira (besteak grisen aurretik, barkatu, polizia ezberdinen aurretik egitera ohituta gaude). Milaka eta milaka horien artean egongo dira ere instituzio-ordezkariak, noski. Eta instituzio-ordezkari horien artean egongo dira batzuk justo Korrika gehiago egin behar izatearen errudunak direnak.
Ez gaitezen engaina. Korrika egitea ez da jai bat, Korrikan korrika egitea egoera bati aurre egiteko diru-bilketa bat da. Eta egoera horrek erantzuleak baditu bi argi eta garbi markatu beharrean nago: UPN-PNV tandem erregionalista hain zuzen ere. Bi horien esku egon da 30 urte luzeotan euskalduntzea baita euskalduntzen ez duten ereduan desagertaraztea ere. Etorkinak A eredura bidaltzen dituzten horiek, PNVk adibidez, orain Ongi Etorri esango dute. Lotsagabeak. Doazela pikutara! Nire Korrikako korrikaldian ez dira, behintzat ongi etorriak! Beste guztiak bai, noski. Guztion artean, tipi-tapa, euskalduntzea lortuko dugu!
Gaur milaka euskal herritar EGA izeneko negozioaren lehenengo azterketa egiten egongo dira. Aldi berean hainbat filologia, zientzia politikoak, filosofia, antropologia edo soziologia ikasten duten hainbat ikaslek euren karrera desagertuko ote den kezkatuta egongo dira. Beste irakasle batzuek ere hainbeste urtetan Bolognaren onurak aipatu eta gero euren hitzak jan beharko dituzte eta euren lanpostuaren etorkizuna zein izango den ikusi. Karrera batzuetan bi lerro egon ordez guztia gazteleraz egingo ote den ere galdetu ahal diote beste hainbatek euren buruari.
Hezkuntza publikoa izan behar duela aldarrikatzen dut, atzo, gaur eta beti. Baina tradizio troskistatik datozen hainbat sindikalistentzat publikoa administrazioak kudeatuta esan nahi duen bitartean niretzat publiko hitzak herritarren eskubideak asebetetzen dituena esan nahi du. Eta hor dago guzti honen koxka. EGA administrazio publikoak egiten duen negozioa da, eta batek daki hortik nork aterako duen dirua. Eta Bolognaren kasuan EAEko administrazio publikoek erabaki dute, Goirizelaiaren konplizitatearekin, ekonomikoki errentagarri ez diren jakintza esparruak ezabatzea. Horren sinplea.
Publiko/pribatu eztabaida gainditu behar dugu. Guztiontzat den unibertsitate bat ez delako zertan gaur egungo administrazioaren esku egon behar. Euskal Unibertsitatea UPV, UPNA edo UPPA baino publikoagoa izango da, herriaren mesedetan egongo delako. Horren froga bi asteburu barru Euskal Unibertsoa ‘09an izango duzue. Bertan unibertsitate batek jendarteari proposamenak egin behar dizkiola ikusiko da. Eibarren duzu, beraz, hezkuntza eskubideekin zita.